Elano urdina, gureganatzen ari den bisitari afrikarra
Azken hamarkadan Gipuzkoako hainbat herritan ikusia izan da hegaztia
Elano urdina (Elanus caeruleus) hegazti harrapari bat da. Txikia, belatz gorri baten tamainakoa. Orokorrean, hegazti harrapariak dotoreak izaten badira, hau apartekoa da, zoragarria.
Buru zuria, begi gorri ikusgarriak, dirdiratsuak. Arreta beregana-tzen duten horietakoak. Begi ondoetan antifaz modukoak ditu. Azpi aldetik zuria, goiko aldetik grisa, sorbalda eta hego punta beltzekin. Buztan nahiko laburra. Geldirik dagoenean pottoko itxura hartzen du.
Normalean, zutabe, kable edo zuhaitz puntetan geldirik ikusten da, zelatan jarrita, ehizean. Belatz gorrien moduan airean geldirik mantentzeko gaitasuna du ehizatzen ari den bitartean. Karraskariak ditu gustuko, xagu, satagin eta antzerakoak, bestelakoak ere jaten dituen arren. Leku irekiak ditu atsegin, landazabala eta zereal landak esaterako. Bertan ehizatzen du. Habia zuhaitzean egiten du.
Artikuluaren izenburuan, bisitari afrikarra bezala aurkeztu dut. Bai, jatorri afrikarra du. Baita Asia hegoaldekoa ere. Extremadura aldera egin zuen salto Gibraltarko itsasartea igaro ondoren.
Garai haietan, Extremadura inguruan ‘dehesak’ sortu ziren, baso irekiak. Hau da, basoak eraldatu egin zituzten bertan ganadua ibil zedin. Habitat ezin hobea gure bisitariarentzako. Bertan gotortu zen eta populazio nahiko handia osatu zuen. Handik aurrera Europa alderako jauzia egiten hasi zen.
Gaur egun penintsularen mendebaldea okupatu du eta Frantzia hegoaldea ere bai besteak beste. 80eko hamarkadan Iparraldea kolonizatu zuen eta bertan kumatzen hasi zen. Handik zabaltzen joan da bai gorantz, bai beherantz.
Nafarroan bisitari modura azaltzen da tarteka. Baldorba inguruak gustuko ditu, Arguedas eta Zolinako urtegiaren antzera. Araban, bi lekutan behintzat kumatu du, Lautada eta Zigoitia inguruetan. Bizkaian, ustez, aurten kumatu du (2026) Urdaibai inguruan.
Gipuzkoari dagokionez, dakigula, oraindik ez du kumatu baina bisitari modura dezentetan etorri zaigu azken hamarkada honetan. Bertan egonaldiak egiten dituzte ale bakartiek. Kasu batzuetan negu osoa bertan igarotzea ailegatu dira. Normalean gazteak izaten dira eta denboraldi bat pasatu ondoren desagertu egiten dira. Aipagarri modura, 2021ean Seguran, zauritutako ale bat jaso genuen. Zehazki, tirokatua.Arrano etxean sendatu ondoren askatua izan zen.
Lehen esan bezala Gipuzkoarako aipu dezente ditugu azken urte hauetan. Ze urte eta herrietan ikusia izan den mapan zehaztuta dago. Seguruenik gehiagoetan ibiliko zen gurean baina hauek dira erregistratuta dauden urte eta lekuak.
Ikusten den bezala, leku askotan ikusia izan da gure bisitari afrikarra. Lurralde osoan barrena gainera. Bai iparralde, hegoalde, Mendebalde eta Ekialdean.
Badirudi gustukoa duela gure landazabala. Ea bisita hauek luzatzen diren eta egoiliar moduan izaten dugun gure artean harrapari begi gorri ikusgarri hau. Hau da, ea habia egin eta kumatzea lortzen duen. Albiste ona litzateke.
Horretarako besteak beste, landazabala mantendu behar dugu elikatu ahal izateko eta beste gauza bat oso garrantzitsua: bakean utzi. Azken hau nahiko zaila gure lurraldean.
Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.
|
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |




