Ura Bere Bidean proiektuaren ‘Kantuz’ ikuskizuna Donostian eskainiko da
Abenduaren 13an estreinatuko da Ura Bere Bidean ekimenaren lana, Ipuskoako milurtekoaren ospakizunen barruan, 360ºko kontzertu sinfoniko murgiltzailea izango dena
Ura Bere Bidean proiektuaren ‘Kantuz’ ikuskizuna Donostiako Illunbe aretoan eskainiko da abenduan. Fernando Velazquezen zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrarekin batera 25 artistatik gora parte hartuko dute.
‘Kantuz’ ikuskizuna kontzertu sinfoniko murgiltzailea da. Garai eta estilo ezberdinetako Euskal kanta ezagun eta garrantzitsuenak berrinterpretatuko dira Fernando Velazquesen moldaketekin.
Ipuskoaren milurtekoaren ospakizunen barruan kokatzen da emanaldia hau eta bertan parte hartuko dute ondorengo artistek: Süne, Eider, Neomak, Amak, Idoia, Maren, Olatz Salvador, Nøgen, Sua (Ane Barrenetxea), Eñaut Elorrieta, Skakeitan (Pello Armendariz), Xabi Solano, En Tol Sarmiento (Iñigo Etxezarreta), Zea Mays (Aiora eta Piti), Gozategi, Betagarri (Iñaki Ortiz de Villalba), Mikel Urdangarin, Leihotikan, Urtz (Xabi Camarero), Sorotan Bele, Su Ta Gar (Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida), Doctor Deseo (Francis), Anje Duhalde, Erramun Martikorena eta Urko.
Abenduaren 13rako, larunbaterako, sarrerak Ura Bere Bidean komunitatearentzat (aurreko kontzertuetarako sarrerak erosi edo webgunean izena ematen dutenentzat) egongo dira eskuragarri lehenik, irailaren 3an, asteazkena, 10:00etan; publiko orokorrarentzat hurrengo egunean, irailak 4, 10:00etan. Sarreren eskari handia egonez gero, arduradunek iragarri dute abenduaren 12an, ostirala, bigarren saioa egingo litzatekeela.
Ura Bere Bidean Kantuz ekimenak euskal abesti garaikide eta estilo ezberdinen “kantua” sustatzea du helburu. Kantuz-en giro komunitario berezia sortuko da pantaila erraldoien bidez, kantutegiak erabiliz eta Gipuzkoako hainbat abesbatza partehartzaile izango direlako. Hori dela eta, Fair Saturday fundazioak, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioarekin elkarlanean, gonbidapena luzatuko die lurraldeko abesbatzei ekitaldian parte hartzeko eta Gipuzkoako tradizio korala bizirik mantentzen duten abeslariei eskerrak emateko.