Baraibartik Iribasera, Aralarko atarian barrena
Larraun bailaran familia guztiarentzako moduko ibilbide ia laua osatuko dugu, Aralarko atarian
Larraungo haranak, Aralar mendilerrorako sarreratako bat, paisaia ikusgarriak gordetzen ditu, non zelaiak herri eta baserriz zipriztinduta dauden. Oraingoan, horietako bi lotuko ditugu ibilbide zirkular erraz batean, desnibel handirik gabe.
Baraibarko plazatik irtengo gara, Ostatuaren ondotik eta eskuinetara ateratzen den porlanezko bidetik joango gara. Metro gutxi batzuk jaitsi eta berehala eskuinetik jarraituko dugu, eta hurrengo baserria igaro bezain laster, ezkerrera egingo dugu.
Berehala porlana amaitu eta mendi-bidea hasten da zelaiak zeharkatuz. Bide horretatik jarraituko dugu, arrasto gorri eta zuriei jarraituz. Pixkanaka, bidea pixka bat igotzen hasiko da, baina malda handirik gabe.
Minutu gutxiren buruan, langa batera iritsiko gara, eta poliki-poliki jaisten hasiko gara. Aurrera jarraituz, bidegurutze batera iritsiko gara, eta zuzen jarraituko dugu eskuineko bidetik, eta berehala iritsiko gara Iribasko lehen etxeetara. Baserrien artetik igoz, laster iritsiko gara pilotalekura eta pixka bat aurrergo, San Juan Bataia-tzailearen elizara.
Bide beretik itzul gaitezke, baina ibilbide zirkular bat egin nahi badugu, frontoira iritsitakoan, Lekunberrirako errepidea hartuko dugu. Errepide nagusira iri-tsiko gara eta aldapan behera jaitsiko gara.
Hamar minutu inguruan, errepideko bidegurutze batera iritsiko gara, eta ezkerretik jarraituko dugu. Segituan, Lekunberrira doan errepide nagusira iritsiko gara. Berriro ere, ezkerretik jarraituko dugu, Aralar mendilerroa inguratzen duten basoetan barrena.
Hasieran aldapan gora joango gara, baina basoa atzean uzten dugun heinean, bidea lauagoa bihurtuko da, eta herri gunerantz gerturatu ahala, aldapa behera izango da.
- Iraupena: 1 o. 20 min.
- Zailtasuna: ertaina
- Desnibela: 84 m.
- Distantzia: 5,9 km.
- Irteera: Baraibarko plaza
Inguruan
Baraibarko San Migel eliza
XVIII. mendean eraikia zen, hilerriaren ondoan zegoen aurreko eliza ordezkatuz. Kanpoaldean, kanpandorrea eta hiru arkuko eliz-ataria nabarmentzen dira. Albo batetik sartzen da, arku beheratuko ate batetik. Barnealdean, nabe bakarreko eraikina da eta atzealdean korua du, arku beheratu baten gainean eraikia. Erretaula modernoa da, nahiz eta XVI. mendeko irudi batzuk gordetzen dituen, San Migelena, besteak beste.
Iribas
Baraibarrekin muga egiten duen Larraungo beste kontzejuetako bat da Iribas. Herrigune txikiagoa du, baserri ugarirekin. Herria ezaguna da bi erreken sorkelu izateagatik, Larraun Aitzarratetan eta Ertzilla Basakaitzen. Herrigunean bertan dago San Juan Bataiatzailearen eliza, XIII. mende hasierako eraikina. Sarreran, bost arkiboltako puntu erdiko arkua nabarmentzen da, XVIII. mendeko arkupean.
Iturriak
XX. mendera arte etxeetan ez zegoen urik eta iturrietara joan behar izaten ziren bere bila. Herri txiki askotara uraren kanalizazioa mende horren hasieran iritsi zen. Baraibarren eta Iribasen oraindik kontserbatzen dira herriari zerbitzua ematen zioten iturri publikoak. Baraibarkoak, 1905ean eraikia, bi ur-emari ditu, eta tailatua ageri da batean ‘urona’ (gaur egun tratatua dago) eta bestean ‘epela’ (tratatu gabea). Iribasko iturria 1902an eraiki zen eta ondoan aska bat dauka ura aprobetxatzeko.
Baraibar
Larraungo bailarako Udala osatzen duten 15 kontzejuetako bat da Baraibar. Aralarko San Migel santutegira igotzen den errepide berean kokatuta dago. Bi eta lau isurkiko teilatuak dituzten baserri tradizionalak nabarmentzen dira, gehienak Larraungo armarridunak. Bailarako lehenengo aipamenak XI. mendekoak dira, Iruñako katedralean aurkitutako dokumentuetan.
Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.
|
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |






