John Cabang: «Joan zen urtean Olinpiar Jokoetan egotea ia ezinezko ametsa zen»

John Cabang hesi-lasterketan parte hartu du Parisko Olinpiar jokoetan.

John Cabang: «Joan zen urtean Olinpiar Jokoetan egotea ia ezinezko ametsa zen»

John Cabangek Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartu du lehen aldiz 110 hesi-lasterketan, Filipinetako selekzioarekin

Agurtzane Núñez Yarza

Atletismoan berandu hasi zen John Cabang Tolentino, baina hala ere, ibilbide oparoa osatu du. Duela zortzi bat urte hasi zen lasterketetan, baina aurten ospatzen ari diren Parisko Olinpiar Jokoetan lehenengoz parte hartuko du 110 metro hesi-lasterketan, Filipinetako selekzioarekin. Abuztuaren 4an lehiatuko da lehen aldiz, «eta espero dut egun bakarra ez izatea», desio du.

-Nolatan hasi zinen atletismoan?

-Anoetako Ikastolan hasi nintzen, hamalau edo hamabost urterekin. Nere lagun Ander Uranga atletismoan aritzen zen. Berari jarraituz probatzeko hasi nintzen eta orain arte.

-Hasieratik hesiekin hasi zinen?

-Ez, hasieran iraupen erdiko lasterketak egiten nituen, 500 eta 1.00 metro. Baina nire entrenatzaile zen Juanjo Herreroren bi semeak, Gabriel eta Alejandro, ikusi nituen hesiak egiten eta pentsatu nuen ‘nik hesiak egin behar ditut’.

-Gehiago gustatu zitzaizkizun?

-Kanpotik oso polita ikusi nuen hesi-lasterketa, eta orain, berriz, teknikoagoa iruditzen zait. Zailagoa ikusten dut eta erronka hori gustatzen zait.

-Etxean bazenuen norbait kirolean?

-Ez. Bi arreba gazteago dauzkat, Elif eta Melani, eta beraiek egiten dute, batek surfa eta besteak futbola.

-Nola sortu da Olinpiar Jokoetara joateko aukera?

-Joan zen urtean hasi zen. Lehengo urtean ametsa geneukan Olinpiar Jokoetara joateko, baina egindako lehiaketen arabera pixka bat ezinezkoa zen. Baina uztailean eta urrian bi txapelketa oso onak egin nituen eta horrekin amets hori helburu bihurtu zen.

-Hilabete gutxitan lortu duzu parte hartzea, orduan.

-Bai, ametsa beharrean helburua bihurtu zen. Aurten txapelketa onenetan parte hartzen saiatu gara, eta bereziki Filipinetako txapelketa izan da Jokoetarako txartelaren zati handiena eman didana.



-Emaitzak ere onak lortu dituzu.

-Joan zen urteko uztailean Asiako hego-ekialdeko txapelketan hirugarren geratu nintzen, urrian Asiako Txapelketan laugarren izan nintzen, eta otsailean Asiako pista-estaliko txapelketan hirugarren geratu nintzen. Gainera, munduan zehar tour bat egin dugu eta Tokion, Kazajistanen eta abar egon gara.

-Txapelketa horietan parte hartzea mailaren arabera doa?

-Txapelketetara joateko gonbidapenak behar dira gehienetan eta hori managerraren kontua izaten da. Berak izenak aurkezten ditu eta denboraren arabera hartzen zaituzte edo ez. Atletismo mitinetan, adibidez, antolatzaileei herrialde askotako jendea edukitzea interesatzen zaie, eta Espainia mailan Filipinetako norbait egotea asko gustatzen zaie.

-Bidaiek ez dizute eragiten entrenatzerakoan edo txapelketetan?

-Gehienbat jet-laga izaten da. Ordu-aldaketa horri buelta ematea zaila da, baina aste eta erdi lehenago joatez garenez, moldatzen naiz. Tokiora adibidez bi egun lehenago joan nintzen eta pixka bat zaila izan zen, ez nuen ondo egin.

-Zein da zure denbora onena?

-13”37, baina hesi-lasterketako errekorra 12”80an dago. Bost metro inguru dira lasterketan.

-Gertu zabiltza, zein da zure helburua?

-Guk, entrenatzaileak eta biok, badakigu badaukadala denbora finalerdietara iristeko. Baina gero urduritasuna-eta dago. Helburua borrokatzea eta disfrutatzea da, eta ahal bada finalerdietan egotea. Asiako jokoetan egon naiz, jende asko dago ere bertan, baina hau beste gauza bat da.

-Zer sentitu zenuen Olinpiar Jokoetarako txartela lortu zenuela jakitean?

-Gauza da rankinean nengoela, baina zuzeneko txartela lortzeko gutxieneko denbora lortu ez nuenez, rankinga itxi arte itxaron behar izan dut. Bagenekien ia ziurtatuta neukala, berrogei sartzen ziren eta ni 28.ean nengoen, eta ez zeuden 12 pertsona ni aurreratzeko moduan. Azkenean ez nintzen postu horretatik mugitu. Azken hilabetea gogorra izan zen, ze gainera ehuneko ehunean korrika egiten uzten ez zidan lesio bat eduki nuen. Zerrenda itxi zenean arnasbidea izan zen, eta lesioa ere sendatu zen.

-Nola sortu zen Filipinetako selekzioarekin parte hartzeko aukera?

-Nire ama filipinarra da, eta berarekin eta nire entrenatzailearekin, Martin de la Fuenterekin, hitz eginez, segituan erabaki nuen Filipinekin parte hartzea. Espainiako selekzioak ere eskaini zidan aukera, baina amarekin hitz egindakoan argi neukan.

-Zenbat zoazte taldean?

-Atletismoan hiru goaz, eta guztira hogeita bi kirolari izango gara. Uztailaren 20an joan ginen eta ni abuztuaren 4an hasten naiz txapelketan. Espero dut egun bakarra ez izatea.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta