Eladi Balerdi: «Nire apustua ezti guztia Gipuzkoan egitea izan zen hasieratik»
Duela hogei urte hasi zen erlezaintzan kasualitatez, eta gaur egun, erleari esker lortutako hainbat produktu plazaratzen ditu Eladi Balerdik
Txikia zenean bere aitak erleak jarri zituen baserri ondoan. «Sagasti bat landatu zuen eta polinizatzeko zeuzkan, ez eztia lortzeko. Zuhaitz batean zeuden eta bakarrik bizi ziren», gogoratzen du Eladi Balerdi erlezainak. Baserriak beti deitu zion, baina lantegiko lankide baten aitak ireki zion erlezaintzarako bidea. «Erlauntzak jartzeko toki bila zebilen eta gure lursailean jartzeko aukera komentatu zidan Anastasio Mujikak. Baiezkoa eman nion, baina berak niri erlezaintza erakusteko baldintzarekin».
Bi urtera jada fabrikako lana utzi eta eztigintzan buru belarri ekin zion. «Hasieran Tolosako babarruna ere egiten nuen, kilo dezente ateratzen nituen, baina pixkanaka erlezaintzan zentratzen joan nintzen», dio. Izan ere, Ehundik gora erlauntza edukitzera iritsi zen, baina azkenaldian gutxitzen joan da, guztia ondo egoteko eskatzen duen lanagatik.
Bere erle guztiak Amezketako Ugarte eta Tolosako Bedaio auzoen arteko bailaran ditu, etxe inguruan. «Mila kilo ezti inguru egiten dut, erle asko behar dira hori lortzeko. Asko dirudi, baina mila kilorekin ezin zaitezke erlezaintzatik bizi», azaltzen du.
«Gipuzkoan gehienbat eztigile txikiak daude, eta eztigintzan aritu nahi zutenek Nafarroa aldean zeukaten erlauntzak. Nik apustua egin nuen hemen erlezaintzatik bizitzeko», azaltzen du Balerdik. Horregatik, berak erleetatik eratorritako beste hainbat produktu lantzen hasi zen: propolia, erregina-jalea, erle-ogia edota propoeztia, eta joan zen urtean erlauntza-airearen etxolak ere jarri zituen.
Udaberriko produktua
Erleak urritik aurrera erlauntzan sartu eta negualdirako prestatzen dira. «Ez dira lokartzen beste animalia batzuk bezala, baina bola bat egiten dira tenperatura mantentzeko. Otsaila inguruan, txikori-belarra eta sahatsa loratzen hasten direnean, tenperaturaren arabera, hasten dira erlauntzatik ateratzen, baina maiatza ingurura arte ez du egiten erlezainak hartzeko adina», zehazten du.
Berak ekoizten duen Azkonita eztia milalorea da, bere basoetako zuhaitz eta zuhaixken loreekin egina. «Oso ezti fina da, akazia dauka, baina baita gaztainondoa ere, eta sasiak ere oso gustuko dituzte, bai loreak, baita masustak ere, azukre asko dutelako».
Ikerketen arabera, kalkulatzen da erle batek gutxi-gora behera bi kilometro egiten dituela polenaren bila erlauntzatik ateratakoan, «baina jakin izan da ur bila kasu batzuetan distantzia gehiago egin dituztela. Nik mugitu izan ditut erlauntzak hori baino gehiago eta erleek tokia aurkitu dute, horrek esan nahi du lehenago egonak zirela».
Balerdik azken hamarkadan modu ekologikoan ekoizten ditu bere produktuak eta, horregatik, produktu kimikoak erabiltzen diren nekazal lursailetatik, industria guneetatik edota autobideetatik hiru kilometrora egon behar direla erlauntzak, eta gaixotasunei aurre egiteko ezin duela produktu kimikorik erabili. «Gipuzkoan ez dago nekazal lursail haundirik, baina Espainiako lurralde batzuetan edota Estatu Batuetan erleen hilkortasun handia dago hain justu nekazaritzan erabiltzen diren produktu kimikoengatik. Azken finean, erleak polena hartzen dutenean, produktu horiek ere erlauntzara eramaten dituzte», azaltzen du.
Eztia, hala ez badirudi ere, eguraldiari oso lotutako produktua da. «Tenperaturaren eta hezetasunaren arabera asko aldatu daiteke. Hamalau gradutik behera erleak ez dira ateratzen». Horregatik, Balerdi erregina-jalea egiten hasi zen, «denboraldi guztian egin dezakezu. Erregina izateko larbak jartzen dira eta erleek horiek erregina-jalearekin elikatzen dituzte. Hiru egunez behin larba horiek kendu behar dira. Lan asko eskatzen du, oso gutxi sortzen delako, horregatik da hain garestia», azaltzen du.
Azken bi urteetan Ikaztegietan erlauntzako aire etxolak dauzka jarrita. «Jose Manuel Atxagak Katalunia aldean bazegoela ezagutu zuen, eta berak sustatu du», azaltzen du Balerdik. Bost erlauntza daude bi txabolen azpian. Batean tutu baten bitartez erlauntzako airea arnasten da zuzenean, eta bestean, sauna antzekoa, etzanda zuzenean erlauntzako atmosfera sortzen da, beti 35 gradutara baitago erlauntza. «Bi urte bakarrik daramagu, baina sumatu dugu batez ere arnasketa arazoak dituztenentzako oso onuragarria dela, bigarren saiotik aurrera hobekuntza nabaritzen dute, baita parkinsona dutenek ere».
Barroa eta liztor asiatikoa
Eladik gogoan du bere aitak erlauntza jarri zuenean, joan zen mendearen bigarren erdialdean, erleak basatiak zirela, erlauntzak beranduago iritsi ziren. «Zuhai-
tza markatzen zuten non zegoen jakiteko, eta batzuek etxerako eztia egiten zuten». Baina 1980. hamarkadan barroa izeneko akaroa iritsi zen Asiatik, eta erleen artean zabaldu ondoren, gaur egun erlauntzen arazo nagusia da.
«Erleen bizkar gainean jartzen da eta pixkanaka hil egiten du. Hasieran produktu batzuk erabiltzen hasi ziren, baina azkenean produktu horiei erresistentzia sortzen zaie. Nik ekologikoan ezin ditut erabili; horiek ordez azido folikoa erabiltzen dugu, modu naturalean erlauntzan badagoena», zehazten du. Berak erregina identifikatu eta bereizi behar du, kaiola antzeko batean, arrautzarik jarri gabe. «Hogeita bat egunetara akaroak bizkar gainera igotzen zaizkio eta horrela errazago aurre egin diezaiokegu».
Liztor asiatikoa, berriz, duela hamarkada bat iritsi zen eta ordutik erleen predatzaile nagusia bihurtu da. «Liztorrak erle bat hil dezake, eta erlauntza ahula badago, barrura sartu daiteke». Momentuz, tranpa bereziak jartzen dituzte harrapatzeko, baina zabalpena etetea zaila da.
Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.
|
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |



