Bertsolaritzarako zaletasuna eskolan hasten da
Bertsolaritzaren bidez ahozkotasuna lantzen dute ehunka eskoletako ikasleek
Eguna abesten hasteak beste poztasun bat ematen du eta eskolara joateko gogoa ere handitzen du. Bi astez behin aukera hori dute eskola ordutan bertsolaritza lantzen duten. Euskara klaseetan bertsolaritzan murgiltzen dira LH 4., 5. eta 6. mailako ikasleak. «Aitor Mendiluzek komentatu zidan proiektu polit bat martxan jartzera zihoazela Tolosaldean, 2002-2003 ikasturtean, eta ea parte hartu nahi nuen», gogoratzen du Bixente Gorostidi bertsolari eta irakasleak. 1985an jarri zen martxan ekimena Nafarroan eta gaur egun Euskal Herriko zazpi probintziatan dago.
Gorostidi urte batzuk beranduago sartu zen ekimen honetan, Tolosaldean irakasle bat behar zutela komentatu ziotenean. Pixkanaka, proiektua sendotzea lortu dute. Gaur egun, ‘Ahozkotasuna eta bertsolaritza’ Euskal Herriko 547 eskoletan dago presente, eta 57 irakasle ditu. Besteak beste, Tolosaldea, Goierri eta Buruntzaldean eskola guztietan dago martxan proiektua. Gela bakoitzera bi astean behin joaten dira.
Gorostidik ariketa ezberdinak proposatzen dizkie bere ikasleei eta kantuan pasatzen dute ordubeteko zati gehiena. Horien bidez, bertsoak sortzen ikasten dute, errimak eginez eta doinuak ezberdintzen. «Gelara etorri zaigu, kanpotik bisita…», abesten du ‘Maritxu nora zoaz doinuan’, Alegiako Herri Eskolako ikasleek errimak bilatzen hasteko. «Txirrita, itxita, hasita, rebista»… azkenean bertso originalekin osatzen dute emandako hasiera Andoni, Araitz A., Houd, Izar, Aritz, Melanie, Amina, Joritz, Ahmad, Beñat, Araitz Z. eta Elorri, Mertxe irakaslearekin.
Batzuk paperean idaztea nahiago badute ere, Gorostidik bat-batean botatzera animatzen ditu, lotsak atzean utzita. Ekimena martxan jarri zenean, ariketa guztiak idatzizkoak ziren. «Duela sei-zazpi urte aldatu genuen, horrela egiten hasi ginen eta ikasleek errazago ikasten dute eta askoz hobeto pasatzen dute», azaltzen du Gorostidik. Hasieratik lehen puntua eman eta kopla osatzen, bi oinak eman eta koplak osatzen, lehen puntua eman eta zortzikoak osatzen, oinekin zortzikoak osatzen… jartzen dituzte eta emaitzak agerian daude, «zenbaitzuk, inongo laguntzarik gabe bertsoak sortzea ere lortzen dute bigarren ikasturterako», diote. Hori baita helburua: bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza izatea eta zaletasuna piztea.
Asteak aurrera doazen heinean, doinu berriak erakusten dizkie. Gelako tutoreak ere bertso-eskolaren parte dira, ikasturtean zehar egiten diren ekimenak bien artean adosten dituzte, eta klaseetan ikasleei laguntzen diete. Bertso-irakasleak eredu errealak eramaten dizkie, garai ezberdinetako bertsoak entzun eta kantatuz, baita ikusentzunekoak ere.
Gorostidik berak idatzitako bertso batzuk banatu ditu, guztien artean abesteko, kasu honetan Txantxangorri gure aldizkariari buruzko zortziko txiki batzuk, ‘Boneta eta Txapela’ doinuan. Ikasleek segituan hartzen dute doinu berria eta kantatzen jarraitzera animatzen dira egun horretarako Txantxangorri aldizkariari jarritako bertsoak. Ondoren, lan pixka bat egitea tokatzen da: beste 24 puntu dituzte, errimatu dezaketen bospasei hitzekin alboan, sormena lantzeko. Hasieran bezala, dozenaka bertso osatzea lortzen dute gaztetxoek. Baten batek bertso oso bat ere idatzi du. Nabari da bigarren urtea dutela, eta ikasturtea ia hasi besterik ez da egin!
Egun berezia da. Ikasgelan jaso duten bisitaz gain Araitzen urtebetetzea ere bada eta, horrela, bi bertso asmatuz amaitzen dute eskola. Kasu honetan, puntua beharrean oinak jartzen dizkie Bixentek zortzikoak osatzeko, ‘Mila kilo zorion’ doinuarekin. Errimatu dezaketen hitzak bilatu ondoren, oinekin puntuak osatu eta eguna ospatzeko bi bertsoak abesten dituzte guztien artean.
Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.
|
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |




