Erbia, berriro mendian

Erbia berriro mendietan zabaldu da. Argazkia: Nuñez-Txantxangorri

Erbia, berriro mendian

Ia desagertzear egotetik Gipuzkoako ia mendi guztietara zabaltzera pasa da

Amaia Núñez Yarza

Erbiek beti izan dute animali iheskorren fama, baina Gipuzkoan ia desagertuak egon ziren XX. mendean. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ehiza Federazioak elkarlanean duten … proiektuari esker, berriro berreskuratzea lortu da.

Proiektu honetan ehiztariak dira erbien bidelagun, izan ere, beraiek arduratzen dira animalia hauen egokitzapenaz mendian igarotzen dituzten hasierako asteetan. Gipuzkoan zazpi gune daude, Hernio-Gazume, Aiako Harriak, Izarraitz, Beasain eta Irukurutzetan, besteak beste. Duela 30 urte hasi ziren eta urtero ehun erbi inguru askatzen dituzte, hamabost bat gune bakoitzean. «Foru Aldunditik proposatu ziguten elkartekoei parte hartzea. Esan ziguten itxitura egiten bagenuen erbiak ekarriko zituztela», gogoratzen du Eugeniok, Errezilgo Akerra elkarteko kideak. «Etorri ziren ikustera zein toki proposatzen genien. Hantxe jaiotzen da ura, garrantzitsua dena. Elkarteak egin zuen barrutia eta ordutik urtero-urtero ekartzen dituzte. Toki oso ona da».

Erbiak Altsasuko Larrasal granjatik eramaten dituzte. Proiektua martxan jarri zenetik bertakoak dira gipuzkoar mendietan askatu diren erbi guztiak. Araba eta Nafarroa iparraldean harrapatu ziren erbiekin atera zen arraza. Granjan ugaltzea lortu zen eta haien ondorengoak dira proiektuaren baitan mendietan daudenak.

1960ko hamarkadan ugaria bazen ere, hogei urtetan desagertzear egon zen erbia, ehizagatik batez ere, baita beste faktore batzuengatik ere. 80ko hamarkadan Aralarren eta Aizkorrin bakarrik geratzen ziren. Gipuzkoakoa erbi europarra da, belarrien goikaldean beltza eta isatsa ere beltza dutenak. Hiru hilabete inguru dituztela eramaten dituzte mendira, bertan askatu eta ugaltzeko. Ordurako ia bere luzera osoa hartuta dute jada eta gizentzen direnarekin hartzen dute tamaina. Lauzpabost urtez bizi daitezke eta lau kilo inguru pisatzen dute.

Errezilen bi kide arduratzen dira animali hauek zaintzeaz, Eugenio eta Inazio. «Aurten hemezortzi ekarri dituzte, sei har eta hamabi eme, eta ez da bat ere hilik agertu. Beste urteetan horrela izaten zen», dio. Lehenengo hamar egunetan barruti barruan mantentzen dituzte. Hor dute ura, jana eta ezkutalekua. Etxaldean pentsuarekin hazten dituztenez, mendian ere pentsua uzten diete denbora baterako, nahiz eta askatu baino lehen belarra jatera ohitzen dituzten.

Gutxienez aste eta erdi egoten dira barrutian, egoera berrira moldatu bitartean. Foru Aldundiko basozainak eta teknikariak noizean behin ikuskatzen dute eta ondo egokitu direla ikusten dutenean barrutia irekitzen dute, beraien kabuz atera daitezen. Aurten Eugeniori tokatu zitzaion eginkizuna. «Atea ireki nien eta beheko bi izkinetan zuloa egin nien azkarrago ateratzeko, baina ez zuten atera nahi. Oso gustora zeuden haiek, ezkutatzeko tokia nahikoa, pentsua nahikoa… Kosta zitzaien ateratzea», aipatzen du barrez. «Normalean ez zaie hainbeste kostatzen».

Dena den, aurtengo egokitzeaz pozik daude, denak ondo atera baitira aurrera. «Beste urte ba-tzuetan bat edo bi ager-tzen ziren hilik, baina aurten ez», azaltzen du. Iada denak aurkitu dute mendian bere bizigune berria eta barrutia hutsik dago. «Hortik ibiliko dira, Hernion, edo Gazumen, edo auskalo». Hala ere, noizbait itzuliko balira, pentsua bertan izango dute, utzi zuten zakukada agortzen den arte.

Erbiak urtean kumatze bat egiten dute, gehienez bi. «Hemen larre onak dituztenez normalean bitan ateratzen dute», azaltzen du. Hernio-Gazume ingurune zabala denez, hainbat menditara zabaltzen dira bertatik: Pagoeta aldera, Beasainera, Azpeitira zein Urrakira. «Oso gustora daude lekuarekin eta gustura ekartzen dituzte. Baina gehiegi ez dago ere. Basurdea edo orkatza bai».

Gainera, erbiek ez dituzte arazoak sortzen inguruetako soro eta baratzetan, «pikardiarik ez du egiten, basurdeak edo azeriak bezela. Mendian ibiltzen direnez, baratzetara ez dira sartzen». Basurdeak aldiz, belardiak altxatzen dituzte eta azeriak oiloren bat edo beste eraman izan die baserritarrei.

Proiektua martxan dagoen ingurunean ehiza debekatua dago. Horrez gain, urtean bi hilabetez ehizatu ditzakete erbiak, azaroan eta abenduan, beti ere, zehaztutako guneetatik kanpora. Talde bakoitzak hiru erbi ehizatu ditzake. «Gu zazpi inguru elkartzen gara eta normalean zapatuetan elkartzen gara, astegunetan ezin dugulako eta jaiegunetan familiarekin egoteko edo bestelako gauzetarako erabiltzen dugulako», dio Eugeniok.

Animalia azkarrak dira, iheskorrak eta beti ere ez dute kupoa betetzea lortzen. «Laguna ondotik pasatzen bada ere ez da mugitzen. Txakurrak usaindu egiten ditu eta sartu egiten zaie. Orduan mugitzen dira. Azkarra da», dio Eugeniok. Hiru erbi ehizatzen dituztenetan gainontzeko egunetan txakurrekin joaten dira mendira ibilaldia egitera, ehizerako gauzak etxean utzita. «Txakurrek gozatu dezaten». Ehizatu dituztenen artean inoiz ez dutela beraiek zaindutakorik hartu aitortzen du, horiek osasun betebehar guztiak dituztela ziurtatzen duen belarritakoa baitute. Horrela dakite ehizatutako guztiak askatutako haien ondorengoak izan direla.




 

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta