Aintzane Agirre: «Ez dago nesken edo mutilen kirolik, baina asko dago oraindik bide horretan lan egiteko»

Aintzane Agirre

Aintzane Agirre: «Ez dago nesken edo mutilen kirolik, baina asko dago oraindik bide horretan lan egiteko»

Agurtzane Núñez Yarza

Aintzane Agirrek bizitza guztia darama kirolean. Zortzi urterekin hasi zen gimnasia erritmikoan eta egun, 21 urterekin, entrenatzaile lanetan jarrai-tzen du. Gainera, zumba monitore ere bada.

Aintzane Agirre, Gimnasia erritmikoko ariketa bateanNolatan hasi zinen gimnasia erritmikoan?

Zortzi urterekin eskolako bi lagunek esan zidaten gimnasia erritmikoa egiteko iragarki bat ikusi zutela egunkarian Ibarrako Belabieta kiroldegiarena eta apuntatu egin behar zirela. Nik ez nekien zer zen ere, baina probatu eta ez nuen utzi. Lagunek, bai, urte bete ondoren edo utzi zuten.

Noiz arte izan zinen gimnasta?

Hogei urtera arte edo egon nintzen. Zoritxarrez lesio asko izan ditut, belaunean, sorbaldan… eta ezin izan nuen nahi nuen bezala aritu. Denboraldia oso ondo hasten nuen baina gero lesioekin gaizki iristen nintzen bukaerara.

Orduan hasi zinen entrenatzen?

Lehenengo taldea 15 urterekin hartu nuen. Monitoreren bat falta zuten eta aurre-benjamin talde bat entrenatzeko eskatu zidaten, gero eskolan erakustaldia egiteko. Gero 17rekin, Lizartzan ere talde bat entrenatzen hasi nintzen. Selektibitatearen ondoren, ezin izan nuen unibertsitatean hasi azken unean kanpoan geratu nintzelako eta orduan Donostiako klub batean entrenatzen hasi nintzen. Goizetan beraiekin, eta arratsaldean Ibarran ni neu entrenatzen nintzen, utzi nuen arte. Orain entrenatzaile lanetan bakarrik nago.

Zein adinetako gimnastak dituzu?

Benjaminetatik hasi eta jubeniletaraino eramaten ditut. Batzuekin txikiak zirenean hasi nintzen lan egiten eta eduki duten garapena ikustea oso polita da, nire lanaren alderdi politena dela esango nuke. Lan asko ere eskatzen du, bakoitzak bere maila duelako. Eskertzekoa da 21 urterekin hainbeste talderen ardura izatea eta nire lanean konfidantza duen hainbeste gimnasta edukitzea.

Aintzane Agirre Berrobiko ginmasia erritmikoko taldearekinTxapelketetan parte hartzen duzue?

Normalean eskolaz kanpoko kirol moduan parte hartzen dugu. Hasierako txapelketak Gipuzkoako Txapelketarako sailkapena lortzeko dira, eta hori gaindituta, Euskadikora zoaz. Gimnasta nintzenean Euskadiko txapelketara iritsi izan naiz. Duela lau urte oso talde ona osatu genuen eta goian ibili ginen. Baina gero ez genuen jarraitu. Dakidala, Belabietan behintzat, ez dugu federaturik izan oraingoz, unibertsitatea hastearekin uzten dute gehienek. Hala ere, nire helburua ez da podiumera igotzea, esperientziagatik, nahiago dut ondo pasatzea eta egindako lana erakustea. Batzuetan oso ondo ateratzen da eta bestetan ez, minutu eta erdi bakarrik daukagulako 200 orduko lana erakusteko.

Zumba begirale ere bazara.

Bai. Ni zumba klasetara joaten nintzen, baina hemezortzi urterekin ea klasea eman nezakeen eskatu zidaten, irakasle faltan zenbiltzalako. Ezer galtzekorik ez nuenez, baiezkoa eman nuen. Hilabete eman zidaten koreografiak prestatzeko eta egia esan, oso ondo moldatu nintzen eta klaseko emakumeak ere pozik geratu ziren.

Koreografiak maila ezberdinetara moldatzen dituzu?

Ikasturtearen hasieran nor etorriko den ez dakidanez maila ertainarekin hasten naiz, eta gero zailtasuna handitzen joaten naiz. Bukaeran maila nahiko altua jartzen diet. Zazpi koreografiekin hasten naiz, hilero bi aldatzen ditut eta ikasturte amaieran hamaika dantza jakiten dituzte. Datozen amentzako, gehienak amak baitira, aurten beren alabak ere eduki ditudan arren, motibazioa du dantzak ikastea. Beti saltoka gaude, salto egiten ez badute ez dutela ariketarik egin iruditzen zaie. Klasea mantso hasten naiz, eta dantza bestelako ariketekin ere tartekatzen dut, luzaketekin, eta abar.

Denak emakumeak dira?

Zumban oraingoz bai, behin mutil batzuk proba egin zuten, baina ez zuten jarraitu. Gimnasia erritmikoan izan ditut mutilak, eta aurten hiru animatu ditut. Baina zaila da, gaizki pasatzen dutelako jendeak esaten duenagatik. Beti dago norbait gimnasia neskena dela esaten duena. Nik gaizki pasatzen dut eta haurrek gehiago, jendeak gaizki begiratzen dielako. Eta badakit gimnasia egin nahiko luketen askok horregatik ez dutela egiten. Ez da bidezkoa bakoitzak nahi duen kirola egin ahal ez izatea, ez dago nesken edo mutilen kirolik, baina asko dago oraindik bide horretan lan egiteko.

Idatzi zure iritzia

Zurriola correduria de seguros
CDI Informatika
Tolosa motor
Dentieder hortz klinika
Gruas y Transportes Urbieta