Mamia, arrautza eta kanela, Pazkoko zaporeak

Mamia, arrautza eta kanela, Pazkoko zaporeak

Mamia, arrautza eta kanela, Pazkoko zaporeak

Garizuma eta Pazkoan gozo tradizionalek bere lekua hartzen dute

Amaia Núñez Yarza

Inauterietatik Pazko Astera doazen egunek zapore propioa dute. Gaur egun hain nabarmena ez bada ere, erlijioak ezartzen zituen mugak gainditzeko, errezeta bereziak sortu ziren. Horien artean daude 40 egun horietan dastatzen diren hainbat gozo tradizional. Guztien oinarrian: irina, arrautzak eta esnea.

Errezeta tipikoetako bat torrijak dira, mendeetan zehar luzatu dena. Jatorrian ogia aprobetxatzeko modu bat ere bazen. Gaur egun, frijitze oliotsutik aldendu eta kremositateagatik nabarmentzen den gozoa da. Ogi xerrak erabili ordez, briochea edo moldeko ogia ere erabili daiteke. Kanelarekin eta limoi oskolarekin infusionatutako esnean murgiltzen da, ukitzean ia desegin arte. Oliotan frijitu ordez, azukretan pasa eta zartagi berotuan karamelizatzen da, kanpoalde karraskari eta barrualde krematsua utziz.

Torrijen lerro berean jarri daiteke esne frijitua. Errezeta apala, urte guztian kontsumitzen bada ere, garai honetan du protagonismo handiena. Ogia beharrean irina edo maizena esne infusionatuarekin nahastuta egiten da masa. Hozterakoan, lauki formarekin moztu, arrautzaztatu eta frijitzen dira. Amaitzeko, azukre eta kanela bota diezaiokegu gainetik. Dirudiena baina kaloria gutxiago ditu postre honek.

Garizuma garaian, tradizioak eta ohiturak bat egiten dute hainbat herritan. Debagoiena eta Oñatin Karapaixo opila dute, aita edo ama pontekoek beraien besoetakoari oparitzen diotena ezkontzen den arte. Hiruki formako ogi bat da eta, ertzetan arrautza egosiak dituzte. Adituen arabera, Erromanizazio aurreko ohitura dela uste dute, udaberriari ongietorria emateko. Horrela, ogiak emankortasuna adierazten du eta, arrautzak, bizi berria. Betiko karapaixoak arrautza eta txorizoa izaten dituzte, baina gaur egun karapaixo gozoak ere egiten dira, txokolatezko arrautza, almendra eta gozokiekin.

Herri edo eskualde batekin lotura duen garaiko errezeta da San Markos opila, Irun eta Hondarribian egiten dena. Karapaixoarekin antzekotasunak ditu. Garai batean arrautza egosi eta piparrekin egindako ogia zen, ama pontekoek beraien besoetakoei oparitzen zietena apirilaren 25ean, San Markos egunean. Gaur egun gazitik gozora igaro da eta almendrazko bizkotxo bat izan ohi da. Gorriz margotutako arrautzekin, gozoki eta txitatxo baten panpin batekin apainduta egoten da. Usadioa jarraituz, oparitu aurretik bedeinkatu egiten dira mendira igo eta meriendatu aurretik.

Azkenik, martxoa haize buñueloen hilabetea dela esan daiteke. Masa frijituko puxika txiki hauek, garizumako soiltasunari aurre egiteko gozo egokia dira. Sukaldariaren maisutasuna frijitzean adierazten da. Lehorrak izan behar dute, inola ere ez koipetsuak, eta barruko zuloa eskuzabala. Tradizionalak glas azukrearekin hautseztatzen dira, baina esnegainarekin betetakoak ere ohiko bihurtu dira.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia