Hegaztien migrazioa negurako janari bila
Milaka hegazti hasi dira gure lurraldera iristen, asko Afrikaraino joango dira
Nagusiki hegaztiek bi migrazio mota burutzen dituzte: ugalketa ondorengoa (pasea) eta ugalketa aurrekoa (kontrapasa). Gaur eta hemen aurrenekoari buruz arituko gara.
Udazkenean sartu gara eta hego haizearekin batera hegaztien batetik besterako mugimenduak hasi dira. Txori mota ezberdinak bandoetan bildu eta urrutira joateko prestatzen ari dira. Migrazio garaia iritsi da. Pasea bezala ere ezagutzen da. Gure lurraldea toki paregabea da hegaztien migrazioa ikusteko. Europa aldetik datozen hegaztiak pirinioetako mendiak ekidin nahian itsaso ertzetik sartzen dira eta gure zerua zeharkatuz Hego aldera zuzentzen dira.
Baina, zergatik mugitzen dira hegaztiak hego aldera? Zein da migrazioaren benetako arrazoia? Jende askok uste du neguko hotza saihesteko mugitzen direla baina hau ez da arrazoi nagusia. Benetako arrazoia janari eza da. Hau da, neguko hotzaren ondorioz hainbat hegazti janaririk gabe gelditzen dira eta migratzera beharturik daude bizirik jarraitu nahi badute.
Fenologiari begiratuz gero konturatuko gara hegazti mota ezberdinek garai ezberdinetan ekiten diotela migrazioari. Harrapari batzuk, adibidez, miru beltzak edo zapelatz liztorjaleak abuztuan abiatzen dira Afrikarantz. Txori txiki askok, euli jaleek, irailean izaten dute gailurrik nabarmenena. Adibidez, euli txori beltzak, larre buztanikarak, pitxartxarrak, buztangorriak, enarak eta beste mota askok.
Iraila izaten da baita harrapari gehienak Afrikarantz abiatzeko aukeratzen duten hilabetea. Arrano sugezaleak eta arrano txikiak esaterako. Sai zuriak ere irailean abiatzen dira.
Usoak aldiz, urria eta azaroan pasatzen dira gure lurraldean zehar. Miru gorriek ere garai hori aukeratzen dute. Birigarroak, urri, azaro eta abenduan zehar. Kurriloak, antzarak eta antzekoak azaroa eta abenduan zehar. Ikusten dugunez hegazti mota batzuk besteak baino lehenago ekiten diote migrazioari. Zergatik gertatzen da hau? Zergatik batzuk irailean eta beste batzuk azaroan?
Erantzuna burutzen duten bidaiaren luzapenarekin loturik dago. Batzuk Penintsulan bertan gelditzen dira negua igarotzeko, miru gorria, esaterako. Beste batzuk, Gibraltarko itsasartea igaro ondoren Afrikara ailegatzen dira eta Ipar aldean gelditzen dira. Beste batzuk, Saharako basamortua gurutzatu eta Sahel inguruan gelditzen dira. Eta beste batzuk, Afrikako hego alderaino ailegatzen dira. Hau dena geroxeago aztertuko dugu. Urrutien joan behar dutenak abiatzen dira lehenen.
Baina, hegazti guztiak migratzen dute? Ez noski. Mota bereko hegazti batzuk gure artean igarotzen dute negua eta aldiz bere senide batzuk hego aldera joaten dira. Hau dena konplikatu xamarra da eta ez gara ur sakonetan sartuko.
Beraz, negua igarotzeko, hegazti mota askok hego aldeko bidea hartuko dute baina beste batzuk negu partean etortzen dira gurera eta bertan igarotzen dituzte neguko hotzak. Adibide modura, Oilagorra. Errusia eta Europa gaikaldean ugaldu ondoren azaro aldera agertzen da. Batzuk guretik pasatu egiten dira baina askok gure zelaiak aukeratzen dituzte bertan gau partean elikatzeko eta gure basoak, egunez gordetzeko.
Orain gainera, aldaketa klimatikoa dela eta migratzeko ohiturak aldatzen ari dira hainbat hegazti motetan. Neguak leunagoak direla eta, batzuk penintsula bertan gelditzen dira. Kasu amiamoko zuriak.
Aipatu beharra dago, Aranzadi zientzia elkarteak, bere eraztunketa bulegoaren bitartez, lan handia burutu duela urte askotan zehar. Milaka eta milaka datu jaso ditu hegazti ezberdinei buruz. Datu horiek denak atera berria den ‘Euskadiko Hegazti Migratzaileen Atlasa’ deituriko lanean topa genitzake. Lan erreferentea zalantzarik gabe.
Bestalde, SEO Birdlife erakundeak, azkeneko urte hauetan hainbat espezietako hegaztiak GPS bidez markatu ditu eta ondorio ezin interesgarriagoak atera ditu migrazioari buruz.
Goazen orain migrazio mota ezberdinak deskribatzera:
Migrazio presahariarra
Hegaztiak, penintsulan gelditzen dira negua igarotzeko edo Gibraltarko itsasarteak zeharkatu ondoren Afrika iparraldean gelditzen dira Saharako basamortua gurutzatu gabe. Adibide modura: mirotz zuria, kalandria, kurrilo arrunta, amiamoko zuria eta miru gorria.
Migrazio transahariarra ibilbide motzekoa
Saharako desertua gurutzatzen dute eta Sahel inguruan igarotzen dute negua, Senegal, Mauritania inguruan. 4.000 kilometrotik gora egiten dituzte. Normalean hegazti planeadoreak izaten dira. Adibide modura: Naumann belatza, mirotz urdina, arrano txikia, arrano sugezalea, sai zuria eta miru beltza.
Migrazio transahariarra ibilbide luzekoa
Hegazti hauek Gibraltarko itsasartea eta Saharako desertua igaro ondoren Afrika hego alderaino ailegatzen dira. 6.000/7.000 km egiten dituzte. Adibide modura: karraka europarra, sorbeltz arrunta eta Eleonor belatza.
Itsas migrazioa
Agian migrazio espektakularrena da. Itsas hegaztiak aire korronteak aprobetxatzen dituzte itsas gainean, uretatik metro gutxitara ibilaldi oso luzeak egiteko. Polotik polora joan daitezke. Baita Espainiatik Hego Ameriketara edo Hego Afrikara. Adibide modura: Audouin kaioa, Bulwer petrela eta gabai arre mediterraneoa.
Eta nola lortzen dute migrazioa burutzea, askotan bakarrik, inolako gidaririk gabe, sekula bidai hori egin ez duten gazteek? Hegaztiek, dakigula behintzat, ez dute gps-rik erabiltzen. Afrikan negua pasa duen enara bat nola etor daiteke Altzoko baserri batetara urtero ugaltzera, 5.000 km egin ondoren?
Harrigarria bada ere, horrelaxe da ba. Zientzialariek oraindik ez dute erantzunik topatu. Zein da hemen espezie ‘azkarra’? Agian, gu geu gara daukagun haundi ustearekin espezierik ‘tontoena’, bazter guztiak izorratzen ari dena.
Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |