Txerribodak, despentsa betetzeko erritua
Negurako behar adina haragi lortzeko egiten ziren txerribodak baserrietan
Azaroaren 11a, San Martin eguna, txerriekin erlazionatu izan da mendeetan zehar. Egun hori izaten zen baserrietan txerriboda edo txerria hiltzea egiten zena. Egun garrantzitsua zen, izan ere, neguko hilabeteetarako biltegiak haragiz betetzen baitzen. Ez zen urteko egun bakarra, udaberrian arkumeak eta antxumeak ere hiltzen baitziren, ardiak udazkenean, eta urtean zehar oilaskoak eta untxiak; baina bai garrantzitsuena. Gaur egun ia galduta badago ere, garai batean familia osoa elkartzen zen, guztien artean egiten baitzuten egun horrek suposatzen zuen lana.
Txerriboda izenak adierazten duen bezala, lana baina gehiago, festa suposatzen zuen. Neguan familia guztia elikatzeko behar adina elikagai eskainiko batzien txerriak. Baserriko animalia garrantzitsuena izaten omen zen, urte guztian mimoz zaintzen zutena eta gerora jakiak emango zizkiena.
Lan handia suposatzen zuen eguna zen eta, horregatik, familia eta lagunak elkartzen ziren, lana festa bihurtuz. Jende ugari batzen ziren arren, bakoitzaren egin beharrekoa argi egoten zen. Txerria hiltzetik, odola jaso eta txorizo edota odolkiak egiteraino. Lagun ugarik parte hartzen zuten eta hainbat egunetan ere luzatu zitekeen. Hainbeste pertsona etxe batean elkartzeak eta guztiei jaten ematea da, baita ere, txerribodaren zentzua.
Despentsa betetzea
Txerritik dena aprobetxatzen dela esan ohi da, eta horrela izaten zen benetan. Hil ondoren, biharamunean zatitzen zen txerria. Zatikatze zehatza egiten zen, eta organo eta koipe-zati bakoitza aurrez zehaztutako helburu batekin bereizten zen.
Hilabete luzetan elikagaiak mantentzea ez zen erraza eta, horregatik, hestebeteak eta gazituak egitea funtsezkoa zen. Lanak ahalik eta azkarren egiten zituzten, galdu ez zedin. Ohikoena lehenengo hestebeteak egitea zen, hau da, odolkiak eta txorizoak.
Batetik, giharrak xehatu egiten ziren, piperrautsa, baratxuria eta koipearekin nahasten zen eta heste naturaletan sartzen zen txorizoak egiteko. Bestetik, odolkiak odolarekin, koipearekin, tipularekin eta, gehienetan arrozarekin edo arto-irinarekin prestatzen ziren. Hankak eta bizkarraldea urdaiazpiko eta paletak egiteko erabiltzen ziren, gazitze-prozesuaren ondoren, baserrian ontzen ziren.
Haragia bezain baliotsua zen txerritik ateratzen zuten gantza. Sukalderako eguneroko jakiak prestatzeko koipe bezala erabiltzeaz gain, kontserbarako baliabide nagusia zen. Bestalde, hezurrak, hankak, belarriak eta muturrak, urte osoan edukitzen omen zituzten gatzetan. Hauek gisatuak, eltzekoak eta saldak aberasteko erabiltzen ziren. Azken finean, autosufizientzia zen baserriaren oinarria eta hori lortzeko, beharrezkoa zen ahalik eta gehien baliatzea elikatzeko.
Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.
|
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |





