Urkia auzoan barrena

Urkia auzoak Aralar Mendilerroko ikuspegi paregabea eskaintzen du

Urkia auzoan barrena

Mendi kaxko batean kokatuta dago Itsasondoko auzo hau

Ibilbide aldapatsua izanik ere, Urkia auzoak ikuspegi paregabea eskaintze die plazaraino iristen direnei. Ibilbidea Legorretako Beroztegi auzoan hasiko dugu, bailara barrura doan errepidea jarraituz. Zubin erreka ondotik joango gara uneoro. Kilometro pasatxo egingo dugu errepidetik, ordu laurden inguru eta ezkerretara Urkia auzora igotzen den porlanezko bidea hartuko dugu.

Hasieran Lasarte etxeraino aldapa goran egingo ditugu 400 metro. Gero aldapak beheraka jarraituko du eta segidan hiru kilometroko igoera hasiko da, zati batzuetan nahiko maldatsua dena. Denbora guztian bide edo errepide nagusitik jarraituko dugu. Ordubete inguru daramagunean, ezkerretara bide maldatsu bat ikusiko dugu, baina albo batera utzi eta goazen bidean aurrera egin beharko dugu. Porlanezko bidea Urkiako plaza inguruan amaitzen da. Ibilbidea luzatu nahi badugu, Murumendira ere igotzeko aukera dugu bertatik.

Distantzia: 4,2 km
Zailtasuna:
Hasiera: Beroztegi auzoa, Legorreta
Denbora: 1 ordu 25 minutu

Urkiako Santa Kruz ermita

Urkia Itsasondoko auzoetako bat da, baserri sakabanatuez osatua. Auzoa zeharkatzen duen errepidea Urkiako plazan amaitzen da, mendi kaxko batean. Bertan daude Santa Kruz ermita eta Gurutze Aurre baserria. Ermitak albo batean frontoia dauka eta, bestean, elkartea. Baselizako erretaula polikromatua dago, Zeberioko Juan Asentsiok egin zuen 1750ean. Erdigunean Kristoa du eta alboetan San Gregorioren eta San Silbestreren baxuerliebeak. Festak ospatzen dira maiatzaren 3an eta irailaren 14an.

Itsasondo

Gipuzkoa zeharkatzen zuen Errege Bidearen ondoan kokatzen da Itsasondoko herrigunea. Hala ere, Murumendi mendiaren maldan ere baserri eta etxe ugari aurkitzen dira sakabanatuta. Itsasondo etxe-multzoa Ordiziara batu zen 1399an. ‘Unión de Villafranca’ delakoan 1615era arte egon zen, hiribildu titulua erosi zuenean Errege Ogasunari 25.025 erreal ordainduta. Garai hartan 500 biztanle inguru izango zituen. Herriaren izena Koldo Mitxelenaren arabera ‘isats’ edo ‘itsa(t)s’ hitzetik dator, gaztelaniaz ‘retama’, eta ‘fondo’ edo ‘hondo’ atzizkiarekin, oinarria edo enborra adierazten duen hitz erromantzea, ingurune horretan landare hori ugaria izango zenaren seinale.

Santa Marina ermita

Legorretako lurretan, Itsasondoko mugakide den Berostegi auzoan dago kokatuta Santa Marina baseliza. Eraikinak oinplano angeluzuzena eta trapezoide formako absidea ditu. Fatxada, baoak eta gainontzeko murruen izkinak harlanduz eginak daude eta gainontzekoa luzitutako harlangaitza du. Fatxada bereizgarria du, arku karpaneldun bao baten irekitzen den atari txiki batekin. Gainean ateburudun leiho bat du eta goikaldean harrizko kanpai-horma. Rokoko estiloko erretaula polikromatua dago, Felipe de Azurmendik egina, Santa Marina dragoi baten gainean irudikatzen duena. Hormetan Koruko Ama Birginaren eta San Agustinen margoak daude. Baseliza Infanteko Dukearen jabetzakoa da eta 80. hamarkada amaieratik ez da kulturik ospatu bertan.

Pagadiak

Naturguneek duten garrantzia balioan jarri eta sustatzeko bertako basoak erreserba mikologiko izendatu zituen Itsasondoko Udalak. Pagadi hauetan adin guztietako zuhaitzak egotea garrantzitsua da, baita hildako egurra, basoetako biodibertsitatea mantentzeko. Izan ere, basoak zuhaitzek, landareek, animaliek eta onddoek osatzen duten ekosistemak dira. Ingurune horren kontserbazio lanen baitan, sagusarrentzako babes-kutxak ere jarri zituzten.

Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia