Burgomendira itzulia

Aizpeako meategiak Zerainen

Burgomendira itzulia

Herrigunetik ia ateragabe ibilbide errazez eta paisaia ederrez gozatzeko aukera ere badagoela erakusten du hilabete honetako mendi-ibilbideak. Zeraingo plazatik abiatuko gara, kale nagusian behera, turismo bulegoaren ondotik igarota.

Segituan, herriko sarreratako bateko biribilgunera iritsiko gara, antzinako meategietako bagoneta duenera. Biribilgunearen ezkerraldetik jarraituko dugu, eta Legazpira doan errepiderantz sartuko gara. Errepideko lehenengo metroak jaitsi ondoren, eskuinean hasten den mendi-bidea jarraituko dugu.

Bertatik Burgomendira itzulia hasiko dugu. Mendi bidean aldapa labur bat igo eta minutu gutxian langa batera iritsiko gara. Gurutzatu eta eskuinetik doan bidetik jarraituko dugu aurrera, baso txiki bat gurutzatuz, hurrengo langara iritsi aurretik.

Bigarren langa hori gurutzatu eta bide ia lau bati jarraituz minutu gutxian mendiari buelta emango diogu Etxeberri baserrira iritsiz. Etxearen ondotik igaro eta errepidera aterako gara, eta aldapa motz bat igoz, hasierako biribilgunera ailegatuko gara.

Espaloia jarraituz, biribilguneari buelta emango diogu ezkerretik, errepidea gurutzatu eta lehen jaitsi garen bidetik igoko gara. Segituan iritsiko gara plazako irteera puntura.

Iraupena: 35 min.
Zailtasuna: erraza
Desnibela: 21 m.
Distantzia: 1,4 km.
Irteera: Berrobi

San Blas baseliza

Burgomendiko tontorrean dago San Blas baseliza, harizti baten erdian. XVII. mendean eraiki zen eta errezu leku izateaz gain, erromeriak ere antolatzen ziren bertan. Eztarriko minaren kontra babesteko janaria ere bedeinkatzen da San Blan egunean, otsailaren 3an. Eraikin xumea bada ere, bi isuritako teilatuarekin, mudejar erako barandila du koruan, eta bereizgarriak dira ere aldarea eta ur bedeinkatu ontzia.

Ondare naturala

Herriko ondare naturalaren kontserbazio egoera hobetzeko hainbat proiektu eraman ditu aurrera Zeraingo Udalak. Esku hartzeak Aizpeako meategiaren, Lasurtegiko hezegunearen eta Aizkorri-Aratzeko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) inguruetan garatzen ari dira. Izan ere, udalerriak bere lurren zati bat KBEaren baitan du. Egitasmo horiekin, baso naturalaren hedadura handitzea da helburua, baita hauen naturalitate maila eta konplexutasun estrukturala baso adindunekoetara gerturatzea ere.

Meatzaritza

Aizpeako Meategiek Zeraingo bizitza baldintzatu dute mendeetan zehar. XI. mendean hasi zen bertatik burdina ateratzen eta 1512an Otaloratarrek meategien ustiapenaren jabetza lortu zuten. Meategi hauek 150 hektareako azalera hartzen dute, inguruari paisaia berezia emanez. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Monumentu multzo izendapena du.

‘Neguko solstizioa’ eskultura

San Blas ermitaren ondoko zelaian, Jesus Jauregiren ‘Neguko solstizioa’ burdinazko eskultura dago kokatuta. 1987an egina Zeraingo Udalaren enkarguz, baselizaren eraberritze lanen baitan jarri zen. Arte garaikideko obra da, tamaina handikoa, eta ingurune naturalarekin elkarreragiteko diseinatua dago.

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia