Sai zuria, zeruetako dama zuria
Euskal Herrian nahiko hedatua badago ere, nahiz eta kopuru txikietan, nazioartean galtzorian dagoen hegaztia da sai zuria
Sai zuria (Neophron percnopterus) izango da gaurko protagonista. Hegazti bitxi bezain eskasa. Saien familiakoa baina hauek baino txikiagoa. Tamaina ertainekoa, hegalak zabalduta 1,50 metrotik gora har ditzake.
Helduak zuriak izaten dira gehien bat, hegal ertza beltzekin. Gazteak aldiz marroixkak. Urteak pasatu ahala zuritzen joaten dira heldutasunera iritsi arte.
Bere zuritasunetik aparte baditu beste ezaugarri batzuk ere. Buztana “v” formakoa du, ugatzaren antzekoa baina txikiagoa eta zuri zuria. Buru aldea ere berezia, hori horia, moko luze batez hornitua.
Europa hegoalde, Afrika, Asia erdi aldea eta Ekialde ertainean kokatzen dira batik bat bere populazioak. Euskal herrian ondo hedatuta dago baina kopuru txikietan Nafarroan izan ezik. Hemen bikote dezente daude batik bat atlantiar isurialdean.
Elikadurari dagokionez, sarraskijalea da. Sai arreek eta antzekoek uzten dituzten hondakinetatik elikatzen da. Baina bilatzaile oso ona da eta harrapakin txikiak ere harrapa ditzake. Behin baino gehiagotan ikusi dugu satorrak habiara ekartzen umeak elikatzeko.
Azken zentso nazionala 2018an egin zen (estatu mailakoa) eta 10 urtetik behin burutzen da. 2028 egingo da berriz zentso orokorra. Gero lurralde bakoitzak egin ditzake bere zentso partzialak.
Espainiari dagokionez, 2018.go zentsoan 1490/1567 bikote artean topatu ziren. Honek, Europamailako populazioaren gehiengo haundi bat suposatzen du. Nafarroan 130 bikote inguru eta Euskal Erkidegoan 50 bikote inguru.
2028an egingo den zentsoan ikusiko da espezie honen populazioak gorantz edo beherantz egin duen.
Espezie babestua, zaurgarria (Vulnerable) bezala sailkatua bai estatu mailan eta baita ere Erkidego mailan. UICNek (Union internacional para la conservacion de la naturaleza) Galzorian bezala sailkatzen du. Badirudi atlantiar isurian bere populazioa mantentzen dela edo pixka bat gorantz egin duela. Aldiz, isuri mediterraneoan beherantz doa bere populazioa.
Gurera udaberri hasieran ailegatzen da Afrikan negua igaro ondoren. Hemen umeak atera ondoren berriro Afrikara joaten da negua pasatzera. Otsaila bukaera, martxoaren hasieran etortzen dira eta habia daukaten lurraldean ezartzen dira. Lurraldea defendatu eta habia berritu ondoren apirilaren erdi aldera arraultzak jarri eta etzaten dira.
40 egun inguru txitatzen pasatu ondoren kumea(k) jaiotzen da (dira). Normalean bat izaten da baina ez da arraroa bi txito jaiotzea eta biak aurrera ateratzea. Abuztuan/irailan zehar gazteak hegatzen dira habiatik eta inguruetan jarraitzen dute Afrikarantz migrazioari ekin aurretik.
Oso fidelak dira eta ezer arrarorik ez bada gertatu behintzat, habia eta lurralde berdinera bueltatzen dira.
Esan bezala oso zaurgarriak dira eta txitatze eta ume aldian bakea eta lasaitasuna behar dute. Gizakiak eginiko edozein ekimenak garai horretan ekar lezake txitaldiaren zapuztea. Horregatik hartzen dira neurri bereziak espezie hau babeste aldera bere erreprodukzio garaian.
Espezie honen nondik norakoak jakin ahal izateko ezinbestekoa da aleak markatzea. Horretarako, Gpsa duen motxila txiki bat jartzen zaie bizkar gainean eta gailu horrek berebiziko informazioa emango digu. Nondik ibiltzen diren, bere lurraldea zenbatekoa den eta abar luze bat.
Jakina da espezie honetan (eta harraparietan orokorrean) hilkortasun tasa handia izaten dutela gazteak aurreneko urtean, hau da, bere dispertsio fasean. Gutxi gora behera erdiak hiltzen dira.
Hau dela eta 2017garren urtean bi sai zuri gazte markatu genituen Gipuzkoan gps bidez. Bati Zuri deitu genion eta bigarrenari Endoia.
“Zuri” eta “Endoia”
2017ko Uztailean markatu ziren bi gazteak. Zuri emea zen eta Endoia, berriz, arra. Aurreneko hegaldi dezenteak abuztuaren 18an batak eta irailaren 1ean besteak egin zituzten.
Zurik Afrika alderako bidea irailaren 8an hasi zuen. Hurrengo egunetan bidaiarekin jarraitu zuen eta Gibraltargo estugunea (estrecho) irailaren 12 gurutzatu zuen 25 minutuetan (goizeko 11.35etatik 12etara). Irailaren 14ean Saharako desertua gurutzatzen hasi zen eta 4 egun behar izan zituen 1.600 kilometro burutzeko.
Irailaren 20ean Mauritaniako sabana irekira iritsi zen (Sahel). Irailaren 21ean Senegal ibaia gurutzatu zuen eta Senegaleko lurraldean barneratu irailaren 22an berriro Mauritaniara bueltatzeko. Azkenean, urriaren 2an negua igarotzeko lekura ailegatu zen eta han egon zen urriaren 24 arte. Bere azken seinalea egun horretan eman zuen. Gero eta gpsari esker, hilik aurkitu zuten.
Endoiak berriz bere Afrika alderako bidea irailaren 3an hasi zuen. Irailaren 7an Gibraltargo estugunea zeharkatu zuen 35 minututan (goizeko 12 eta 12,35 tartean). Marruekos-era sartu zenean gpsarek kobertura galdu zuen eta seinaleak bidaltzeari utzi zion. Irailaren 11ean berriro seinalea eman zuen eta Argelian kokatzen zen Saharako desertua gurutzatzen. Hura izan zen eman zuen azken seinalea. Ez dakigu gaur egun bizirik dagoen edo ez. Esan behar da parajehorietan askotan koberturarik ez dela izaten.
Hemen bi sai zuri gazteen historia laburrak. Biak gure lurraldean ondo moldatu ziren, migrazioa burutu zuten eta Afrikan bere arrastoa galdu zen. Zuriren kasuan badakigu hil egin zela gorpua errekuperatua izan baitzen. Endoiaren kasuan ez dakigu zer gertatu zen.
Jakina da sai zuri gazte asko hiltzen direla Afrikan negua pasatzea joaten direnean. Garai batean gurean bezala, pozoia dezente erabiltzen omen da paraje horietan gaur egun eta ehizatzea ere nahiko arrunta omen da.
Beraz nahiko lan badu espezie gizarajoak. Saia gaitezen behintzat gurean daudenean ahalik eta ondoen zaintzen. Kontutan izan gurera denboraldi kritiko batetan etortzen direla, ugaltzera.
Hemen ez dira garai bateko kontuak. Ehizaren eragina asko jaitsi da, pozoiarena ere bai baina beste arazo mota berri batzuk sortu dira, esate baterako eolikoak. Bere beso luze horiekin borrero bilakatzen dira hainbat espezientzako eta bereziki sai zurientzako.
Aisialdiko beste hainbat jarduerak ere ez die mesede haundirik egiten (eskaladak, parapenteak, mendi lasterketak eta abar) horregatik jarduera horiek denak zaindu behar dira ugaltze garaian eraginik izan ez dezaten.
Artzantza ere beheraka doa. Aralar, Aizkorri eta antzeko mendi lerroetan ardiak eta ganadua behar dugu hegazti hauek biziko badira.
Ea bada, denon artean dama zuria zaintzen dugun eta gure umeen umeek ikusten duten hegazti zoragarri hau gure mendietan zehar hegatzen bere bizkar zuria erakutsiz bakearen bandera gisa.
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |