Goierriko Jazzaldia uztailaren 2tik 5era egingo da
Goierriko Jazzaldiaren 12. edizio honetan ekitaldi guztiak Ordizian izango dira, besteak beste, Ben Lopez Quartet, Move, Nuria Culla eta Jaco Pastorius Legacy 5tet
Goierriko Jazzaldia uztailaren 2tik 5era itzuliko da aurten, jazza Ordizia eta Goierriko herritar guztiei hurbiltzeko helburuarekin.
Bigarren urtez, kontzertuak Ordizian izango dira oso-osorik, Euskal Herriko zein nazioarteko musikari ezagunak biltzen dituen programazioarekin. Besteak beste, Iñaki Arakistain saxofoi jotzailea, Benjamin Lopez gitarrista, Move laukotea, Nuria Culla gitarrista donostiarra eta Jaco Pastorius Legacy 5tet taldea izango dira entzungai. Beti bezala, ez da faltako Ordiziako musika eskolako taldearen ohiko kontzertua, ikasturtean ikasitakoa erakutsiko duena.
Gipuzkoako agenda musikalean finkaturik dagoen jaialdiarekin, “jaialdiak ez du aurkezpenik behar, ez inguruko jazz musikarien artean, ezta urrunagokoen artean ere, gure herriaren eta eskualdearen mugak gainditzen dituen ospea lortu baitu”, onartu dute antolatzaileek.
Hamabi urte hauetan, Henry Spencer, Irati Bilbao, The Wilsons Organ Trio, Hasier Oleaga, Afrika Bibang, Iñaki Salvador, David Pastor, Rachel Terrien, Jessica Pina, Eva Fernández, Juan de Diego, Llibert Fortuny, Alberto Arteta eta beste hainbat artista ezagun igaro dira Goierriko Jazzaldiko agertokitik.
12. Goierriko Jazzaldiaren programa:
Uztailak 2, asteazkena, 21.00etan: Jaime Alvarellos, JAC: ‘Gitarra jazzaren eta bluesaren historian’ kontzertu-hitzaldia Sugaar Tabernan, Ordizian.
Uztailak 3, osteguna, 22.00: Iñaki Arakistain, Kaele eta Morales Trioren kontzertua Ordiziako udaletxeko arkupeetan.
Uztailak 4, ostirala
- 20.30: Ben Lopez Quarteten kontzertua Ordiziako Plaza Nagusian.
- 23.00: Move laukotearen kontzertua, Javier Callén (kontrabaxua), Alberto Arteta (saxoa), Iñigo Ruiz de Gordejuela (pianoa) eta Borja Barrueta (bateria), Ordiziako Plaza Nagusian.
Uztailak 5, larunbata
- 19.00: Ordiziako Musika Eskolako taldearen kontzertua Plaza Nagusian, Ordizian.
- 20.30: Nuria Culla abeslari, gitarrista eta konpositore donostiarraren kontzertua Ordiziako Plaza Nagusian.
- 23.00: Jaco Pastorius Legacy 5tet taldearen kontzertua Ordiziako Plaza Nagusian.
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |