«Bola-jokoan indarra baino, teknika behar da»
Belauntza-Ibarrako taldea bola-jokora batu den talde berrietako bat da
Euskal jolas tradizionalen artean zaharrenetarikoa da bola-jokoa. XX. mende amaieran gainbeheran egon ondoren, azken urteetan pixka bat berpiztu dela dirudi, bolatoki batzuk errekuperatuz eta talde berriak sortuz. Duela lauzpabost urte sortu zen Ibarra eta Belauntzako taldea, eta pixkanaka emaitza onak lortzen ari dira, 2024ean taldekako Gipuzkoako txapelketan laugarren postua lortuz eta joan zen irailean Ramon eta Saigots Iglesias aita-semeek Behar Zanako bikotekako Udazkeneko bola txapelketan garaituz.
Taldearen sorrera Belauntzako bolatokiaren berreskuratzearen inguruan gertatu zen, nahiz eta ez duten data ofizialik. «Duela hamar urte inguru Ibarrako sanbartolomeetan antolatzen zen tiraldian ezagun baten komentatu zidan federatu egin beharko nukeela», gogoratzen du Ramonek. «Federatu eta barruko lana ezagutzen hasi nintzen. Momentu batean irteera ohola, egurrezkoa dena, UPN 240 burnizkoarekin froga egitea proposatu zen bola batzar batean. Izan ere, burniak ez du mantenimendu handirik behar eta ‘betirako’ litzateke. Xepeiño Agirre segurarrak zioen bezala, ‘Xepeiño jungo da baina hau hemen geldituko da’. Orduan ezagutu nuen Belauntzako bolatoki zaharra, azken urteetan ez zen erabiltzen eta irteera ohola erabat hondaturik zegoen. Silvia Moneo zen alkate, baimena eskatu nion, ez zigun arazorik jarri eta ohola burnizko batengatik aldatu genuen. Tiraldi batzuk ere antolatu genituen, bai abendu partean bai sanjuanetan ere. Orduan, Ibarrakoak Belauntzako txapelketan herrikoak ginen, eta alderantziz ere bai», dio. Hala ere, plazako eraberritze lanengatik, bolatokia kendu eta lekuz aldatuko zela jakinarazi zieten.
Ondoren, Covd 19 pandemiagatik lanak atzeratu egin baziren ere, 2021eko abenduan Belauntzako bolatoki berria inauguratu zen, aurrekotik ekarritako burniarekin. Bolatokia estalia denez, gainera, tiraldi herrikoiez gain, txapelketa ofizialak ere antolatzen dira bertan. «Guztian asko lagundu ziguten Xepeiño Agirrek eta Patxi Arrondo zeraindarrak. Bai zaharrean, bai burnia berrira igotzeko, Xepeiñok berak bakarrik jarri zuen, sekulako sasoia zeukan.. Ibarrako bolatokian ere paretako egurrezko oholarekin geneukan arazoa konpontzen lagundu zigun. Edozertan laguntzeko prest zegoen beti, lan handia egin zuen bola-jokoarekin», gogoratzen du Ramonek. Izan ere, Zeraingo, Zegamako, Mutiloako eta Segurako bolatokien mantenimenduaren arduraduna zen, baita Zegamako tiraldiaren antolatzailea ere.
Orain hamar bat kideko taldea osatu dute Ibarrako kirol elkartearen baitan, eta jada txapela batzuk ere lortu dituzte. «Nire semeak, Saigotsek, oso ondo tiratzen du. Txikitatik hasi zen tiratzen eta Goierriko txapelketa gazteen mailan hainbat aldiz irabazi du. Taldean garaipen gehien dituena da», dio, gehituz, «nahiz infantil edo jubenilen sailkapenean egon, behin baino gehiagotan, eguneko tiraldi orokorra ere irabazi izan du». Joan zen urtean, berriz, aita-semeek bikotekako lehenengo txapela lortu zuten, Villabonako Behar Zana elkarteak antolatzen duen Udazkeneko bola txapelketan.
Jokoaren helburua erraza da: bolarekin ahalik eta brila gehien botatzea. «Txapelketa ofizialetan zortzi tiraldi izaten dira, gehi aurretik probako bat. Onenak bakoitzean sei jotzera joaten dira», azaltzen du Maider Lazkano taldekideak. «Tiraldiaren zerrenda ikusterakoan hortik behera badago, bolatokia zaila izango da», dio.
«Batzuetan zazpiko tiraldirak izaten dira, zortzikoa urtean noizbait ikusten da, baina nik bederatzikorik ez du ikusi bolan jokatzen daramadan hamar urteetan. Helduenek diote noizbait Etxebesteren aitak bota zuela», azpimarratzen du Ramonek. Horregatik, helburua beti sei botatzea izaten da: «Bola eskubitik joaten da eta paretaren kontra jo ondoren lehenengo birla bota behar da, honek diagonalean 5. zenbakiduna botatzeko, eta indarrarekin, diagonalean 6.a. Bolak gero bigarren birla eta hirugarrena botatzen ditu, eta bigarrenak 4.a bota behar du diagonalean», azaltzen du. Hori bai, teoria jakinda, bola irteera oholetik bota behar da eta hortik ateratakoan ez du txaparroa edo amona jo behar, eta birlak botatakoan ere, bukaeran dagoen fosara erori behar da bola tirada balekoa izateko.
Horretarako, birla bakoitza non jarri behar den markatzen duen txapa bat dago lurrean, baina lehenengo eta bigarrenaren tokian zabalagoa izan ohi da. «Emango diozun indarraren eta bolaren pisuaren arabera ezkerrerago edo eskubirago jarri daiteke, diagonala ondo hartu dezan, bestela birlen artetik pasako da eta ez ditu botako», dio.
Bolak, izan ere, bi pisutakoak daude, ‘arinak’ zazpi kilo dituztenak eta ‘astunak’, zortzi kilo eta erdikoak, gazte zein helduentzako berdinak. «Indarra baino gehiago, teknika da, bolari gurpila ematen jakitea», adierazten du Ramonek. Bolak dituen heldulekuek alde batean bestean baino pisu gehiago egotea egiten du, eta bolariek pisu hori eskubirantz zuzendu behar dute tiraldia ondo joango bada. «Kosta egiten da ikastea, nik urtebete behar izan nuen teknika hartzeko», azaltzen du Antxon Iglesias taldeko beste kideak.
Teknika menperatuta, bolatoki bakoitzak ere bere sekretua dauka. «Lasartekoa eta Altzakoa oso zailak dira bereziki. Lasartekoak indar gutxi behar du, gurpila garbi-garbia eta, hori dena kontrolatzen baduzu, suerte pixka batekin ondo botako duzu», diote.
Urtea hasi berritan, jada prest dute txapelketen egutegia denboraldiari hasiera emateko. Lehenengo hilabetetan bikotekako txapelketa izango dute eta ondoren banakako txapelketak hasiko dira. Gipuzkoako Bola eta Toka federazioak antolatutako txapelketa ofizialez gain, beste hainbatetan ere parte hartuko dute, «otsailetik aurrera larunbatetan Goierriko Txapelketa antolatzen da, bi astez behin, eta gero herriko jai askotan ere tirada herrikoiak antolatzen dira».






