Aitor Mendiluze: «Ez noa txapelketara sailkapenean pentsatuz, disfrutatzera noa»
Aitor Mendiluzek ibilbide luzea du bertsolaritzan, lasaitasunarekin batera presioa sortzen diola aitortzen duena
Artean eskolaumea zela harrapatu zuen bertsolaritzak Aitor Mendiluze. Etxean aita bertsozalea zuen, baina eskolan lantzen hasi zirenean deitu zuen bertsoak. «Etxean komentatu nuen eta nere amak bila ibili ondoren jakin zuen Hernanin bazegoela bertso-eskola. Orduan hasten ziren lehenengo bertso-eskolak, eta hara joaten hasi nintzen». Hasieran jolasa bezala, baina aurrenetik harrapatu zuen bertsolaritzak. «Bertsoak badauka zerbait engantxatzen zaituena. Gero lehenengo saioak eta, badakizu, konturatzerako barruan zaude eta ezin atera», dio.
Bere lehenengo txapelketa 17 urterekin lortu zuen, Gipuzkoako Eskolartekoa, eta urtebete geroago berriro ere txapela jantzi zuen. Hogei urterekin, lehenengoz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuenean txapela jantzi zuen eta berriro 2007an, eta 2003an hirugarren izan zen. Bertsolari Txapelketa Nagusian, inoiz irabazi ez badu ere, badauka marka: 2001etik beti iritsi da finalera, 2017an txapeldunorde izan zen, eta hirugarren 2001ean eta 2022an.
Esperientziak «lasaitasuna» ematen diola aitortzen badu ere, «presio gehiago ere sentitzen duzu. Badakizu ez zarela isilik geratuko, baina maila bat daukazu eta erakutsi nahi duzu. Zure burua exijitzen duzu, eta publikoak ere exijitzen dizula pentsatzen duzu», aitortzen du.
Hala ere, nabarmentzen du «inoiz ez naiz postu batekin obsesionatu. Ez noa txapelketa batera klasifikazioan pentsatzen, kantatzera eta disfrutatzera noa. Postu bat lortzea pentsatzen baduzu, ez lortzeko lehenengo pausua da. Nik nahiago dut ondo kantatzeko prestatu eta hortik aurrera ikusiko da. Bestela ere, egia da presioa handia dela».
Belaunaldien artean
1986ean bertsolaritzan hasi zenetik, belaunaldien arteko bilakaeraren testigu izatea suertatu zaio Mendizabali. «Ni baino 40 urte zaharragoekin kantatu dut eta orain 30 urte gazteagoekin ari naiz», dio. Zein den hobe aukeratu baino, bakoitzaren garrantzia aipatzen du. «Alde handia dago. Igertzen duzu lehengoek bertso-saio estilo bat zutela, estandarragoa nolabait, ez zeuden saio-musikatuak, baina diskurtsoan ere aldaketak daude. Noski, 70 urteko gizon batek kontatu ahal dizuna edo 23 urteko neska batek ez da berdina, eta gehiago tartean dagoen denbora kontutan izanda».
Batzuek gazteek ez dutela berdin kantatzen diotenean, Mendiluzek gogoratzen du «guk ere ez beraien adina genuenean. Beren bidea eta beren estiloa egiten utzi behar zaie».
Etxean dauka horren adibide garbiena, seme zaharrena bertsolaritzan ari baita bere bidea eginez. «Inoiz ez naiz bost minutu berarekin egon. Ikasi nahi zuela esan zidanean esan nion bertso-eskolara joateko, bere adinekoekin ikasteko, eta orain ere horretan ari da. Saioren batean elkarrekin egon gara, baina ez naiz berarekin besteekin baino urduriago jartzen. Azken finean, kantatu behar duena bera da, ez ni».
Horretaz gain, nabaritu duen beste aldaketa «entzulea asko gaztetu dela» izan da. «Entzulea heterogeneoagoa da, gazte urbano gehiago. Duela 40 urte Barakaldon bertso-afari batean 90 lagun elkartzea ez zenuen imajinatzen, eta orain gertatzen da».
Estiloaren bueltan, Aitor Mendiluzek argi dauka oinarria bi bertsolari elkarri bertsoak botaz dela. «Gaur egun badaude bertsoak musikarekin, dantzarekin… eta batzuek uste dute hori dela bertsolaritza, baino esentzia ez da hori. Esentzia da zu eta ni elkarren artean. Hori badaukazu, gainerakoa egingo duzu».
Bertsolaritzari lotutako saio berriak alde batera utzi gabe, bertso-afarietan, plazetako saioetan eta txapelketatan zentratzen da bera. «Badago jendean pixka bat espezializatu egiten dena, baina nik uste dut politena denetatik egitea dela. Egun batean bertso-afari bat, hurrengoan plaza…».
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |