Marina Torres: «Tindatzen nituen oihalei irteera emateko hasi nintzen josten»
Pandemia garaian sormena piztu zitzaion Marina Torresi eta joskintzan aurkitu zuen ogibidea
Betidanik gustatu izan zait eskuekin gauzak sortzea», onartzen du Marina Torresek. Baina inoiz ez zuen pentsatu joskintzarekin erlazionatutako ogibidea izatea. «Nik taberna batean egiten nuen lan, baina pandemian buruak klik egin zidan eta pentsatu nuen ‘zergatik ez?’», gogoratzen du.
Josten etxean ikasi zuen, amarengandik. Hala ere, afizio bat besterik ez zen berarentzat urte askotan. «Lagunen-tzako zein niretzako karteratxoak egiten nituen, turbanteak… gehienbat oparitzeko egiten nituen», azaltzen du. Garai hartan oihalak tinda-tzen ere baziharduen, eta «oihal horiei irteera bat emateko zerbait sortzen hasi nintzen», dio.
Pixkanaka, zituen oihalekin sortutako produktu sorta handitzen joan zen, lehenengo bilduma osatu arte. «Oihalekin jolasten hasi nintzen, etxean, lehenengo turbanteak, nezeserrak, egiten. Instagramen zabaldu nituen eta lagunak eta ezagunak erosten hasi ziren», azal-tzen du. Hilabete batzuetara, bere denda fisikoa irekia zuen. Ordutik, Itzal diseinua markapean saltzen ditu produktuak, dendan, azokan zein internet bidez.
Torres jakitun da joskintzaren inguruko artisau ugari daudela gaur egun beren produktuak saltzen, baina norberaren ukituaren garrantzia ere azpimarratzen du. «Kartera bat beti izango da kartera bat, baina mila aldaera egin ditzakezu. Oihalei beste tratamendu bat emateko aukera pila bat dituzu», dio.
Tindaketatik serigrafiara
Hasierako oihalen tindaketa alde batera utzi badu ere, «zaila da koloreak oihalean irautea, eta beste azpiegitura bat ere behar duzu», estanpazioak egiteari ekin dio.«Serigrafiako tintak erabiliz hostoak eta abar estanpatzen ditut», azal-tzen du. Diseinu guztiak bereak dira, nahiz eta zigilu batzuk Bartzelonako artisau batek egiten dizkion, «nik detaile txiki horiek ezin ditut lortu».
Bere bildumako produktu guztien patroiak ere propioak dira, behin eta berriro probak eginez lortuak. «Diseinu batetik abiatzen zara eta hemendik txikituko dut, hortik luzatu edo hemen jarrriko dut poltsikoa, kremailera, edo heldulekua… horrela sortzen ditut». Bezeroek ere eskaera pertsonalizatuak egiten dizkiote «eta horrek diseinu berriak, patroi berriak sortzera bultzatzen nau. Beti nago zerbait berria sortzen».
Oihalak ahalik eta ekologikoen izaten saiatzen da, gertuko hornitzaileei erosiak, «nahiz eta lor-tzen zaila den batzuetan. Kotoia, loneta edo larrua erabiltzen ditut, esaterako». Goizean ikasketekin jarraitzen du, arratsaldean Zikuñagako Rapia artelekuan duen tailerrean lan egiten du eta, asteburuetan, sortzen zaizkion azoketara joaten da. «Emakumeek gehienbat poltsoak erosten dituzte, kolore eta mota guztietakoak. Gizonezkoek berriz, ez zuten ia erosten kamiseta, jertse eta txano estampatuak egiten hasi nintzen arte», nabarmentzen du.
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |