Maria Intxaustegi: «Kuriositatea daukazunean, toki batetik bestera eramaten zaitu»

Maria Intxaustegi esploratzailea Antartikara egindako bidaietako batean. Argazkia: M. Intxaustegi

Maria Intxaustegi: «Kuriositatea daukazunean, toki batetik bestera eramaten zaitu»

Maria Intxaustegi XXI. mendeko esploratzailea da, munduan zehar bidaiatzen du urpeko lurzoruak ikertzen

Agurtzane Núñez Yarza

Esan daiteke, akatsik egiteko beldurrik gabe, Maria Intxaustegiren lana bidaiatzea dela. Pertsona askok amesten duten bizitza izan daiteke, aldi berean polita bezain arriskutsua dena. Urte erdia bidaiatzen ematen du, munduko txoko ezberdinen egoera aztertuz, hori baita bere benetako lana, National Geographic-eko itsasontzi bateko espedizioko kide moduan. Azken hilabeteak itsaontzian eman ditu, Azore uharteetatik, Cabi Verde edota Madeira artean, hilabete hasieran etxera bueltatu aurretik. Maiatzaren 9an bere bizipenei buruzko hitzaldia eskainiko du Alkizan.

-Nola iritsi zinen barku batean lan egitera?

-Euskal Herrian bizi izanak asko egin du. Ni donostiarra naiz, eta Donoatian, Hondarribian, Orion, Mutriku aldean… nahiko normala da itsasoan lan egitea. Ni ez nator arrantzale familiatik edo merkataritza-nabigazio familiatik baina oso lotura estua izan dut itsa-soarekin txikitatik, urperaketa egiten edo hondartzara joaten egunero. Beti uretan nengoen, edo urazpian edo urgainean.

-Zer lan egiten da horrelako itsasontzi batean?

-Hemen egiten den lana oso berezia da, egia esan. Nik National Geographic-eko itsasontzi batean egiten dut lan espedizio gida bezala. Espedizio gidak asko daude, botanikoak, naturalistak, ornitologoak… eta ni atal berezi batean nago, ‘undersea specialist’ edo itsaspeko espezialista. Bi pertsona edo ni bakarrik egoten naiz eta egoten garen toki guztietan urperaketa egiten det. Beti kamera batekin joan behar naiz eta lurzoruak analizatzen ditut, ikusten dut zer nolako ekosistema motak dauden, osasuntsu dauden ala ez eta datu analisiak egiten ditut, bidaiaren arabera.

-Hotza ere pasako da urperaketa horietan.

-Antartikan urtero egiten det urperaketa, Artikoan ere bai, Groenlandian… mundu osoan zehar. Hotza asko pasatzen da bai, ura minus hiru edo lau gradutara dagoenean, oso gaizki pasatzen da. Baina merezi du eta ikaragarria da, sekulako zortea daukat horrelako lanpostua aurkitzeagatik. Nik ez nuen espero horrelako lanpostuan existitzen direnik, baina begira, oraintxe itsasontzian nago, Cabo Verde pasa dut eta ura 24 gradutara zegoen; asko eskertu det. Orain Kanariar uharteetara goaz, hortik Madeirara eta Azoresen bukatzen dut hilabete bat egon ondoren Makaronesia uharteak analizatzen eta ikertzen.

-Normalean jendea gauza batean espezializatzen da, baina zuk denetarik egitea aukeratu duzu: arkeologoa, historialaria, urpekaria, barkuko pilotu ere bazara, idazlea…

-Bai, arrazoi daukazu. Nik uste det azken finean kuriositatea dela. Kapitain bihurtu nintzen, nere ikerkuntzak ere egin ditut eta oso pozik nago beraiekin. Ez dakit zenbat bizitza dauzkat, baina egunak luzeak dira, asteak luzeak dira, eta kuriositatea daukazunean, azken finean, toki batetik bestera eramaten zaitu. Uste dut pausu logikoak eman ditudala nere bizitzan: txikitan hobbi batzuk dauzkazu, urperaketa, irakurtzea, gero unibertsitatera joaten zara, udan dirua ateratzeko patroi moduan hasten zara… asko gustatzen zitzaidan eta beraz, plan B moduko patroi bihurtu nintzen, eta hortik, kapitain. Bai, nahiko berezia da, baino ez naiz inoiz fijatu, egia esan.

-Nola egiten duzu denetarako denbora izateko?

-Nire ustez antolaketa gauza garrantzitua da. Batzuetan gauza batzuk egiteko denbora daukazu eta besteetan beste gauza batzuk egiteko. Itsasoratuta nagoenean, adibidez, itsasoan nago eta hemen oso kontzentratuta egon behar naiz. Egiten dudan lana azken finean arriskutsua izan daiteke, ez bakarrik toki polarretan nagoenean. Artikoan hartza polarrak daude eta oso arriskutuak dira, rifleak begiratu behar ditut, munizioa… egoeraren gaineran egon behar naiz, logistika asko dago. Baino hori urteko sei hilabete dira. Beste seiretan etxean edo oporretan nago, ez daukat ezer egiteko. Horrek ez du esan nahi ez dudanik ezer egiten, denbora osoa daukat liburuak idazteko, artikuluak pentsatzeko, beste gauza batzuk egiteko. Bizitza berezia da, baina antolatzen bazara, denbora ematen dizu.

-Zer sentitzen da hain urruneko tokietara bidaiatzerakoan?

-Beno, ia ohituta nago. Antartika nire seigarren urtea izango da, urtero hiruzpalau hlabete igarotzen ditut hor. Gero Artikoan beste hiru edo lau hilabete. Oso lasaia da, gustatzen zait. Gero hiri handietara joaten naizenean nahiko agobiatzen naiz. Nik uste dut lan hauek ez direla errazak kalekume bat bazara, adibidez, baina nire kasuan, nahiz eta pertsonarik ez aurkitu, oso lasai eta oso trankil nago horrelako bizimoduan.

-Alkizan hitzaldia eskainiko duzu maiatzean, zeri buruz hitzegingo duzu?

-Nire abenturei buruzkoa izango da, zer esan nahi duen gaur egun esploratzaile bat izatea, zer nolako bidaiak egiten ditugun, bereziki Antartikan baina baita ere Artikoan. Gustatzen zait jendeari gerturatzea bizimodu ezberdinak daudela eta garrantzitsuak direla. Azken finean, aldaketa klimatikoaren alde onak eta alde txarrak mundu osoan zehar lan egiten dugun pertsonok argi eta garbi ikusten dugu zer nolako transformazioa gertatzen ari den.

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia