Berrobitik Beotibar aldera
Belauntzako auzo honetaraino ibilbide erraza egin daiteke herrigunetik
Berrobi eta Belauntza antzina elkartzen zituen bide askoetako bat da egingo duguna. Oraingoan, Belauntzako Beotibar ingurura eramango gaitu, duela zortziehun urte gudu ospetsua gertatu zen paraje aldera.
San Andres elizaren ondotik aterako gara eta espaloitik, Ibarra aldera jaisten hasiko gara, ezkerretik. Anbulategi berriaren ondoren dauden etxeak pasa eta segituan eskubira, goruntz doan errepidetik jarraituko dugu.
Hasieran bidea nahiko laua izango da, eta Teileri baserria igaro ondoren, aldapan handitzen joango da, Arkaitza landetxera iritsi arte. Metro batzuk gehiago egingo dugu aldapan gora, eta altuera hartu ondoren, bidea ia laua bihurtuko da.
Hogei minutu inguruko ibilaldia daramagunean ezkerretara baserri batekin topo egingo dugu. Bertan mendi bide bat ateratzen da ezkerretara, beheruntz, eta bertatik jarraituko dugu. Ordu laurden inguruko jaitsieraren ondoren, Baotibar poligonora eta izen bereko auzora iritsiko gara. Itzulera bide beretik egingo dugu. Luzatu nahi badugu, errepide nagusia gurutzatu eta ibaiaren beste aldean
Iraupena: 35 min.
Zailtasuna: erraza
Desnibela: 21 m.
Distantzia: 1,4 km.
Irteera: Berrobi
Inguruan
Berrobi
Herriaren sorrera antzinakoa bada ere, lehen dokumentuak 1375ekoak dira, Tolosaren parte izatera igaro zenean. Mugak mantendu bazituen ere, autoritzate zibila Tolosan zegoen, eta honek segurtasuna ematen zion Nafarroako mugan gertatzen ziren gaizkileen erasoei aurre egiteko. Tolosatik banaketa 1845 urtean lortu zuen. Herrigunean oraindik beren historia mantentzen duten eraikinak daude, besteak beste udaletxea, Iriarte, Arbide, Muñagorri edota Berastegirako bidean, Lapatza jauregia.
San Andres eliza
Herrigunearen erdian, udaletxearen parean, dago kokatuta San Andres eliza. Gaur egungo itxura XVI. mendean egindako eraberritzearen ondorioa da. Hala ere, arkupean oraindik ater erromanikoa gordetzen du, bost arkibolta eta hauts-babesarekin. Eliza eraikitzeko lanek 30 urte iraun zuten, harginen arteko gatazkak medio. Kanpai-dorrea beranduago egin zen, hori dela eta, estilo barrokoa du, eraikin nagusitik bereizten duena.
San Jose lorak
Martxoko lore protagonista da, izan ere, San Jose egunaren bueltan loratu ohi dira. Primula familiako loreetako bat da, gazteleraz, primavera ere deitzen zaie. Argitasuna duten inguru hezeetan ateratzen dira. Loreak hosto ertzeetatik ateratzen dira. Kolore hori zurbila dute, eta erdialdean horia biziagoa da. Bioletaren antzera, nahiko usaintsuak dira.
Bioleta basatiak
Landare txiki belarkarak dira bioleta basatiak (Bioleta odorata). Izena ematen dien koloreko lorea dute, zuria ere izan daiteke, eta bihotz formako hosto eta usain gozoagatik ezagutzen dira. Baso inguruetako gune heze eta itzaltsuetan hazten dira. Udaberriaren iragarle izan ohi dira, negu amaieran loratzen baitira. Lurringintzan eta gozogintzan erabiltzen da, perfumeak eta gozokiak egiteko.
|
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |










