Eklipse denboraldia
Urtero daude eklipseak, baina hiru urtetan hiru eklipse ikusteko aukera egongo da iberiar penintsulan, 2028ra bitartean
Astronomiarentzat garai berezia iritsi da 2026an. Hiru urtetan hainbat eklipse ikusteko aukera egongo da. Lehenengoa otsailaren 17an gertatutako eguzki-eklipsea izan zen, batez ere Antartikatik ikusi ahal izan zena, baina datozen hilabeteetan ekitaldi gehiago emango dira.
Izatez, urtero gertatzen dira eklipseak. Gutxienez lau eta gehienez zazpi izaten dira, nahiz eta osoak edota anularrak gutxiago izan. Hala ere, guztiak ikustea zaila izaten da, Lurra planetako leku batzuetatik ikusten delako bakoitza. «Horregatik dira 2026 eta 2028 arteko urteak hain bereziak astronomoentzat, iberiar penintsulatik hiru eklipse igaroko direlako hiru urte hauetan», adierazten du Javier Armentia astrofisikariak eta zientzia dibulgatzaileak.
Jakina den bezala bi eklipse mota daude. Batetik eguzki-eklipseak, ilargia eguzkiaren aurrean jartzen denean eta bere itzala iristen den lekuetan gaua egiten denean. Bestetik, ilargi eklipseak, lurraren ‘itzalean’ sartzen da eta eguzkiaren argia ez zaio iristen. Kasu hauetan tonu gorrixka hartzen du eta beti ilargi betea dagoenean gertatzen da.
Eguzki eklipseak dira ikusgarrienak, «egunero argitzen gaituen argia joan egiten da. Belo bat bezala da, magikoa», azaltzen du. Hain da berezia, animaliak ere nahastu egiten direla denbora tarte horretan. Iluntasuna nabaritzean, batzuk lotara joaten dira eta, beste batzuk, atera egiten dira, besteak beste saguzarrak edota gaueko hegaztiak.
Kasu horietan, eguzkia guztiz desagertzeaz gain, zati bat ikustea ere gerta liteke. Fenomeno hauek partzialak direnean ilargiak zati bat bakarrik estaltzen du. Gainera, ilargiak lurrarekiko duen distantziaren arabera, hau da, apogeoan edo perigeoan dagoen, eguzkia gehiago edo gutxiago tapatuko du.
Hala ere, guztiz estaltze honetan fase ezberdinak ematen dira, ‘diamante eraztuna’ edota ‘Bailyren perlak’ izenekoak. Ilargia ez da borobil perfektua, krater eta mendiak ditu. Hortaz, eguzkia estaltzen bada ere, badaude eguzki-izpiek ihes egiten duten zonak. Momentu horri deitzen zaio ‘Bailyren perlak’. Pixkanaka parera iristen doan heinean fenomeno honek ‘diamante eraztuna’ri ematen dio lekua, izpiak leku batean bakarrik ikusten baitira. Bi fase hauek denbora gutxi irauten dute, minutu inguru.
Eklipseak ilargiaren itzala iristen den Lurreko zonaldetan bakarrik ikusten dira. Datorren abuztuaren 12an iberiar penintsula zeharkatuko du, iparraldetik, A coruñatik Palmaraino. Gipuzkoan herri batzuetan ikusi ahal izango da, Arrasate, Oñati, Zerain eta Segurako lerrotik hegoaldera. Minutu inguru iraungo du. Gainontzeko lekuetan eklipse partziala ikusiko da. «Eklipse guztiak ezberdinak dira eguzkia aktibo dagoelako. Koroa ez da beti berdina. Koroa ihes egiten ari den gasa da, tenperatura handian dagoena, eguzkitik ihes egiten ari dena fenomeno magnetiko guztien ondorioz».
Datorren urtean ere abuztuan izango da beste aukera bat, kasu honetan, sei minutu inguru iraungo du eklipse osoak, eta penintsula hegoaldean eta afrika iparraldean ikusi ahal izango dute. 2028ko urtarrilean, berriz, penintsulako hegoalde eta ekialdean egongo da ikusgai.
Aholkuak
Eklipseak begiratzea eguzkiari zuzenean begiratzea bezala da eta, hortaz, ezin da begibistan ikusi babesik gabe inolaz ere. Horretarako, eklipseak ikusteko betaurrekoak dira gomendatzen dituzten bakarrak, filtro bereziak baitituzte. Bestalde, adituek hauek ikusteko argazki-kamera edo mugikorra ez erabiltzea aholkatzen dute, ezta prismatikoak ere.
Begiak arriskuan jarri ordez, kartulina, kaxa edota bitsaderarekin eklipsea proiektatu daiteke, zuzenean begiratu ordez, proiekzioa ikusteko.
|
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |





