Tximeletak: bizitza lau fasetan

Tximeleta. Iker Novoa

Tximeletak: bizitza lau fasetan

Tximeletak urte guztian zehar daude gure inguruan, batzuetan erraz ikusten dira eta besteetan bilatzea eskatzen dute

Amaia Núñez Yarza

Pinpilipauxa, euskarazko hitz politena bezala aukeratu zen, baina intsektu honek izan ditzakeen kolore eta barietate ugariak bezainbat dira euskaraz dituen izenak. Ohikoena tximeleta da, eta horretaz gain, mitxoleta, aitamatatxi, falfala, mitxirika, inguma, kalaputxi, pitxilota… izen ugari bizitza ugari adierazteko. Izan ere, tximeletak aipa-tzean hegan egiten duten intsektu koloretsuetan pentsatzen badugu ere, bere biziko fase guztietan dira izaki bera, baita arrautza, beldarra eta krisalida denean ere.

Tximeleten legenda ezagunetakoa egun bakarra bizi direla da. Hala ere, hau ez da guztiz egia. «Espezieen arabera oso aldakorra da. Azkenean tximeleten ziklo osoa hartu behar da kontutan eta heldu bezala denbora gutxien pasatzen dutenen kasuan ere, aurretik beldarra izan dira, horren aurretik arrautza… hor denbora dezente pasatzen da», dio Iker Novoa basozainak eta Zerynthia elkarteko kideak. Tximeleten babesa bultza-tzen duen elkartea da eta horri lotutako ekintzak eramaten dituzte aurrera kideek, bai ikerketak, ibilaldi gidatuak, tximeleten oasiak eta abar.

Horrela, tximeleta baten bizitza hilabeteetan luzatu daiteke. Espezie batzuk urtean belaunaldi ezberdinak sortzen dituzte eta, beste batzuk, bakarra. Fase bakoitzean igaro-tzen duten denbora ere aldatu egiten da. Gehienak udaberria eta uda aldean egoten dira heldu bezala, baina negua ere igarotzen dutenak ere badaude. Hauek, kobazuloetan eta bestelako gordelekuetan izkutatzen dira hotzetik eta migratzen dutenak ere badaude. Beste batzuk, hilabeterik hotzenak arrautza moduan igarotzen dituzte, udaberrian berriro zikloari jarraipena emateko.

Milaka espezie daude eta ezagunenak egunez bizi diren arren, gauekoak dira ugarienak, sitsak. «Tximeleta espezie ezberdin asko daude, eta espezie batzuk oso arraroak eta bereziak dira eta metodologia espezifiko bat eskatzen dute aurkitu ahal izateko», azaltzen du.

Tximeleten egoera aztertzeko, ibilbideak egiten dituzte Zerynthiako kideek. «Adibidez, Euskal Autonomia Erkidego mailan programa bat dago martxan, bi astean behin, joan eta transekto bat egiten da, zenbatzen zenbat tximeleta eta ze motatakoak dauden. Hori tximeleta hegan dagoen sasoi guztian zehar errepikatzen da urtero», argitzen du. Horrela, urtetik urtera dauden aldaketak nabaritu ditzakete, «espezie batzuk ugaritzen doazen, edo geroz eta gutxiago ikusten diren». Horrelakoetan, tximeletak harrapatzeko sarea erabiltzen dute. «Hori erabiltzeko Foru Aldundiaren baimena behar da», zehazten du.

Hala ere, hori ez da tximeleten egoera nolakoa den aztertzeko modu bakarra. Espezie batzuk, txikienak bereziki, begi-bistan topatzen zailak izan daitezke. «Badago Topazio izeneko tximeleta bat, oso polita. Txikia baina oso laranja, eta ematen du ikusteko erraza izan behar dela. Baina ez da horrela. Zuhaitzen goiko aldean ibiltzen da, zure bistatik oso urrun», aipatzen du. Kasu hauetarako, beste modu bat erabiltzen dute: «uste zen ez zegoela, oso arraroa zela, baina gero konturatu ziren tximeleta helduen bila joan beharrean arrautzen bila joanez, errazago aurki-tzen zirela».

Tximeleta gehienak landare espezie konkretu bati lotuak daude. Landare edo zuhaitz horretan jartzen dituzte arrautzak eta larba direnean horren hosto eta loreez elikatzen dira. Topazio tximeletak, adibidez, elorri beltzetan, basaranetan, jartzen ditu arrautzak eta negu osoa igarotzen du horrela. «Adarretan pixka bat arakatzen baduzu, arrau-tzak oso ondo ikusten dira. Txikiak baina oso txuri deigarriak», dio eta gehi-tzen du, «metodologia hau erabilita bilatzen hasi ginenean konturatu ginen denean dagoela».




Bakoitzak landare bat

Tximeletek landare ezberdinengana jotzen dute fase bakoitzean. «Haz-kuntza fasean daude beldarrak diren bitartean. Hostoak jaten eta hazten egoten dira, baina tximeleta bihurtzen direnean beraien funtzioa ugalketa da, eta arrautzak ipin-tzea». Horregatik, gutxieneko indarra lortzeko nahikoa dute loreetatik nektar pixka bat xurgatu eta putzuetan gatzak hartzearekin. «Badaude tximeleta batzuk, espiritronpa atrofiatuta dutenak eta ez direnak gai ezer hartzeko. Horiek gutxi bizirauten dute heldu bezala, egun batzuk, energia amaitu arte», jartzen du adibidea.

Tximeleta batzuen beldarrek landare ezberdin asko jaten dituzte eta leku askotan aurkitu ditzakegu. Beste batzuk, ordea, landare elikagarri espezifikoak behar dituzte eta txoko berezietan baino ez dira aurkitzen. Globalizazioarekin, tximeleta exotiko batzuk ere gureganaino ekarri ditugu eta kalteak sortzen dituzte. Besteak beste, geranioen tximeleta eta ezpelaren sitsa.

Gipuzkoan ehunetik gora dira eguneko tximeletak, gautarrek aldiz, zifra hori biderkatu egiten dute. Batzuk oso antzekoak badira ere, «fase guztietan ezberdintzeko moduak izaten dira». Beldarrak denak ezberdinak dira, krisalidak ere bai, baita arrautzak «antzekoenak direnak, baina, ikusita, posible da identifikatzea zein espezietakoa den».

Tximeleten egoera ezagutzeko egindako transektoetan konturatu dira «basoko espezieak goraka doazela, gero eta baso azalera handiagoa dugulako. Basoari lotutakoak normalean egoera onean daude. Aldiz, landazabal, zelai eta baserri eremutako espezieak beheraka doaz, habitata ere beheraka doalako. Azkenean erabiltzen diren pestizidak eta abar honen kontra doaz, eta eragiten dute ez bakarrik kaltegarria den espezie horretan, baita beste guztietan ere», dio.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta