Istorioak egi bihurtuz

Handia filmeko grabaketan lanean Aitor Arregi eta Jon Garaño :: David Herranz

Istorioak egi bihurtuz

‘80 egunean’, ‘Loreak’ eta ‘Handia’ filme arrakastatsuak ekoiztu ditu Jon Garaño zine zuzendariak Moriarti ekoiztetxeko lankideekin batera

Irudi bat, norbaitek esandako zerbait, txikitako oroitzapenak… edozer gauzak du atzean filma sor dezakeen istorio bat. Zinea pertsonaiei bizitza ematea dela pentsatu dezake batek baino gehiagok. Baina pertsonaiek bizitza hartu arte bide luzea dago egiteko. Jon Garaño zine zuzendariak ia hemeretzi urte daramatza eta ondo ezagutzen du bide hori. Izan ere, orain arte filme, dokumental zein laburmetrai ugari ekoiztu dituzte eta horietako askok emaitza onak eman dizkiete.

Hala ere, hasierak ez ziren horrelakoak izan. Bost lagunek osatutako taldea izan zen gaur egun Moriarti produkzioak denaren muina. Jada desagertua dagoen Urnietako zine eskolatik irten berritan laburmetraiak egiten hasi ziren eta pixkanaka dokumentalak egitera igaro ziren.

Dena den, sorkuntza propioak egiteko, hasieran bestelako ekoizpen zerbitzuak eskaintzen zituzten, urteekin murrizten joan diren arloa. «Ekoizpenaren aldeko apustua egin genuen, benetan motibatzen gintuena», onartzen du Jon Garañok, «eta hasieratik ondo funtzionatu zuen». Lehenengoa ‘Lucio’ dokumentala izan zen 2007an, Donostiako Zinema Jaialdian Zabaltegi sekziorako aukeratua izan zena eta Goya sarietan Filme Onenaren sarira izendatua izan zena.

Lanak ere nahiko banatuta dituzte: hiru arduratzen dira zuzendari lanak egiteaz, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño bera; Xabier Berzosak, aldiz, ekoizpen lanak egiten ditu. Gainera, hasierako boskotean Jorge Gil Munarriz ere bazegoen, gero gidoigintza ikasketak jarraitzeko Madrilera joan zenean taldea utzi egin behar izan zuena, nahiz eta urte luzetan Moriatin gidoigintzan lan egin izan duen. Bere ordez sartu zen Asier Acha, «ekoizpenaz gain batez ere zenbakiez arduratzen dena». Hori bai, hurrengo filmean, ‘La trinchera infinita’ izenekoan, hiruren artean elkarbanatuko dituzte zuzendaritza lanak, «lan egiteko beste formula bat da».

Pelikula bat egiteko ideia denen artean sortu ohi da: «lehenengo bilera bat egiten dugu bakoitzak otu zaizkion ideiak botatzeko. Edozertik atera daitezke, zerbait irakurtzerakoan, edo beste filme bateko trama batetik, haurtzaroko bizipen batetik…», dio. «’80 egunean’ adibidez, nire bi lagunei gertatutakoaren eta adineko pertsonekin lan egin nahi izatearen arteko nahasketa bat da. ‘Loreak’ berriz, Jose Mariren ideia izan zen, errepidean zeuden loreak ikusita». Handia, berriz, Garañok gaztetatik zuen ideia zen, «San Telmo museora egindako eskolako irteera batean bere gauzak erakutsi zizkiguten, eta beti egin nahi izan nuen Altzoko handiari buruzko filma».

Aurten bi filme estreinatuko dituzte. Alde batetik ‘La Trinchera Infinita’ pelikula eta ‘Mateoren ama’ laburmetraia, fikziozkoak biak. Filme luzeko gidoia ‘Handia’ grabatzen zuten bitartean idatzi zen. «Normalean bospasei proiektu izaten ditugu karteran, eta horietatik baten bat sortzen da, ez dakizuna zehazki zergatik», dio. ‘La Trinchera Infinita’ urriaren 31an, «Halloween gauean», estreinatuko da aurreikuspenak betetzen badira. «Hau badakigu nola den, zure azken filmea da zutaz hitz egiten duena. Filme hau nola ateratzen denak baldintzatuko du zinea egiten jarrai dezagula, hori da guk nahi duguna».

‘Handia’k filmak ‘Loreak’ eta ’80 egunean’ filmeekin jarraitutako ibilbidea borobildu zuela esan daiteke. Hiruekin lortu dituzte emaitza onak, Zinemaldian aukeratuak izan zirelako. «Filme guztientzako oso leku garrantzitsua da, eta ‘Loreak’ sail ofizialean lehiatzea guretzako amets bat betetzea izan zen. Goya sarietan izendatua egon zen, eta Oscar sarietarako aukeratua», gogoratzen du Garañok.

Are gehiago, «’80 egunean’ oraindik eskatzen digute zine jaialdi batzuetan», baina horrek ez die hurrengo proiektuetarako beren lana baldintzatzen. «Posible da hurrengoak ez lortzea filme horiek lortu dutena eta horregatik ez da hobea edo okerragoa izango. Batzuetan momentuko gustuek baldintzatzen dute, jendeak, baita zorteak. Orain arte funtzionatu du, baina ikusiko dugu».

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta