Belauntza Cup, udako futbol txapelketa erraldoia
Astebetez Belauntza Cup-ek futbolaren hiriburu bihurtuko du herria Munich-ko Oktoberfesterako bidaia lortzeko
Datorren uztailaren 22tik 27ra Belauntza herri mailako futbolaren hiriburu bihurtuko da eskualdeko txapelketa handiena izan nahi duenarekin. Zazpi egunez 21 talde lehiatuko dira herriko futbol zelaian sari potoloena lortzeko: asteburuko egonaldia talde guztiarentzako Munich-ko Oktoberfest ospetsuan.
Belauntzako futbol zelaian jokatuko da, urte guztian zaintzen den belar naturalekoa. Belarra egoera onenean mantentzeko eta finalerako ere egoera onean egoteko hogeita bat taldeko muga jarri dute antolatzaileek. Hamasei urtetik gorako taldeek parte hartu ahal izango dute, bakoitza gehienez hamar kidez osatutakoa, bederatzi jokalari eta entrenatzaile bat. Jokoan, bost jokalari gehi atezaina egongo dira.
Txapelketako sari nagusia Munich-ko Oktoberfesterako bidaia izango da talde guztiarentzako; baina aste guztian zehar beste hainbat sari eskuratu ahal izango dituzte, bai parte hartzaileek baita ikusleek ere, egingo diren zozketen bitartez. Belauntza Cup-eko materiala, Ostatuan otorduak, eta abar lortu ahal izango dira.
Txapelketako izena emateak datorren ekainaren 27an irekiko dira, astebetez, www.belauntzacup.com helbidean. Hogetabat talde baino gehiagok izena ematen badute, zozketa bidez erabakiko dira parte hartzaileak.
Partidak uztailaren 22an hasiko dira eta egunero jokatuko dira arratsaldeko 15:00etatik 21:00etara. Hogei minutuko bi zatiz osatutako partiduak izango dira. Aurretik hamar minutuko beroketarako denbora edukiko dute jokalariek, eta bost minutuko atsedenaldia tartean. Ezingo da berdinketarik egon, eta hala gertatuz gero, penalti-jaurtiketarekin erabakiko da partidako irabazlea.
Igandean finala arratsaldeko 18:30ean jokatuko da. Finala jai handia izatea aurreikusten dute eta kontzertuak eta Perurenaren food-truck-a egongo dira bertan.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.