Ametz Mendizabal: «Garrantzitsuena etxera osorik bueltatzea da»
Lagunartean ondo pasatzeko hasi zen Ametz Mendizabal auto-lasterketatan; aurten Euskal Herriko Mendi Igoerako 8. multzoko txapeldun izan da
Gaztetatik auto-lasterketen jarraitzaile izanda, Ametz Mendizabal Otañok duela 18 urte lasterketa batean pilotu izateko aukera izan zuen lehenengoz. Ordutik, barrutik bizitzen ditu lasterketak. Aurten, denboraldiaren hasiera onari jarraituz, saiatu eta Euskal Herriko Mendi Igoerako 8. multzoko txapeldun izatea lortu du.
-Nolatan hasi zinen auto-lasterketen munduan?
-Gaztetatik lasterketa asko ikusia naiz errepide albotik eta betidanik gustoko izan dudan kirola da. Lehenengo parte hartzea 2007ko irailean izan nuen Zizurkilgo slalomean, Citroen Ax batekin. 2012-2013-2014 denboraldietan mendi igoeratan eta rally sprinetan ibili nintzen AX GT batekin. 2014an Citroen Saxo VTS bat montatzea erabaki nuen eta gaur egun auto honekin jarraitzen dut.
-Zein modalitatetan parte hartzen duzu?
– Euskal Herriko Mendi Igoerako Txapelketan parte hartzen dut. Hamar auto-multzo daude, multzo bakoitza orekatuak egon daitezen. Nik Citroen Saxo 16v batekin parte hartzen dut 8. multzoan. Auto guztiak lasterketakoak dira eta segurtasun-araudi zehatz bat bete behar dugu. Guztiok iraulketen aurkako barrak, su-itzalgailuak, arnesak, baketak… eramatera behartuta gaude, baita suaren aurkako jantzia, kaskoa eta hans lepo babeslea ere.
-Zer sentitzen da auto barruan abiadura bizian zoazenean?
-Sentsazio oso kontrajarriak sentitzen dituzu momentu horietan: tentsioa, poza, beldurra, kezka… Sekula ez dakizu ziur helmugara iristea lortuko duzun edo ez. Edo aberiaren bat, istripuren bat izango duzun…
-Zein abiaduran gidatzen duzue? mugarik baduzue?
-Abiaura autoaren araberakoa da, ez dago mugarik. Helburua irteeratik helmugara ahalik eta azkarren iristea da. Badira auto batzuk monoplaza izenekoak 200 kilometro ordutik gora hartu dezaete. Ehun kilometro orduko batazbestekoak edozein errepidetan lor ditzakegu. Nik, adibidez, Jaizkibelgo tramoan 150 kilometro ordutik gorakoak hartzen ditut.
-Zenbat autok parte hartzen duzue?
-Normalean 60 edo 70 auto artean aritzen gara, baina badira kasuak ehun autotara iristen garenak.
-Aurten 8. mailako Euskal Herriko txapeldun izan zara.
-Bai, Euskal Herriko txapeldun geratu naiz 8. multzoan eta sailkapen orokorrean 6. postua lortu dut. Mendi igoerako egutegian sei lasterketa eduki ditugu: Aian, Gorlan, San Kosmen, Diman, Jaizkibelen eta Urrakin; horietatik bostetan parte hartu dut, lau garaipen lortuz.
-Aurretik beste garaipenen bat lortua zenuen?
-Bai. 2008 eta 2009 urteetan Slalom modalitatean parte hartu nuen eta Gipuzkoako txapeldun izan nintzen junior mailan, eta nire multzoko garaile. 2012an, Euskal Herriko mailan bigarren postua lortu nuen.
-Denboraldi hasieran pentsatzen zenuen irabazle izango zinela?
-Ez, gure helburua egunaz disfrutatu eta lagunarte on bat pasatzea izaten da, baina aurten aukerak nituela ikusita saiakera bat egitea erabaki dugu.
-Zer da lasterketa hauetan garrantzitsuena?
-Helburua irteeratik helmugara ahalik eta denbora gutxienean iristea da. Horretarako bidea buruz oso ondo ikasi behar da, kopilotorik gabe ibiltzen bait gara. Garrantzitsuena etxera osorik bueltatzea izaten da.
-Nola izaten da lasterketa egun bat?
-Lasterketaren aurretik autoak segurtasun kontrol bat pasatzen du, guztia egunean dagoela ziurtatzeko. Ondoren, hiru erlojupeko izaten dira, entrenamentu ofizial bat eta bi erlojupeko ofizial. Tartean 15-20 minutu izaten ditugu kotxea puntuan jartzeko eta errebisio azkar bat emateko. Irteeratik helmugara azkarren iristen dena da garaile, horregatik, esan bezela, bidea oso ondo jakin behar da.
-Zuek konpontzen dituzue zuen autoak, orduan?
-Bai, taldeari zein babesleei esker. Babesle moduan Zabala desguazeak asko laguntzen dit, baina gainontzeko taldekideek ere bai. Hurrengo urterako babesle berririk balego ongi etorria beti! Guztira zazpi pilotu gaude eta denon artean aurrera ateratzen ditut proiektu ezberdinak. Beti gaude kotxearen hobekuntza eta fiabilitatea lantzen dena berrikusiz, lasterketa egunean disfrutatu ahal izateko. Mekanika ez dakienak psikologo lanak egiten ditu eta hori ere eskertzekoa da momentu on eta txarretan. Azkenean familia bat osatzen dugu denon artean.
-Datorren denboraldirako aurreikuspenik baduzue?
-Momentuz autoa berrikusi eta dena punttuan uztea tokatzen da. Mendi igoerak martxo aldera hasiko dira Aiako igoerarekin eta espero dugu bertan egotea.
Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.
|
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |




