Fagus Alkizak antolatuta urriaren 25ean eta 26an ospatuko diren ‘Biodibertsitatea eta etorkizuna: erronka partekatuak’ jardunaldien egitarau osoa
Urriak 25, larunbata
09:00 – 09:15 Antolatzaileen ongietorria
09:15 – 09:50 “Korridore ekologikoak klima aldaketaren garaian” hitzaldia.Hernio-Gazume-Pagoeta-Izarraitz eredua.
30 minutu azalpena + 5 minutu galderak.
Gipuzkoako basoek ez dute nahikoa azalerarik funtzionalitate ekologikoa bermatzeko. Lurralde honetan biodibertsitatea mantendu edota berreskuratzeko ezinbestekoa da paisaian barreiatuta dauden baso-mantxa horiek korridore ekologikoak bihurtzea, eta horretarako, aukera bikaina eskaintzen dute Hernio-Gazume KBEak, Pagoetako parke naturalak eta Izarraitz KBEak. Hori erakustea izango da hitzaldiaren helburua.
Hizlaria: Aitziber Sarobe Egiguren, biologoa. Naturkom taldeko kidea eta HUHEZI unibertsitateko irakaslea.
09:50 – 10:25 “Egur hila eta bizia: intsektu saproxilikoak eta egurraren deskonposizioaren garrantzia biodibertsitatean”
30 minutu azalpena + 5 minutu galderak.
Ezagutu egurraren deskonposizio prozesu liluragarria eta bertan bizi diren fauna espezializatuaren mundua! Intsektu saproxilikoak izango dira ardatz nagusia: zer diren, zein den haien eginkizuna ekosistemetan eta biodibertsitatearen kontserbazioan duten garrantzia. Bizi zikloa, espezie aipagarrien ezaugarriak eta bioindikadore gisa duten balioa azalduko dira.
Hego eta Ipar Euskal Herriko basoen kudeaketa ereduen arteko aldeak aurkeztuko dira, ikuspegi historikoa eta legala barne: egurraren ustiapen tradizionala (ikatza, eraikuntza, itsasgintza…), gaur egungo praktikak, egur hilaren presentzia eta garrantzia, baita zuhaitzen eraztuntzea edo pago-motzen inguruko ohiturak ere.
Azkenik, ingurumen-hezkuntzaren bidez gizartearen kontzientzia nola handitu daitekeen aztertuko dugu, bioaniztasunaren etorkizuna bermatzeko aukerak partekatuz.
Hizlariak: Iñaki Mezquita Aranburu (Aranzadi Zientzia Elkarteko Entomologia Saileko kidea) eta Jon Frahier, Ingurumen hezitzaile-teknikaria, CPIE Littoral-basque Euskal-itsasbazterrako Ingurumen hezitzaile-teknikaria
10:25 – 11:00 “Kiropteroen kudeaketa eta haien eginkizuna ekosisteman”
30 minutu azalpena + 5 minutu galderak.
Aniztasun biologikoaren kontserbazioa berebizikoa da planetaren bizitzarako, gizarte ongizaterako eta garapen ekonomikorako. Saguzarrak, biodibertsitate horren parte direnez, bizi diren ekosistemetan funtsezko pieza izateaz gain, gure osasunerako eta laborantzarako kaltegarriak diren intsektuen populazioak kontrolatzearekin, zerbitzu ordezkaezina eskaintzen diote gizarteari.
Tamalez, Europa mailan saguzar espezie ezberdinen populazioak gainbeheran daude, batez ere, giza jardueren eraginez. Hitzaldi honetan azpimarratuko dugu fauna talde honen banaketa edo ugaritasunari buruzko informazioa edukitzearen garrantzia, Gipuzkoako kiropteroen atlaseko emaitza nagusiak azalduko ditugu eta kontserbaziorako gakoak aurkeztuko ditugu.
Hizlariak: Naiara Corcuera Landaluze, Ingurumen zientzietan lizentziaduna. Urteak daramatza saguzarren portaera, habitata eta biodibertsitatean duten garrantzia aztertzen. Bere lanak, ikerketa zientifikoaz gain, dibulgazioan eta hezkuntzan ere oinarritzen dira, saguzarren inguruko mitoak apurtuz eta haien garrantzia gizarteratuz.
Ion Fontenla Sukia, nekazaritza-ingeniaria. Saguzar-espezieen identifikazioan eta populazioen jarraipenean eskarmentu handia du, eta Euskal Herriko hainbat proiektutan parte hartu du. Bere helburua da saguzarren inguruko ezagutza zabaltzea eta haien babesaren aldeko kontzientzia piztea.
11:00 – 11:30 Atsedenaldia: Kafea
11:30 – 12:05 “Uraren taupadak – Garen (H)ura”
30 minutu azalpena + 5 minutu galderak.
Ura ezinbesteko baliabidea da izaki bizidunontzat, lurraldearen ondare naturalaren atalik garrantzitsuena izanik. Gure paisaien ardatza izateaz gain, herriak eta etxeak non kokatu ditugun baldintzatu du eta baldintzatzen jarraitzen du. Hala ere, egunero erabiltzen dugun arren, ezer gutxi dakigu berari buruz.
Hitzaldi honen helburua urari buruzko ezagutza hobetzea da, batez ere lurpeko urari dagokionez, eta baita eremu karstikoei dagokienez ere. Alkiza herriaren zati bat eremu karstikoa da eta, hala izanik, zaurgarritasun handiko ingurua. Gure esku dago altxor hau zaindu eta babestea, baina “ezin errespetatu eta babestu maitatzen ez dena eta ezin maitatu ezagutzen ez dena.”
Hizlaria: Inma Mugerza Perelló, hidrogeologoa, dibulgatzailea, Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia Saileko ikertzailea eta Lurpea Garbi elkarteko kidea
12:05 – 12:55 Fagus Alkiza interpretazio zentrora bisita gidatua
12:55 – 13:00 Amaiera
Urriak 26, igandea
Bisita gidatua Alkizan. “Zuhaitz lepatuak, gure arbasoen lekuko biziak”
Zer landuko da?
Zuhaitz lepatuak, gure arbasoen lekuko biziak
Valentín Mugarza basozainak gidatutako ibilbide honetan Alkizako basoetan barneratuko gara, iraganaren aztarna biziei begira. Zuhaitz lepatuak ez dira edozein zuhaitz: gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren testigu isilak dira. Zer dira, zergatik moztu ziren, eta zer balio dute gaur egun? Ibilbidea hasi aurretik ikus-entzunezko bat ikusi ahal izango dugu, zuhaitz lepatuen testuingurua hobeto ulertzeko. Ondoren, paisaia, historia eta kultura uztartuz, gure arbasoek basoa nola ulertzen eta erabiltzen zuten ezagutuko dugu. Aukera paregabea da ondare natural eta kulturala bizirik dagoela sentitzeko.
Gida: Valentin Mugarza Martínez, basozaina