Unai Etxeberria: «Ikusi eta ikusi, zerbait egiteko ordua iritsi da»

Unai etxeberria bere kotxearekin

Unai Etxeberria: «Ikusi eta ikusi, zerbait egiteko ordua iritsi da»

Unai Etxeberriak txikitatik jarraitu ditu auto lasterketak, eta 19 urterekin bere lehenengo parte hartzea hasi du mendiko igoeratan

Agurtzane Núñez Yarza

Auto lasterketen ikusle izatetik, sei hilabete eskasean pilotu izatera igaro da Unai Etxeberria. Hemeretzi urterekin, inoiz ez zuen pentsatu lasterketatan parte hartzaile izango zenik, baina kasualitateak elkartu eta joan zen martxoaren 21ean bere lehenengo proban parte hartu zuen, Aiako igoeran.

Eta, egia esan, ez zuen batere gaizki egin, bere kategorian, zortzigarrenean, 3. postuan bukatu baitzuen lehenengo parte hartzea. «Oso esperientzia ona izan zen. Eguraldi ona egin zuen, denontzat ona izan zena», gogoratzen du. Bere lehenengo lasterketa izanik, gogotsu joan zen kotxea nola zebilen probatzera: «Lehenengo mangan, entrenamenduan, kotxea probatzera joan ginen, ea erruedak nola eusten zuten, karretera nola zegoen, eta denbora nahiko motela izan zen. Bigarren entrenamenduan autoaren mugak probatu nahi izan nituen, oso gustora geratu nintzen».

Hala ere, lehenengo lasterketa ofizialean, «martxekin kale egin nuen eta azkenean denbora txarrena egin nuen. Azkenekoan, bukatzera joan ginen, dena ondo atera zen, erruedek ondo erantzun zuten, errepidea oso garbia zegoen eta nire denborarik onena egin nuen», bere aukari zuzena zen Ford Sierrari dezimengatik irabazita, dio.

Etxeberriak joan zen urrian erosi zuen autoa eta urte erdi bakarrik izan du pilotu izateko prestatzeko. «Aurretik bakarrik lasterketak ikusi egiten nituen. Baina aukera sortu zitzaigun erosteko eta esan genuen ‘aurrera. Hainbeste urte eta gero, ikusi eta ikusi, egin beharko dugu zer edo zer’», gogoratzen du. Beren Opel Corsaren aurreko jabea ezagutzen zuten eta lasterketa batera bidean topo eginda, broma antzera hasi zen hizketaldia Unai pilotu bihurtua bukatu da.

Hilabete hauetan, autoa zirkuituetan probatzeko aukera izan du, ezin baita horrelako auto batekin errepidean ibili. «Lehenengo entrenamendua Olaberrian egon zen Motorshowan egin nuen, eta inauterietan Burgosko Kotarr zirkuituan egon ginen», dio. Ordutik autoa gidatu gabe zegoen.

Bere kategoriako lasterketak kopilotu gabe dira, bakoitzak bakarrik osatu behar du ibilbidea. Horregatik, lasterketa baino lehen, «auto normalarekin joaten gara zirkuitua ikustera, eta trazatua ikasten saiatzen gara», dio.

Etxekoen laguntza

Autoak hainbat lasterketatan parte hartu du jada, baina Unai Etxeberriak bere gustura jartzeko aldaketa gutxi batzuk egin dizkio, probatarako ahalik eta hobekien prestatzeko. Normala den bezala, «autoa hutsik dago barrutik, ahalik eta pisu gutxien izateko. Ez diot askorik aldatu, silentblock-ak, eta balaztak hobeto frena dezaten tenkagailuak aldatu dizkiot», nabarmentzen du. Gainera, bere gustuko itxura eman dio kolore berriekin.




Lan guztia berak egin du, etxekoen laguntzarekin. «Lagunek eta familiak lagundu didate, eta babesleek ere bai. Neolinek autoaren karrozeriarekin lagundu dit, Zubeldia rentek lasterketetara joateko beharrezkoa uzten dit, EVS motosportek arropa eta materiala lortzen lagundu dit eta rotulazioa Alt graphic’s-ek egin dit», dio.

Etxean urduri eta pozik bizi izan dute azken hilabeteetako lana. «Aita hasieratik tartean zegoen. Betidanik gustatu izan zaizkio lasterketak, ilusio asko egiten dio eta asko lagundu dit. Ama hasieran ez zegoen oso gustura, baina orain animatzen nau».

Bera ere pozik dago emandako pausuarekin. «Gogotsu nago. Betidanik bizi izan dut hau, inoiz ez duzu pentsatzen lasterketa batean aterako zarela, baina dena daukazula ikusten duzunean, pozik nago».

Alea erosi

Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia