Javier Arrieta: «Orain inork ez ditu horrelako lanak egiten»
Javier Arrieta Arraiagok egur- eta harri-lanak egiteari eskaini dio bizitza, Gipuzkoako txoko ugaritan ikus daitezkeen lanekin
Artean umea zela sartu zitzaion tailarekiko harra Javier Arrieta Arraiagori. Bederatzi urterekin bidali zuten Arantzazura ikastera eta han eman zituen artelanen lehenengo pausuak. Bertan hiruzpalau urte bakarrik egon bazen ere, nahikoa izan zen gerora bere ogibide izan denaren ‘harra’ sartzeko. Egurra eta harria izan ditu bidelagun ordutik eta kaleak, teilatuak eta etxeak apaintzen dituzten milaka obra egin ditu.
Arantzazun ikasi zuen egurra tailatzen. Fraileek tailer ezberdinak ematen zituzten, horietako bat, eskulanak. Han Ama birjinaren tailak egiten zituzten besteak beste, tamaina ezberdinetakoak, gero oroigarri bezala saltzen zituztenak.
Hamahiru urterekin atera zen Arantzazutik eta, ikasketak bukatu ondoren, Oñatiko enpresa batean hasi zen lanean. Harria lantzen ere Oñatiko hargin batekin ikasi zuen. «Lanaren ondoren, lokala debalde uzten zidan eta, pixkanaka, harria lantzen ikasi nuen», oroitzen du. Gerora, lantegia utzi eta bere kontura jarri zen.
Ordutik, harria eta egurra izan ditu bidelagun. Eraikinen zaharberritzeetarako teilatuko egurrezko habeak zein kutxak egin ditu egurrez, besteak beste. Harrizko lan ugari ere egin ditu: ezkutuak, plakak…
Harrizko lanetarako eraikuntzaren estruktura kontuan hartzen zuen. «Ezkutu handi bat egin behar baduzu, etxearen estrukturak berak erakusten dizu zein material erabili behar duzun. Areniska badauka, ezin duzu kaliza, granitoa edo marmola sartu», azaltzen du. Egurrean bezala, batzuk lantzeko errazagoak edo ‘bigunagoak’ dira eta besteak gogorragoak. Dena den, gaur egun gehienak tratatu egiten direla onartzen du, eguraldiak hainbeste eragin ez ditzan. «Likidoak daude eta harriak tratatu egiten dituzte, lizuna ez sartzeko eta denetarako». Mota ezberdinetako harriak erabili izan ditu Arrietak, bai hareharria, kaliza, granitoak edota marmolak ere, lehenengoak baino gogorragoak direnak.
Egurren artean, berriz, «gehien erabiltzen direnak gaztaina eta haritza» dira, «nobleak». Horietaz gain aukera zabala da: zumarra, gerezia, elondoa… «Egurretan bezeroak agintzen du».
Bere lanen artean, omenaldietarako ere hainbat obra egin izan ditu. Hauek dira bezeroen esandakora moldatzeko sormen lana eskatu diotenak eta gehien betetzen dutenak. Taila egiteko erraztasuna badu, irudietarako sormen lana izan da gehien kostatu izan zaiona. «Ez dut marrazkiak egiteko erraztasunak izan, hori oso zaila da». Horregatik, liburu eta hainbat iturrietan oinarritzen zen irudiak lortzeko.
Dena den, gaur egun materiala lortzeko zailtasuna dagoela azpimarratzen du, harrobi eta egur-lantegi asko itxi egin baitira. Berak izugarri maite du bere lanbidea eta, hortaz, «inoiz ez dut lantzat hartu egin dudana», onartzen du.
Bere lan ezagunena, agian, Ordiziako Azokarako egindako artzain eta baserritarren eskulturak dira. Hasiera batean proiektuak bost aurreikusten bazituen ere, merkaturako beste hainbeste sarrereratan, hiru osatu ziren: Goizane plazan, egurrezkoa, eta Mariane eta Peru, etxeetako harrizko egiturak aprobetxatuz. «Urkiri Salaberriak asko lagundu zidan», eskertzen du. Arte Ederretan doktorea eta Ondare inmaterialean espezializatua, berak diseinatu zituen hiru eskulturak.
Gaur egun, horrelako lanetatik aldenduta dago eta eskolak ematen ditu hainbat herritan. «Erakustea asko gustatzen zait», dio. Oñatin, Legazpin, Zegaman, Seguran, Olaberrian edota Idiazabalen ditu ikasleak, besteak beste. Hala ere, tristura sentitzen du bere lanbidea izan denak jasan duen garapenaz. «Orain inork ez ditu horrelako lanak egiten», dio. Izan ere, ikasle ugari dituen arren, «honetatik bizitza ateratzeko zorte asko izan behar da. Hasten dira, maila hartzen dute, baina ni bizi izan naizen bezala bizitzeko…». Garai bateko lan egiteko modua ere defendatzen du: «guk eduki dugun gustua eta fintasun hori galtzear dago. Gaur egungo gazteek ez dute horrela lan egiten», dio penaz.
Bere azken lanetako bat Oñatiko ermita baterako egin zuen: santuentzako harrizko bi oinarri. Egindako lanak errepasatuz, «lan politak» egitea suertatu zaiola aitortzen du.
Si quieres recibir la revista Txantxangorri cada mes y leer los contenidos antes de que se publiquen online, puedes suscribirte aquí.
Si te ha gustado síguenos en X, Facebook e Instagram para seguir disfrutando de nuestros contenidos. Además, si quieres hacernos llegar alguna propuesta o informarnos de algún evento puedes escribirnos a txantxangorri@txantxangorri.info. |