Xabier Iturriotz: «Oinetako on bat ia beti konpondu daiteke»
Aitarengandik ikasi zuen ofizioan jarraitzen du Xabier Iturriotzek, berak sortzen dituen oinetakoekin
Lanbide zaharrak desagertzen ari diren garaian, badira oraindik ere lanbideak bizirik mantentzen dituzten artisauak, beren ogibide bilakatuz. Xabier Iturriotzek bere aitarengandik jaso zuen lanbidea, eta ikasketak osatu ondoren bere lehen oinetako denda ireki zuen Gasteizen. Urte batzuk geroago, Iruñara ezkonduta, han jarri zuen denda, nahiz eta Euskal Herriko azoka ugaritan ere parte hartzen duen, zapatari lana jendeari gerturatuz.
«Aitak Legorretako paper-fabrikan egiten zuen lan. Txandatan lan egiten zuenez, herriko oinetakoak konpontzen zituen. Bere garaian, hiru zapatari egotera iritsi ziren herrian», gogoratzen du. Orain bera da zapatark eskuz josten dituen bakanetakoa.
«Josita dagoen zapatak gehiago irauten du», dio ziurtasunez Iturriotzek, egungoak «askotan ez daude josita, adorno bezala jartzen diote», aitortzen du. Berak lehen egiten ziren bezala jarraitzen du egiten, lan batzuetarako teknologia berria erabiltzen badu ere. «Nire lankideek moztu eta josi dituzten larru zatiak muntatzen ditut. Jaione Goñi arduratzen da mozteaz, eta Mari Carmen Andueza piezak josteaz. Gero nik tailerrean pieza horiek, orkoia erabiliz, larruzko zola muntatzen diet», azaltzen du. Lehenengo kolarekin itsasten ditu, eta lehortutakoan, soberakinak lixatu eta josi egiten ditu. Gero, gomaz-ko zolak itsasten dizkie, eta berriro soberakinak lixatu ondoren, zapata bukatuta dago.
«Lehen dena larruzkoa zen, zola eta guzti. Egungoek baino bukaera hobea zuten askotan. Zapata bakarra izaten zen denetarako, gaur egun gauza bakoitzerako bat daukagu», dio.
Josita egoteak, gero konpontzeko erraztasuna ematen die zapatariei. «Zapata on bat ia beti konpondu daiteke. Badut bezero bat hogeita hamar urtetik gora gure zapatak bakarrik erabiltzen dituena. Duela gutxi bi pare ekarri zizkidan konpontzeko, zola zaharra kendu nion, berria jarri eta beste urte pare baterako jarraitu dezake», azaltzen du, gehituz, «nire mendiko botei iada hirugarren bizitza eman diet zola aldatuz eta pixka bat josiz, eta hori gogotik erabiltzen ditudala».
Izan ere, adituen arabera bizitzan zehar 150.000 kilometro egiten omen ditu pertsona bakoitzak, «giza oina bioingeniaritzako mirari bat da, eta zaintzeko, oinetako egokiak behar dira», dio. Xabier Iturriotzek argi dauka oinetako egoki bat arina, malgua eta transpiragarria izan behar dela. «Larruzko zapatak ez dute izerditzen eta malguak dira». Oinetakoen garrantzia ezagutzera emateko, bere tailerraren ondoan Larruaren Txokoa izeneko museoa sortu zuen duela urte batzuk.
Diseinu propioak
Oinetakoek diseinua oinarrian ez da aldatu duela ehunka urtetik. Hala ere, beti dago aldaketaren bat egiteko tartea. «Batzuk oinarrizko diseinua dira, ‘blucher’ izenekoa, beste batzuk gustatu zitzaidan oinetako batzuen diseinua atera nuen, eta gero baditut patroi propioak ere, patronista batekin egindakoak», zehazten du. «Betiko patroiak izanda ere, azkenean zure materialak, zure hormak eta zure zolak dira». Horrela, oinetako arruntetatik hasi eta sandaliataraino, mota guztietako zapatak egiten ditu gaur egun.
Oinetako askotan behiaren larru naturala erabiltzen du, baina baita ere tindatutakoa. «Kolore ezberdinetakoak daude egun, gorria, berdeak… Neskak gehiago animatzen dira koloredunekin mutilak baino», dio.
Larrua Arnedon, Valentzian eta Vilarramielen erosten dute. «Nik saiakeraren bat egin dut larrua ontzeko, baina oso prozesu gogorra da. Lehen Antzuolan, Gernikan, Hazparnen ere bazeuden lantegiak», dio zapatariz betetako Hazparneko lantegi baten argazki zaharra erakutsiz. «Ziotenez, Ameriketara joan ziren bertako batzuk eta han ganadu asko zegoenez, larrua ekartzen zuten, hemen oinetakoak egin eta Ameriketan saltzen zituzten. Orain ez dago batere, nik dakidala».
Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |