Conccetta Probanza: «Gorputza ez dugu osorik, zati batzuk galdu ditugu eta beste batzuk lapurtu egin dizkigute»

Clara eta Conccetta Probanza erakusketa batean. Núñez

Conccetta Probanza: «Gorputza ez dugu osorik, zati batzuk galdu ditugu eta beste batzuk lapurtu egin dizkigute»

Clara eta Concetta Probanza ahizpek, elkarri lotutako ibilbide artistikoa garatu dute

Agurtzane Núñez Yarza

Duela hamar urtera arte Clara Probanzak uste zuen senideetatik marrazten ez zekien bakarra zela. «Nire aitak oso ondo marrazten zuen, eta anai-arrebei erakutsi zien. Bost senide gara, eta nik ez nuen uste marrazteko gai zenik. Ni bigarrena naiz, baina lehenengo neska, eta beti nengoen anai-arrebak zaintzen edo amari laguntzen», gogoratzen du.

Baina 2008an jasan zuen gaixotasun larri baten ondorioz, artean bere lekua aurkitu zuen. «Ezin nintzen zutik egon denbora askoan eta horregatik ohean edo sofan etzanda egoten nintzen, puntua egiten, eskulanak egiten… nire ahizpa Concetta ilustratzailea da, eta berak errotulagailuak eta koadernoak ekarri zizkidan. Horrela hasi nintzen marrazten», dio. 2012an, bere lehenengo erakusketa egin zuen ahizparekin batera Zarauzko Garoa liburu dendan, eta ordutik beste hainbat erakusketa egin ditu, tartean Oportoko Cruces Canhotoren galerian edota Budapesteko ‘art brut’ galeria batean. Azkena, berriro ere ahizparekin batera egin du Urretxun, hain zuzen ‘Gorputza ez dugu osorik. Arte de sofa (de dos plazas)’ deiturikoa.

Erakusketaren gaztelerazko izenburuak, hain zuzen, sofan egoten ziren ordu horiek guztiak erakutsi nahi ditu. «Duela urte gutxi hasi naiz mahai gainean lan egiten», dio Clarak. «Hasieran koaderno batean marrazten nuen, eta errazagoa zen etzanda lan egitea, baina gero eta handiagoak egiten hasi nintzen, eta hori ezin nuen etzanda margotu», azaltzen du.

Euskarazko izenburuak ere gaixotasunaren beste alderdia gogoratzen du. Concettak dioenez, «denok galtzen dugu zerbait, ez bakarrik fisikoa. Bizitzan gauzak galtzen joaten zara, eta hori ere irudikatu nahi genuen». Clara ahizpari esker hasi zen marrazten eta ordutik aurrera marrazteak asko lagundu diola aitortzen du. «Denbora pasa hasi ginen, baina konturatu nintzen zer gustura nagoen. Mundu horretan sartzen zara eta ez zaude arduratuta zer min daukazun, horrek asko balio du niretzako», dio.

Duela urte batzuk, gainera, Oportora senarrarekin egindako bidaia batean, bere ibilbidea guztiz aldatu zen. Kaleetan paseatzen zeudela ‘art brut’ galeria bat ikusi zuten, Cruzes Canhotorena, sartu egin ziren eta bertako lana ikusten ari zirela Imanolek, bere senarrak, bertako arduradunari bere lana erakustera animatu zion. Canhotoren helburua ahalik eta kanpoko eragin gutxien duten artistak bilatzea da, bere ustez horiek egiten baitute arte puruena, eta horiek dira traumaren bat jasan duten pertsonak, bai gaixotasunengatik edo beste arraizoi batengatik. «Orduan oraindik paper txikietan eta koadernoetan margotzen zuen. Galeriako jabeak errotulagailu eta paper hobeak erabiltzera animatu zuen, eta koadro handiagoak egitera», gogoratzen du Concettak. Gaur egun, Canhotoren galerian erakusketa dauka eta bere obrarekin beste hainbat erakusketa egin ditu leku ezberdinetan.



«Biok oso estilo desberdinak ditugu, baina aldi berean lotura asko dute», dio Concettak; Berak Arte Ederrak ikasi zituen eta gaur egun ilustrazioa eta arte grafikoa du lanbide. «Oso nabaria da bakoitza norena den, baina harreman polita daukate beraien artean. Nireak oso garbiak dira konposizio aldetik eta Clararenak, aurkezpenean esan nuen bezala, koadro infinituak dira niretzat, urteak pasata ere ez duzu bukatu zer dagoen ikusten», azaltzen du.

Orain tamaina handiko koadroak egiten ditu, baina azkenarekin erronka berri bat abiatu du. «Bi metro zabalerako koadroa da. Normalean ez dut kontatzen zenbat ordu sartzen ditudan koadro bakoitzean, asko izaten dira. Baina honetan, kuriositateagatik, kontatzen ari naiz. Jada 200 baino gehiago dira. Ez dira denak segidan, noski, denbora asko egon ezin naizenez zutik, lehenengo ordu bete, gero beste ordu bat… horrela aritzen naiz», dio Clarak.

«Bakoitzak bere aldetik lan egiten dugu, baina azkenean ondo ezagutzen dugu elkar, eta badakigu bakoitzak zer egiten duen. Gure emakumeek, adibidez, lepo luzeak dituzte, begi handiak… beti dago inspirazioa ikusten duzun guztian»

Bakoitzak teknika ezberdina erabiltzen duen arren, –Clarak errotulagailua paperean eta Concettak akrilikoa egurrean edota collageak– bi ahizpen lanen arteko berdintasunak nabariak dira. «Bakoitzak bere aldetik lan egiten dugu, baina azkenean ondo ezagutzen dugu elkar, eta badakigu bakoitzak zer egiten duen. Gure emakumeek, adibidez, lepo luzeak dituzte, begi handiak… beti dago inspirazioa ikusten duzun guztian», azaltzen du.

Bien lanean emakumeak dira nagusi. Clarak zehazten du, bere lanean «denak emakumezkoak dira, eta asko burusoilak. Gutxik daukate ilea, buruan dutena ez da ilea, osagarriak edo pitxiak dira. Nire autoerretratua ere burusoila egin dut». Hori bai, figura nagusiaren inguruan, dena betetzeko beharra dauka. «Zati hau turkesa bakarrik utzi nezakeen, baina ez, motiboren bat jarri behar diot. Pentsatu izan dut ‘figura hau egingo dut eta utzi’, baina ezin dut. Hori da nire estiloa», borobiltzen du.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta