Txindokiren magalean, Zazpiturrira
Aralarko atarian, Txindokiko txoko ezkutuenetako batean murgilduko gara
Amezketako Ieraregibizkar errotan dagoen Pello Zabala gunetik aterako gara, Zazpiturri erreka herrira iristen den puntutik. Aldapan gora abiatuko gara errepidetik, eskubiko bidea alde baterautziz.
Lehenengo minutuetan desnibel handiko aldapa igoko dugu, ondoren zertxobait leunduko dena. Ordu laurden inguruko ibilbiea daramagunean, bihurgune batera iritsiko gara. Gorantz jarraituko dugu, eta hurrengo bihurgunean, aldapa leuntzen joango da.
Minutu gutxitan errepidearen ezkerraldean egurrezko langa bat ikusiko dugu. Gurutzatu eta mendi bide behera joango gara. Kontuz ibili beharreko zatia da,batez ere aurreko egunetan euria egin badu, nahiko lokatza egon daitekelako.
Aldaparen erdialdera, beste langa bat gurutzatuko dugu. Laster ikusiko dugu Zazpiturri erreka,eta minutu gutxitan gainetik zeharkatuko dugu zubi bat igaroz. Aurrera egingo dugu eta metro batzuetara gorantz eta eskubirantz igotzen den mendi-bidea jarraituiko dugu.
Aldapa igo eta ezkerretara joko dugu, beste langa bat gurutzatuz.
Segituan baserri batera iritsiko gara, eta eskuinean ikusiko dugu hurrengo langa. Aldapan gora igoko gara eta laster berriro ere errekarekin topatuko gara. Metro batzuk aurrerago,ezkerretara igotzen den aldapatik abiatuko gara. Desnibel handikoa izango da ibilbidearen azken zatia, baina bost minutu inguruan ur-kanalarekin topatuko gara. Azpitik pasa eta metro batzuk aurrerako aurkituko dugu ibilbidearen amaiera Txindokiko harkaitzen azpian.
Jaitsiera ibilbidea beretik egingo dugu. Jaisterakoan Zazpiturri errekaren iturburua eta ur-jauzietako bat ikus ditzakegu. Lehenengora, kanalaren azpitik berriro igaro eta ia segituan eskubitara dagoen bidetik iritsiko gara. Bigarrena, berriro bide nagusira bueltatu eta metro batzuk beherago eskubirantz dagoen bidetik iritsiko gara.
- Iraupena: 2 o.
- Zailtasuna: media
- Desnibela: 140 m.
- Distantzia: 4 km.
- Irteera: Pello Zabala gunea
Inguruan
Ieraregibizkar errota, Pello Zabala gunea
Amezketan geratzen den errota bakarra da Ieraregibizkar baina lehen metro batzutara Ierabizkar goikoa zegoen. 1673an jada funtzionamenduan zeuden, baina goikoa, errotarri bakarrekoa, joan den mende erdialderako desagertua zegoen. Duela urte batzuk udalak errota eraberritu zuen eta oraindik lanean jarraitzen du urtean zehar egiten diren erakustaldietan. Antzinako errotariaren etxebizitzan, berriz, Pello Zabala gunea dago, herriko historia, kultura eta Aralarko natura zein altxorrak ezagutarazten dituena.
Zazpiturri iturburua
Aralar mendilerroa kobazuloz beteta dago lurrazpian, eta Txindokik hainbat akuifero eta lurrazpiko erreka ditu bere barnean. Izenak dioen bezala, guztira zazpi iturburu dauzka mendiaren baitan dagoen akuifero erraldoiak. Horietako bitatik, beherago daudenak, urte guztian ateratzen da ura, eta ur askoko uneetan besteetatik ere ateratzen da. Ura Amezketara jaisten da eta Arritzagako errekarekin bat egiten du herriko lehen baserrietara iristean. Zazpiturriko urak, gainera, Ieraregibizkar errotatik gertu dagoen zentral hidroelektrikora iristen dira energia elektrikoa sortzeko eta Aralar paper-lantegiak ere bere urarekin funtzionatzen du.
Intsusa
Toki hezea da Zazpiturri ingurua eta horrek intsusa zuhaitzak hazteko leku aproposa egiten du. Eguzkiak jotzen duen erreka inguruetan egon ohi da, eta 10 metro izatera iritsi daitekeen arren, izatez zuhaixka bat da. Milaka urtez oso zuhaitza estimatua izan zen bere propietateengatik, nahiz eta gaur egun ia ez den erabiltzen. Adarren bigarren azalarekin erreduren kontrako ukendua egin daiteke, loreen infusioa katarroaren eta alergien aurka erabiltzen da eta haziekin mermelada egin daiteke. Intsusa ez da nahastu behar zihaurriarekin, oso toxikoa dena. Landare gazteak direnean erraz nahastu daitezke hostoak zein loreak berdinak dituztelako. Tamainan eta loraldian ezberdintzen dira, intsusak zuhaitz forma hartzen du eta maiatzean loratzen da. Zuharria 2 metroko zuhaixka izateraino hazten da eta beranduago loratzen da.
Sugandila iberiarra
Txindoki animalia ugariren bizilekua da, eta horien artean narrastiena. Sugandila iberiarra harroken artean eguzkia hartzen edota ibai ertzean topatu daiteke. Sugandila hauek 26 cm inguruko luzera dute, buztana gorputza baina bi aldiz luzeagoarekin. Gorputza ezkataz estalia daukate. Bizkarrean marroi eta grisaxka izaten dute nagusi, baina tonu berdexkak ere izan ditzake, baita lerro edo zerrenda ilunak.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.