Urdanetara itzulia

Urdanetatik ibilbidea

Urdanetara itzulia

Zarauzko Abendaño industria-gunetik aterako gara Urdanetara joateko, autobidearen azpitik gurutzatzen duen errepidetik barrena. Zubiaren azpitik pasa eta ezkerretarantz joko dugu, eta segituan bidegurutze batera iritsiko gara, eskuinerantz jarraituko duguna, enpresen artetik.

Dena zuzen jarraituko dugu bidea espaloitik eta industria-gunetik ateratzen garenean, errepide ertzetik jarraituko dugu. Ordu laurden inguruko bidea daramagunean, ezkerretara zubi bat ikusiko dugu, ez dugu guru-tzatuko, errepidean aurrera egingo dugu. Puntu horretatik aurrera, bidea aldapan gora izango da, altuera hartu arte.

Ordu beteren ondoren, aldaparen gainera iritsiko gara. Baserri eta etxe batzuen artetik igaroko da bidea, animalia basatiak dauden zelai baten ondotik. Errepidean aurrera eginez, aldapa jaitsi eta azken metroak igoz Urdaneta auzora iritsiko gara.

Itzulera bide beretik egin dezakegu, edota Urteta auzotik igaroz. Horretarako, Urdanetako elizaren ondotik pasako gara hilerrirantz, eta aparkaleku baten ondoan, Pagoetarantz seinaleztatzen duen errepidetik igoko gara. Hasierako aldapa nahiko gogorra da, baina ondoren desnibela gutxitzen da. Segituan, errepidea zementuzko bidea bihurtuko da Urtetara iritsi arte.

Beti bide nagusitik joango gara. Gainera iritsitakoan, aldapa behera luzea hasiko da. Ordu erdi pasatxo beharko ditugu Mokoroa txakolindegira iritsi arte. Hemendik aurrera berriro errepidea jarraituz industriagunera jaitsiko gara. Errota-Berri baserriaren ondotik igaro eta errepidetik aurrera eginez, hamar minutu inguruan iritsiko gara irteera puntura.

  • Iraupena: 3 ordu
  • Zailtasuna: ertaina
  • Desnibela: 425 m.
  • Distantzia: 11,9 km.
  • Irteera: Zarautz

 

Inguruan

Urdaneta

Zarauztik iristen bagara ere, Urdaneta Aiako hamaika auzoetako bat da. Duela hamarkada batzuk arte ez zuen izan errepiderik, eta herri txiki bateko bizimodua mantentzen zen bertan eskola propioarekin, frontoiarekin, elizarekin, tabernarekin, eta abar. Jatorrian Alamedako markesen jabetzakoa zen auzoa. Urdanetaren sorrera ezjakina da, baina dokumentuen arabera, 1564 urtean Aiako herriari batu zitzaion, Laurgain eta Elkano auzoekin batera.

San Martin eliza

San Martin da Urdanetako parroki-eliza. Hiru aldare ditu; nagusia Tourseko San Martini eskainitakoa, eta aldamenean San Migel eta San Anton ditu. Tenpluaren alboetan Errosarioko Andre Mariari eta San Isidro Nekazariari eskainitako erretaulak ditu. 1959 urtera arte oraindik elizaren barruan zeuden lurperatuak gorpuak. Historiak dioenez, 1803an Napolitar batek tenpluko piezak garbitu eta urreztatu zituen, baina 1812. urtean, tropa frantsesak iritsi zirenean guztiak eraman zituzten.

Txakolina

Duela 30 urte sortu zen Getariako Txakolinaren jatorri izendapena. Hasieran Getaria eta kostaldeko txakolin landaketak hartzen zituen, eta duela hamabi urte Gipuzkoa osora hedatu zen. Nagusiki Hondarribi zuri mahats motarekin egindako urteko ardo txuriek, ezaugarri eta modu tradizionalean eginak jasotzen dute txakoli izena. Ibilbidean zehar hainbat txakolin landaketa ikusiko ditugu, eta Urteta auzoan, Mokoroa familia-bodegaren mahastien ondotik pasako gara.

San Sebastian ermita

Urteta auzotik Zarautzera bidean goazela, ezkerraldean ikusiko dugu San Sebastian ermita, baserri ba-tzuen ondoan. XVI. mendean eraiki zen hareharriarekin eta jatorrizko estilo gotikoko elementu batzuk mantentzen ditu oraindik, besteak beste atzealdeko arrosa-leihoa edota leiho bikiak. Sarrerako atearen gainean Sebastian Santuaren martirioa sinbolizatzen duten geziak ageri dira. San Sebastianen irudiaz gain, Kristo gurutziltzatuaren eta Errosarioko Andre Mariaren irudiak ditu.

Déjanos tu opinión

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta