Fruta hibridoak mahaian

Grapefruit

Fruta hibridoak mahaian

Fruituen arteko nahasketak betidanik egin izan dira, batzuk egunero jaten ditugunak

Amaia Núñez Yarza

Egunero eskuartean izaten ditugun arren, posible da jaten ditugun fruta horiek hibridoak edo nahasketak izatea. Gaur egungo asko dira eta urtero sortzen dira berriak, batzuk oso bereziak eta beste batzuk ohiko bihurtzen direnak.

Fruta espezieen hibridazioa modu naturalean egiten da, bai intsektuek polena landare batetik bestera eraman eta nahasketa sortzen delako, bai pertsonek nahita polinizazio hori egiten dutelako, nahasketatik zer aterako den itxaropenarekin.

Fruta eta barazki hibridoak

Gaur eguneraino iritsi diren fruitu eta barazki asko hibridoak dira, modu naturalean egindako loreen arteko polinizazio gurutzatutik sortua. Fruitu horiek emandako hazia landatzerakoan landare berri bat sortzen da. Fruta arbolen kasuan, gutxienez bost urte behar izaten dira espezie berri hori nolakoa den ezagutzeko.

Pertsonek egindako polinizazioak espezie bakoitzak dituen aspek-tu garrantzitsuenak indartzea izaten du helburu, besteak beste, gaixotasunekiko duten iraunkortasuna, klima hotzetan zein beroetan ondo ateratzen direnak, edota fruitu-emate egonkorra izatea. Landare hauei ez zaie genetikoki ezer aldatzen, naturak berak sortzen ditu nahasketak.

Urtero milaka barietate ezberdin sortzen dira polinizazio gurutzatuarekin, baina oso gutxi izaten dira azkenean merkatura iristen direnak. Batzuk gure artean nahiko ezagunak dira, adibidez, clementina, pomeloa, hainbat sagar mota, eta abar. Paraguaioa aldiz ez da hibridaziotik sortutako barietate berri bat, mutazio deritzona baizik. Izan ere, berez melokotoi edo mertxikaren familiakoak dira. Prunus persica izen zientifikoa dute hauek, eta horren barnean platycarpa barietatea osatzen duten paraguaioak melokotoi zanpatu bat besterik ez direla esan daiteke.

Eguneroko fruta hibridoak

Fruitu hibridoak zapore handia eta nutriente ugari izaten dituzte, nahasten diren bi espezieetatik hoberena jasotzen baitute. Clementina adibidez mandarinaren eta laranja mikatzen arteko nahasketa da, eta hortik datorkio zapore garratz, eta aldi berean gozo, hori. Pomeloa, aldiz, XVII. mende inguruan Caribear itsasoan sortutakoa dela uste da, pampelmusa (Citrus maxima) eta laranja gozoaren (Citrus x sinensis) arteko nahasketatik. Chantecler sagarra ere hibridazio prozesutik sortua da, Frantzian 1950eko hamarkadan, Golden eta Reineta sagarren bi barietate nahastuta. Gaur egun Frantzian oso apreziatua da sagar mota hau, bai gordinik jateko, baita sukalderako ere.

Badaude, hala ere, honela sortutako fruta bereziak. Gehienek izen arraroak dituzte eta hemen inguruan lortzeko zailak dira. Ikusgarrienetakoa agian pineberry izenekoa da, anana zaporedun marrubi txuria, Europako hegoaldeko marrubi zurien eta ohiko marrubi gorrien nahasketatik sortua. Bada, nectacotum izenekoa ere, hiru fruituren nahasketatik sortua: brinoiak, aranak eta abrikotak. Jatorrizko fruituak baina handiagoa, ilunagoa eta azal leunagoa omen du.

Déjanos tu opinión

Zurriola correduria de seguros
CDI Informatika
Tolosa motor
Dentieder hortz klinika
Gruas y Transportes Urbieta