Mattin Iñiguez: «Hegan gehien egiten duenak irabaziko du»
Mattin Iñiguezek ekainean jokatuko den parapente txapelketa garrantzitsuenean parte hartuko du munduko onenekin batera
Datuek dena esaten dute: 1.283 kilometro 12 egunetan Alpeak gurutzatuz, hegan edo, ezin denean, korrika. Hori egin beharko du Mattin Iñiguez zegamarrak datorren ekainaren 12tik 27ra, ‘hike and fly’ (oinez eta hegan) parapente modalitateko munduko txapelketa garrantzitsuenean, Red Bull X Alps. Iñiguezen zenbakiak ere ez dira nolanaikoak: esperientzia luzea dauka parapente modalitate horretan, baita vol-vic izenekoan, eta duela urtebete Pirinioak zeharkatuz egin zen hegaldi luzeena lortu zuen, Urbasatik atera eta ia Andorraraino iritsiz.
-Nolatan hasi zinen parapentean?
-Orain dela hamar bat urte hasi nintzen. Mendi mundutik nator, alpinismoan eta eskalatzen ibiltzen ginen, baina Zegama-Aizkorri bueltan hegalariak ikusita neuzkan eta beti neukan kuriositate hori. Hegan hasi ginen menditik jaisteko tresna bat zelako, baina denborarekin deskubritu genuen bidaiatzeko ere balio duela, eta engantxatu egin ginen.
-Orduan, ahalik eta bidaia luzeenak egiten saiatzen zara.
-Bai, pixkat ia kontrajarritako kontzeptuak dira, mendira igo eta hegan jaistea edo hegan egitea. Neretzat interesgarriena hegan egitea da, ikusten ez den hori ulertzea, eguzkiak nondik jotzen duen, haizea nondik datorren, txoriak zer egiten ari diren, lainoak ze forma daukaten… hori dena interpretatu eta egiten duzu ideIa bat zer mugimentu dauden airean eta mugimendu horiek erabiltzen dituzu airean joan eta joan egiteko. Batzuetan leku batetik joan eta beste leku batetik bueltatzen gara, besteetan ‘distantzia librea’ esaten dioguna, ahalik eta urrutiena joatea.
-Hegan zoazenean ikusten duzuenarekin gidatzen zarete orduan.
-Gaur egun aurreikuspenak oso onak dira eta tresna pila bat dauzkagu jakiteko zer pasako den atmosferan. Orduan, badakigu zein egun izango diren onak hegan egiteko. Aurreikuspenez aparte, hegan zoazenean mendian asko fijatu behar duzu, naturan zer gertatzen ari den, hegan egin ahal izateko. Airea ez da ikusten baina seinale batzuk ematen dizkizu, arbolak nola mugitzen diren, ura nola mugitzen den itsasoan edo mendiko ibonetan, eta lainoak badaude kristoren informazioa ematen dizute.
Lainoa da termika baten bukaera, aire beroa hotzaren barruan gorantz igotzen ari da eta ailegatzen da kondentsazio puntu bat lainoa sortzen duena. Guk lainoa ikusten dugunean igogailu bat ikusten dugu, airea gora igotzen, eta saltoka joaten gara laino batetik bestera. Azken finean putreek egiten duten berdina egiten dugu, beraiek milaka urte daramatzate naturalizatzen eta gu imitatzen saiatzen gara.
-Nola sortu da Red Bull X Alps txapelketan parte hartzeko aukera?
-Parapentean modalitate ezberdinak daude>, akrobaziak egiten dituztenak, abiaduran ibiltzen direnak, eta azken urtetan indarra hartzen ari da ‘hike and fly esaten dena, ingelesez oinez eta hegan egitea. Honek uztartzen ditu mendiko lasterketak parapentearekin. Modalitate hau sortu zen Alpeetan, lau zorok Salzburgotik hasi eta Monakoraino ibilbide bat egin zutenean, eta bihurtu da mundu mailako lasterketarik potenteena.
-Zein ibilbide egin behar duzue?
-Austriako Kitzbüheletik aterako gara ekainaren 15ean, berdin dio zer eguraldi dagoen, eta Alpeetatik joan etorria egin behar dugu Suiza, Alemania, Italia, Frantzia eta Austria gurutzatuz, ia 1.300 kilometro, eta 8 bat egiten Zell am See-ra bueltatu behar gara, ekainaren 27rako. Hegan egin ahal bada oso polita da, baina baldintzak ez badaude oso gogorra izan daiteke horrelako distantziak eta desnibelak oinez egin behar izatea, ekipoa bizkarrean eraman behar baitaukazu.
-Ibilbidea jarrita dago?
-Puntu batzuetatik pasa behar dugu, baina ibilbidea librea da, dagoen eguraldiaren arabera zuk erabakitzen duzu zer mendilerrotatik pasa, zein bailaratara sartu… hori estrategiaren barruan dago, eta erabaki onenak hartzen dituenak eta hegan gehien egiten duenak irabazten du.
-Nola prestatu zara?
-Konplikatua da. Aste Santutan aste pare batez joan gara ahalik eta gehien ezagutzera, eta hegan ibilbidearen ia erdia egin dugu, oso baldintza onak eduki ditugulako. Gero dauden baldintzak esango digute hortik pasa ahalko garen edo ez. Egun batean pasa zaitezke bailara batetik bestera eta hurrengoan euria edo haize gogorra badago ezin da hegan egin eta oinez ibili behar duzu.
Hegan egunean agian 200 kilometro inguru egin ditzakezu baldintza onak badira, baina korrika egunean 100 kilometro egitea basakeria bat da, eta bizkarrean 10 kilo dauzkazula egiten badituzu hurrengo egunean porru eginda zaude. Indarrak neurtu behar dituzu hainbeste egun irauteko.
-Exijentzia handiko lasterketa da, beraz.
Bai, exijentzia maila ikaragarria dauka. Munduko onenek parte hartzen dute, soldatapean markentzat lana egiten dutenak, eta beraien ofizioa lasterketa hau prestatzea da ia. Gero gaude lau artaburu, gonbidatzen gaituztenak eta ahal duguna egiten dugunak. Hor ari gera lana entrenamenduekin uztartzen ahal dugun bezala. Jaun eta jabe Alpeetako herrialdeetako pilotuak dira, hangoak dira eta profesionalak dira.
-Zenbatek parte hartuko duzue?
-35 pilotu gara eta gero taldeak. Laguntza daukagu, fungonetan dijoan jendea, aireratzerakoan laguntzeko, arropa eta jana eramaten dutenak, eta abar. Gauetan deskantsatzera behartuta gaude, eta taldeak laguntzen digu logistikarekin eta eguraldi aurreikuspenak egiten.
-Zein da zure helburua?
-Oso konziente gara gonbidatuak garela eta ahal duguna egingo dugu. Maila ikaragarria dago, munduko espezialista onenak hor daude. Parte hartu ahal izatea bakarrik saria da. Niretzat erronka ez da inor irabaztea, baizik hamabi egunak irautea. Bi egunetik behin azkena bota egiten dute, beraz, egun guztiak iraun nahi ditut, ahalik eta distantzia gehiena egin eta, zirkuitu guztia bukatzea lortuko bagenu kristoren ilusioa izango litzateke. Eguraldiaren arabera urte batzuetan batek edo bik bakarrik bukatu izan dute.
-Joan den urtean hegaldi luzeenaren errekorra jarri zenuen.
-Bai, duela urtebete sonatua izan zen. Egun haizetsu batean proba egitera joan nintzen, baldintza oso potenteak aurkitu nituen eta aurrera egin nuen. Artabiatik irten nintzen, Urbasa ingurutik, eta ia Andorraraino iritsi nintzen hegan, ia 300 kilometro Pirinioak zeharkatuz. Lehenengo aldia izan da hori egin dena.
-Zenbat denbora behar izan zenuen?
-Hegaldi hartan bederatzi ordu eta laurden izan ziren. Haizea kontra badago 20 kilometro orduko zoaz, gutxi gora behera, eta haizea alde baduzu 60 kilometro orduko. Gero altuera hartzeko-eta denbora behar dugu ere.
-Hemen inguruan ibiltzen zara edo munduan zehar ere bidaiatzen duzu?
-Mendia dagoen lekuan han izan gara beti. Hemen ibili gara, Alpeetan ere, Himalaia ingurua Jose Ramon Agirre ‘Marron’ekin egin nuen lehenengo bidaia Pakistanera… gustatzen zait mugitzea, oso polita da mendiak zerutik esploratzea.
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |