Flyscharen atalaia paregabea
Debako Santa Katalina ermitak gipuzkoar kostaldeaz eta itsaso zabalaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen digu
Mendi gailurrean mundumira zoragarriak badira, baina kostaldean ere itsasoaren handitasunaz gozatzeko toki paregabeak aurkitu daitezke. Horietako bat da Debako Santa Katalina ermitak eskaintzen duen atalaia paregabea, Gipuzkoako flysch-a alderik alde bistaratuz.
Ibilbidea Debako tren geltokian hasiko dugu, errepide nagusitik Mutriku alderantz joz. Segituan, Anguleru kaletik barrera joango gara. Bukaeran, Astillero kalera iritsi era ezkerretik jarraituko dugu, eta metro gutxira eskuineratz, Agirretxe kalean gora seguko dugu. Bertatik, San Roke ermitarako bidea hartuko dugu, bihurgunez osatutako kaleetan barrena beti goruntz joanez, Itziarrerako bidetik.
Luzaro ikastetxera iritsitakoan, eraikina ezkerrerara utzi eta ermitarako aldaparen azken txanpari ekingo diogu.
Hogei bat minuturen buruan iritsiko gara San Roke baselizara. Errepidearen beste aldean, ezkerrera doan mendi-bidetik jarraituko dugu bidea. Hasiera aldapatsuaren ondoren, zati nahiko laua eta desnibel gutxikoa izango da aurrerantzean.
Ordu laurden inguru geroago bidea errepide batean bukatuko da. Ezkerrerantz jarraituko dugu, Iparragirre eta Etxeberri baserrien artetik igaroz. Bigarren baserria pasatakoan, segituan ikusiko dugu Santa Katalina baselizara doan mendi-bidea ezkerraldean. Azken aldapatxoa igota, metro gutxira izango dugu ermita.
- Iraupena: 45 min.
- Zailtasuna: ertaina
- Desnibela: 185 m.
- Distantzia: 2,1 km.
- Irteera: Debako tren geltokia
Inguruan
Deba
Milaka urte dira lehenengo biztanleak Debako kostaldean bizitzen jarri zirenetik. Bertan dago milaka urteetako giza aztarnak azalerazi dituen Prailehaitz koba, baina Erromatar garaiko aipamenak ere badira. Itziarko herri gunea izan zen historian lehena, Monte Real de Iciar izenarekin, 1294an. eta 1343ean sortu zen Monreal de Deva. Arrantza eta nekazaritza zuten ogibide, bereziki balearen ehizarekin, baina burdinolak ere baziren, burdina industriaren hastapenekin batera. Azken mendean, itsasoko ur-bainuen ospeak turismoaren zabalpena ekarri zuen.
San Roke ermita
Debatik Itziarrera joateko bidearen hasieran dago San Roke baseliza. XVII. mendearen hasierakoak dira bere lehen aipamenak. Aldapa betean aurkitzen da eta desnibelari aurre egiteko harrizko eskilara multzoa du aurrekaldean. Gainera, deigarria eta bereizgarria da egurrezko arkupea. Santua da Debako zaindaria eta bere egunean, abuztuaren 16an, ohitura da santuaren irudia prozesioan eramatea, eta mezaren ondoren, eskudantza dantzatzen da. Maiatzeko hirugarren igandean ospatzen den Debarren Egunean ere meza eskaintzen da bertan.
.
Santa Katalina baseliza
Egungo ermita joan den mendean egindako eraberritze lanen emaitza da, nahiz eta XIX. mendean guztiz eraberritua izan zen estilo neogotikoan. Bere kokapen estrategikoak, itsasoko haize bortitzen menpean, ez du laguntzen bere egoera mantentzen. Baselizaren lehen aipamenak 1539 urtekoak dira, lehenago ere eraikia egongo zelarik. Bere inguruan egindako indusketek hilarri bat eta Erdi Aroko zeramika zatiak azalerazi zituzten, baina ez zen lortu jakitea inguruko herrixkaren baten parrokia zen. Itsasgizonen zaindaria da Santa Katalina eta bere egunean, azaroaren 25ean hasten zen garai batean neguko ka paina. Gaur egun San Juan egunean erromeria egiten da urtero.
Euskal kostaldeko flysch-a
Deba Euskal Kostaldeko Geoparkearen erdian aurkitzen da, Zumaiatik hasi eta Ondarroaraino doan flysch-ean. Santa Katalina begiralekutik kostalde osoa ikusi dezakegu, milaka urtetako historia geologikoa begibistan azaleratuz. Itsaslabarretako harkaitzetan markatuta geratu dira 60 milioi urteko historia, dinosauroen desagerpetik jada desagertutako itsasoko espezieetara.
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |