Asier eta Joseba Reguillaga: «Europan oso maila altua dago»
Joseba eta Asier Reguillaga anaiak ‘nage no kata’ judo modalitatean munduko onenen artean daude
Munduko txapelketara joan eta irabaztea ez da edozeinek lortu dezakeen zerbait. Talde berdineko bi bikote egotea munduko txapelketan, gutxik erdietsi dezakete, eta are zailagoa da, etxe berean munduko txapelketako bi finalista egotea. Hori lortu dute Asier eta Joseba Reguillaga anaiek.
Joan zen azaroan, Las Vegasen jokatu zen judoko nage-no-kata modalitatean urrezko domina lortu zuen Josebak 23 urtez azpiko mailan, Joseba Etxarri bere bikotearekin, eta Unaik senior mailako zilarrezko domina irabazi zuen Unai Saralegi bikotearekin. Azken urteetan lortu dituzte emaitza onak borobildu dituzte Judo Klub Tolosako lau kirolariek.
Reguillaga anaiak txikitan hasi ziren judoan, lauzpabost urte zituztela. «Amezketako eskolako irakasle bat hasi zen klaseak ematen herrian bertan. Hasieran jolasa zen: erortzen ikastea, besteari halamoduz botatzen ikastea… eta azkenerako fisikoki ere lantzen genuen», diote. Hori bai, pilotarekin lotura hain estua duen herri batean, gaztetan pilotan ere aritzen ziren, baita eskola kirolean ere, gaztetan aukera egin eta judoan jarraitzea erabaki zuten arten.
«Judoan bi modalitate daude: ‘shiai’ izenekoa, Olinpiar jokoetan ikusten dena, borroka egiten dena, eta ‘kata’ modalitatea, guk egiten duguna. Ez dugu jotzen, kata zehatz batzuk egin behar ditugu, bikoteari giltza batzuk botaz, eta aurretik zehaztuta dagoen segida bat jarraituz», azaltzen dute. «Hiru giltzako bost talde dira, eskubitik zein ezkerretik egin beharrekoak, denbora mugatu batean, gehi hasierako saludoa eta agurra. Bat ahazten baduzu, puntuak erdibitu egiten dizkizute».
Bikoteka egiten den kirola da, beti pertsona berdinarekin parte hartzen dute txapelketatan. «Bat ‘tori’-a da, giltzak botatzen dituena, eta bestea ‘uke’-a lurrera erortzen dena», zehazten dute. Josebak ‘tori’ lanak egiten ditu Joseba Etxarrirekin, eta Unai ‘uke’ lanak Unai Saralegirekin. «Entrenamenduetan ez gara beti katak egiten aritzen, ‘tori’arentzat gogorra delako beti bikotea altxatzen eta botatzen egotea, eta ‘uke’-arentzat ere gogorra delako beti lurrera erortzen egotea. Nahiz eta koltxoneta gainera erori, asko nabaritzen da azpian egurra edo hormigoia dagoen», diote.
Unai 2018an hasi zen txapelketatan parte hartzen eta Joseba hurrengo denboraldian, artean kadetea zela. «Hasieran Espainiako Kopatara joaten ginen, dauden txapelketa baseenak, baita Espainiako Txapelketara ere. Bietan lortutako puntuekin Europako txapelketarako sailkapena lortzen da, eta dena ondo ateratzen bada, selekzioarekin Munduko Txapelketara joateko aukeratua izaten zara», laburbiltzen du Josebak. Lehenengoetan ez zituzten emaitza onak izan, baina entrenatzen jarraituz, emaitzak iristen joan ziren, eta pixkanaka, Europako zein Munduko txapelketatan parte hartzeko sailkapena lortu zuten.
Joan zen urtean lortu zuten lehen aldiz munduko txapelketarako finalera sailkatzea. Unairentzak hirugarren mundiala zen eta Josebarentzat bigarrena. «Finalera lehenengo seiak pasatzen dira. Lehengo urtean hamargarren geratu ginen, eta duela bi hamahirugarren, eta aurten helburua finalean sartzea zen. Bagenekien hori lortuta, zerbait gehiago ere lortzeko aukera izango genuela», gogoratzen du Unaik. Bere kasuan «finala oso ondo atera zitzaigun. Ezin izan genuen urrezko domina lortu puntu bat eta erdiko diferentziagatik», zehazten du.
Josebaren kasuan, aurreko urtean seigarren postuan geratu eta gero, aurten urrezko domina lortu dute. Denboraldi borobila egin du Reguillagak eta Etxarrik osatutako bikoteak, lehenengo postua lortu baitute Espainiako, Europako eta Munduko Txapelketatan 23 urtez azpiko mailan. «Maila hori gainera kendu egin dute, 21 urtez azpikoa bakarrik geratu da, eta aurrerantzean senior mailan gabiltza», dio Josebak.
Hala ere, argi dute garaipen horiek ez direla soilik beraien lanaren fruitu. «Gure aurretik ere Unai Saralegi nire bikotea aritu zen txapelketatan, baita Irungo bikote bat ere, emaitza onak lortuz. Espainian orokorrean oso maila altua dago, eta Europan ere bai, kontutan izanda Japoniatik datorren kirola dela», azpimarratzen dute.
Hiru entrenamendu astean
Txapelketetarako maila lortzeko, astean hiru aldiz entrenatzen dute Usabal kiroldegian. «Txapelketak gerturatzen doazen heinean, entrenamendu gehiago ere egiten ditugu, eta federazioarekin ere entrenatzen dugu. Asteburutan, gainera, kurtsoetan laguntzen aritzen gara», diote.
Entrenamenduetan, bi bikoteak elkarrekin aritzen dira, Oscar Guibelalderen gidaritzapean. «Biok maila bastante altuan ibiltzen garenez, elkarri zuzentzen aritzen gara. Gehiebat beraiek guri, baina pixkanaka atzetik harrapatzen ari gara», dio Josebak.
Maila altuko kirolariak izatea inoiz ez da erraza izaten, baina are gehiago kirol minoritario batean. Beraien kasuan, entrenamenduak ikasketa eta lanarekin bateratzen dituzte. «Maila altuko kirola egin arren, dominaz gain ez dugu jasotzen diru-saririk. Horregatik, oso eskertuta gaude Judo Club Tolosak ematen digun laguntzagatik, baita Federazioak, Tolosako eta Amezketako udalek ematen diguten laguntzagatik, kirol hau egiten jarraitu ahal izateko», eskertzen dute. «Joan zen urtean hamalau txapelketa inguru eduki genituen joan zen urtean, eta erdietan baino gehiago hegazkina hartu behar izan genuen», diote.
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |
Pingback: Txantxangorri 146. alea - Txantxangorri Aldizkaria