Jentilen Etorrerarekin amaituko da Ataungo Mitoaldia urriaren 25ean
Jentilen etorrera antzeztuko dute Ataungo biztanleek Joxe Miel Barandiaranek jasotako kondairetan oinarrituta
Ataun, Gipuzkoako bihotz mitologikoa, berriro ere Euskal Herriko kondaira zaharrenak biziarazteko prest dago. Urriaren 25ean VIII. Mitoaldiaren amaierako ekitaldi nagusia hartuko du: Jentilen Etorrera, Ataungo biztanleek antzeztutako mitologia ikuskizun paregabea.
Jentilbaratza Kultur Elkarteak bi urtero antolatutako ekitaldi honek Euskal Mitologiaren funtsa kaleetara ekartzen du. Antzezpen bat baina gehiago, Ataungo historia eta kondairak bizirik mantentzen dituen ekimena da.
Jentilen etorreraren bi saio
Jentilen Etorrera ikuskizunaren bi saio eskainiko dituzte, ikusle gehiagok disfrutatu dezaten. Ongi etorria, 19:15, San Martingo plazan hasiko da eta ikuskizuna Ataungo Auzoetako Kiroldegian eskainiko da. Lehenengo saioa 20:00etan egingo da eta, bigarrena, 22:00etan. Horrela, 1.400 ikuslerengana iristea aurreikusten dute aurten ere antolatzaileek.
Ikuskizunak ordu betetik gorako iraupena izan ohi du. Bertan, Jentilez gain, Euskal Mitologiako beste pertsonaia garrantzitsu batzuk ere agertzen dira, hala nola Basajaun, Mari, Sorginak, Sugaar eta Lamiak, baita Ataungo kondairetan Joxe Miel Barandiaranek jasotakoak: Kixmi, Samartin Txiki, Torto, Mikelats, Alarabi, Otsoko edota Zezengorriak. Horiek guztiak herriko bizilagunek antzezten dituzte -175 pertsonak parte hartzen dute prestakuntza eta antzezlan laneta-, ekitaldiari izaera berezia eta hurbilekoa emanez.
Sarrerak aurrez erosi behar dira, eta ohikoa da azkar agortzea, ikuskizunak lortu duen ospea dela eta.
Jatorria: Barandiaran eta Ataungo Kondairak
Jentilen Etorreraren jatorria Ataunen bertan dago. Euskal mitologiaren aita izan zen Joxe Miel Barandiaran ataundarraren lan itzelak jasotzen dituen kondaira eta mitoetan du oinarria. Barandiaranek jasotako kontakizun eta lekukotasun guztiak, batez ere ataundarren ahotik jasotakoak, dira ikuskizun honen gidoiaren muina. 40 urte baino gehiago daramatzate errepresentazio hau egiten eta guztira 30en bat kontu zahar edo legenda antzeztu dituzte jadanik.
Jentilak euskaldunen aurreko arbaso erraldoi eta indartsuak omen ziren, kristautasuna iritsi aurretik mendietan bizi zirenak. Kondairaren arabera, zeruan argi distiratsu bat (Kixmi, hau da, Kristo) ikusi zutenean, haien aroaren amaiera zela ulertu eta leizezuloetan ezkutatu ziren edo amildegitik behera bota ziren. Batzuek, ordea, mendian geratzea erabaki omen zuten, Basajaun bezala.
Jentilbaratza, Ataungo mendi mitikoa eta gaur egungo kultur elkartearen izena, Jentilekin lotutako toki nagusia da. Berezko misterio eta errespetu horretan oinarritzen da ekitaldia, Jentilen Etorrera deiturikoan, non mitologiaren figura hauek berriro ere herriko kaleetatik itzultzen diren, Barandiaranek jasotako herentziaz gozatzeko aukera paregabea eskainiz.
Ataungo Jentilen Etorrerak, beraz, ez du soilik iraganeko istorioak gogorarazten, baizik eta Euskal Mitologia bizirik dagoela erakusten du, herritarren eta bisitarien arteko zubia eraikiz.
Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.
|
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |







