Zabala leinuaren jatorria

Zabala jauregia, Domingo de Zabalak eraikia eta Zabala leinuaren jatorria.

Zabala leinuaren jatorria

Domingo de Zabalak Ordizian hasi zuen maiorazkoak gaur egunera iritsi diren eraikuntzak egin zituen

Amaia Núñez Yarza

XVI. mendean, euskal elite burokratiko berri bat sortu zen austriatarren zerbitzura. Horien artean, Domingo de Zavala nabarmentzen da eta noblezia horren adibide argienetakoa da. Gaur egun oraindik ikus daiteke berak utzitako ondarea, besteak beste, Ordiziako Zabala Jauregia, Zabala leinuaren jatorria dena.

Zabala familiako oinetxearen izena zen, egun Zabale Etxea dena, «baina Zabala izango zen jatorrian», azaltzen du Gema Lopez, D’Elizatuz Interpretazio Zentroko arduradunak. Jatorrizko izena Domingo Martinez de Arramendia Mendiola zen. Garai hartan baserria alokatuta zuten eta Domingo herrigunean jaio zen, zehazki Santa Maria Kalean familiak zuen etxe batean, 1535eko azaroan.

Familia diruduna zen eta, garaian ohikoa zen moduan, semeak kanpora bidaltzen zituzten. «Beti mutilak, eta gutxieneko irakurketa, idazketa eta aritmetika zekitenak. Gortearen zerbitzura joaten ziren morroi edo paje gisa, normalean penintsula barruko etxe noble batera», azaltzen du.

Domingo de Zavala Gaztelako komendadore nagusiaren zerbitzura joan zen, Luis de Requesens. «Katalana zen, Valladolideko emakume batekin ezkondu zen eta bizitzaren zati handi bat Gaztelako gortean egin zuen». Domingo berarekin egon zen Requesens hil arte eta, ondoren ere, familiarekin erlazio handia izaten jarraitu zuen, besteak beste Juan de Zuñiga bere anaiarekin. «Honekin joan beharrean beste batekin joan izan balitz, seguruenik ez zukeen hainbeste zorte izango. Gauza asko egin zituen, harreman estua eta konfiantzazkoa zuelako Requesensekin».

Bere bizitzaren zati gehiena burokrata bat izan bazen ere, guduetan parte hartzea tokatu zitzaion. Requesensek turkiarren aurkako liga santuko itsas kanpainan parte hartu zuen eta Domingo berarekin joan zen. «Lepantoko Guduan parte hartzea egokitu zitzaion, eta Granada izeneko galera bateko kapitaina izan zen». Gudu hartan, ordiziarra herren geratu zen.

Bi urte beranduago, Luis de Requesens Herbehereetako Gobernu Orokorreko estatu- eta gerra-idazkaria izendatu zuen Felipe II.a erregeak eta Domingo berarekin eraman zuen. «Garai hartan pertsona dirudun asko Flandesera zijoazen. Ordizian elizan dauden kapila guztietako familiako senide batzuk Flandesera joaten ziren: Lazkaibar Balda, Alvarez de Isasaga… denak». Flandesen jarduera politiko eta komertzial garrantzitsua zegoen.

Herbeheretan zegoela, bere familiak ezkontza adostu zuen. 1575an ezkondu zen Magdalena de Arruerekin. Seme bakarra izan zuten, Martin. «Ezkontzarako etorri zen, maila honetako pertsona askok bezala, ez zuten herrian ia bizitzarik egiten». Domingoren lerroa Martinekin amaitu zen eta, gerora, Domingoren arreba Catalinaren ondorengoek jarraitu zuten Zavala leinua.

Baina herrian bizi ez arren, dirua egiten zutenean «bere herrian jauregi bat, kapila pribatua… egitea gustatzen zitzaien. Hamabi urterekin joan zenetik, une puntualetan itzuli zen Ordiziara». Domingo de Zavala 1579an jauregia eraikitzen hasi zen. «Harresiaren barruan zituen mugek uzten ziotena baino eraikin handiagoa egin nahi zuen» eta horregatik murruetatik kanpora egin zuen, Frantziako atearen ia ondoan. «Argi zuen jauregi on bat egin nahi zuela, eta, orduan, ondo landutako harlangaitzezko horma izan behar zuen, Itsasondoko harrobitik zetorrena, izkina onak, harri oneko 28 leiho…», dio Lopezek. Hiru urteko aurreikuspena zuten eta denbora horretan eraiki zuten, baina gainontzeko guztia osatzeko hamarkadak behar izan zituzten. «Fatxada, balkoi eder hori jarri zen azkena, arku bikoitz horrekin eta armarria. Hori 1612an bukatu zen».




Zavala Jauregiak 1.372 metro karratuko lursaila hartzen zuen eta barneko patioa du. «Patioa duen estilo errenazentistako Ordiziako jauregi bakarra da. Barrena eta Abariak, adibidez, ez daukate». Maiorazkoa egiterakoan inbentarioa egiten du eta eraikina bera 40.000 dukatetan baloratzen du eta, beste 20.000 altzari, bitxiak, tapizak eta abarretarako. «Garai hartan baserri on batek, animalia eta fruta arbolak zituena, 600 dukat kosta zitekeen. Obra oso ikusgarria izan zen momentu hartan», azpimarratzen du. «Bere garaian 44.000 teilen etxea deitzen zitzaion».

Etxea amaitu bitartean, Zavalak lanean jarraitzen zuen. 1582an, ordurako Requesens hilda zegoen, Juan de Zuñigak, Velezen markesaren jaurerriko Gobernadore Nagusi izendatu zuen, Murtziako Mula herrian. Urte batzuk beranduago, bere kargurik garrantzitsuena iritsi zitzaion: Ogasuneko Kontulari Nagusia. «Koroan zegoen kargu garrantzitsuenetakoa zen». Alcantarako ordenako Kontularia izan zen 1594tik 1603ra, jubilatu zen arte.

Orduan Ordiziara itzuli zen. 1604 bere emaztea hil zen eta hurrengo urtean berriro lanera deitzen dute, Sevillara, Errege Ogasunera. «Amerikako aurkikuntzaren ondoren, Indiekin Kontratazio Etxea ezarri zen. Ogasuneko kontulari nagusi gisa zuen esperientzia guztiarekin, Almojarifazgo Nagusiko eta Indietako Administrari Nagusi izendatzen dute». Almojarifazgoak kanpoko merkataritzaren gaineko zergak ziren.

Sevillan zegoen bitartean, elizan kapera propioa egin zuen eta bertan dago hobiratua. «Santa Katalinari eskainia dago, santu horren oso sinesduna zen. Bere arreba Catalina deitzen zen». Kaperan Antiokiako Santa Katalinaren martirioa irudikatzen duen koadro bat dago eta burdin-hesia duen bakarra da, antzinako lantzak erabiliz. Familiako armarria burdin-hesian ageri da, baita egur polikromatuan koadroaren gainean. Domingo de Zabala 1613ko azaroaren 25ean hil zen, Santa Katalina egunean.

Zortzi urtez egon zen Sevillan. «Han zegoela, bere lana eskertzeko, Zabalaren maiorazkoa eman zion Felipe III.ak. Sevillako errege-jauregietan zuen bere egoitzan sortu zuen maiorazkoa». Orduan egin zuen ondasunen inbentarioa eta, besteak beste, Zabala Oinetxea. 1606 eta 1610 artean egin zuen adreiluzko dorrea, mudejar estiloan, Sevillan ezagutu zuen estilo haren eraginez. Gainera, Ordizian beste hainbat baserri zituen, baita Beasain eta Altzagan, eta berea zen baita Ibares errotaren erdia. Maiorazkoa sortzean, abizena aldatu eta Zabala hartu zuen.

Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia