Betike, lagunarteko txaranga

Betike txarangako kideetako batzuk. Núñez

Betike, lagunarteko txaranga

Uda honetan sortu dute Betike txaranga, herriz herri jai giroa sortzeko

Amaia Núñez Yarza

Txarangak inauteriekin erlazionatu dira hamarkada luzetan, baina azken urteetan edozein festa girotzeko aproposak dira. Uda honetan Betike txaranga sortu dute. Lagunarteko taldea da, lagun baten omenaldirako sortua eta irteera gehiegi egin ez baditu ere, aurrerantzean jarraitzea espero dute. «Laguna zen eta jotzera joateko eskatu zigutenean, lagun taldea joan ginen jotzera».

Adin tarte zabaleko musikariak elkartu ziren txaranga osatzerakoan. Horregatik, abestiak ere horren arabera aukeratu zituzten eta, nahi gabe, ohikoetatik aldentzen diren piezak plazaratu zituzten. «Zerrenda bat egin nuen bakoitzak zeintzuk ezagutzen zituen esateko»; hortik, «jende helduentzako» musikan oinarritutako ‘playlist’-a osatu zuten: pasodobleak, rantxerak eta, horri gehituta, musika modernoa. «Hiru horiek konbinatu genituen» onartzen du Asierrek, txarangako ordezkariak.

Betikeko kideak ezagunak ziren elkarren artean, beste txaranga batzuetan edo Bandan elkarrekin jotakoak. Txaranga bat osatzeko gutxienez behar diren dozena inguru musikariak elkartu ziren: hiru perkusio, bi tronboi, bi tronpeta eta bi saxofoi, bonbardinoa eta helikoiak osatzen dute taldea.

Ezerezetik sortu zuten taldea eta elkarrekin jo aurretik, moldaketa batzuk egin eta «zer edo zer» entseatu zuten ondo geratzen zirela ikusteko. Gainontzekoa, Berrobin elkartu zirenean atera zen aurrera. «Bizitza guztia daramate instrumentua jotzen eta badakite», dio bere taldekide helduenez. 79 urte ditu nagusienak, helikoia jotzen du, eta berari egokitu nahi izan ziren bereziki abestiak aukeratzerakoan. Horregatik, «agian askoz hobeto» atera zela dio. «Musiko onak direnez, denetatik jo genuen». Garai bateko edo ‘betiko’ abestiak, gaur egunekoekin uztartuta, herritarrak «dantza egitera animatu ziren».

Lehenengo irteera horretako emaitzarekin oso gustura geratu ziren. Izan ere, «beti inauterietako kantak entzuteaz nazkatu» egiten dela jendea onartzen du, urte guztian abesti berdinak entzunez, eta, horregatik, estilo ezberdinetako piezak eta gutxitan entzuten direnak jotzean giro polita sortu zutela gogora-tzen du.

Berrobiko jaien ondoren, Kontxako estropadetan ere aritu ziren, kasu honetan giroa alaitu eta Tolosaldeko trainerua animatzen. Esperientzia ona izan zen eta epe motzera berriro elkartzeko hitzordurik ez badute ere, aukeraren bat sortzea espero dute.

Suscribete a la revista Txantxangorri en papel con todos los contenidos de la web, recetas, manualidades, artículos de colaboradores y más! suscribirte aquí.


Síguenos en X, Facebook e Instagram para seguir disfrutando de nuestros contenidos. Además, si quieres hacernos llegar alguna propuesta o informarnos de algún evento puedes escribirnos a txantxangorri@txantxangorri.info.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia