Alaitz Imaz: «Segako aurtengo prestakuntza erreminta prestatzea izan da»

Alaitz Imaz Europako sega txapelketan. Argazkia: Alaitz Imaz

Alaitz Imaz: «Segako aurtengo prestakuntza erreminta prestatzea izan da»

Alaitz Imazek bigarren postua lortu du Alemanian jokatu den Europako banakako sega txapelketan

Agurtzane Núñez Yarza

Euskal tradizioek parekorik ez dutela dirudien arren, badira euskal herri kirolen parekoak egiten dituzten europar herrialdeak ere. Bi urtez behin Europako banakako sega txapelketak jokatzen dira eta aurten emaitza ezin hobeak lortu dituzte Almitza elkarteko kideek. Bavarian, Alemanian, ospatu den txapelketan Alaitz Imazek bigarren postua lortu du helduen mailan, eta 14-18 urteko mailan beste hiru domina lortu dituzte: nesketan Izadi Arrospidek garaipena lortu zuen, Inge Goikoetxea hirugarren izan zen eta mutiletan Manex Olaiz hirugarren izan zen.

«Maila berria zen txapelketan, baina fuerte sartu gara», dio pozik Imazek, bereaz gain euskal selekzioa osatzen zuten taldekideek lortutako emaitzak gogoratuz. Izan ere, hamarkadak igaro dira euskaldunek Europako txapelketan garaipenik lortu gabe. «Izaskun Larrartek 1999an irabazi zuen eta gizonezkoetan ere lortu izan dira postu onak, baina Europan sega maila altua dago eta esperantza handirik gabe joan izan gara azken urteetan», onartzen du Alaitz Imazek.

Maila altuaz gain, europar sega modalitatea azkartasunekoa da, «tek-nikoagoa», dio, «gurea iraupenekoa da, ordu erdi edo ordu beteko lana da eta gero pisatu egiten da. Han emakumezkoetan minutu bat eta gizonezkoetan bi minutu eta erdi edo hiru minutuko lana izaten da, eta gero epaileak pasatzen dira. Txukuntasunaren arabera penalizazioak eransten dizkiote denborari». Hau da, denbora gutxien egiten duenak irabazten du. Txukuntasuna baloratzerakoan «belazea dena berdin geratu behar da, berdin dio altuera, baino luzeagorik edo koskarik gabe», azaltzen du.

Berak aurreko egunean txukunen egiten saiatzea erabaki zuen. «Bezperan herrialde guztietako epaileak elkartzen dira eta belaze itsusienak kanporatzen dituzte. Ni ere bilera horretan nengoen eta oso belar zaila zegoen. Erabaki nuen ez nintzela denbora egitera joango, baizik eta ahalik eta txukunen moztera».

Bukatutakoan, «lehenengo hamarren artean sartuko nintzen pentsatu nuen. Txanda bakoitzean herrialde bakoitzeko segalari bat aritzen gara, eta bost txanda dira emakumezkoetan. Nirean egindakoa banekien, baina besteetakoa ez. Gainera, denboraren karta ez neukan nire alde». Azkenean, bigarren postua lortu zuen hogeita hamarretik gora emakumeren artean.

Europako zortzi herrialde

Txapelketan zortzi herrialdeetako segalariek hartu zuten parte, Euskal Herriko Almitzako ordezkariez gain, Alemaniako, Suitzako, Austriako, Hego Tiroleko Eslobeniako, Txekiako eta Eslobakiako kirolariak zeuden. Lehenengo sei herrialdeak sega txapelketako antolakuntzako kideak dira, eta beste biak gonbidatuak. Antolatzaileetatik hamar gizonek, bost emakumek eta maila bakoitzeko hiru neska-mutil sailkatzen dira herrialde bakoitzeko txapelketatan.

Duela 29 urte Almitza sega elkartea sortu zenetik ia hasi ziren antolatzen Euskal Herriko sega txapelketa eta urte batzuk beranduago hasi ziren Europako gainerako herrialdeekin txapelketa kontinentala antolatzen.

Imaz hamazazpi urterekin hasi zen segan. «Etxean beti ikusi nuen, aitona sega jartzen aritzen zen herriko eta inguruko herrietako jendeari, baina ez nuen etxean ikasi. Joxe Gabirondo erakusten hasi zela eta gustatuko zitzaidala esan zidan batek. Lotsa ematen zidan eta lehenengo egunean lagun batek lagundu zidan, baina ordutik astebururo entrenatzen genuen», gogoratzen du. «Orain Gaztelun sega-eskola sortu dute, txapelketak antolatzen dituzte eta segarako belaze finkoa daukate, baina ni hasi nintzenean astebururo toki batera eramaten zigun Joxek, belaze bila ibiltzen zen, behin moztutakoan belarra berriro hazi arte denbora behar delako».

Berak orain etxean entrenatzen du. «Belaze bat segarako utzita daukat eta bi behorrei jaten ematekoa egiten det. Hala ere, aurten segan entrenatu baino, sega pikatzean eta arraiztean hobetzen saiatu naiz. Niri egitea gustatzen zait, oso maniatika naiz horretarako».

Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia