Fernando Plazaola: «Unibertsoaren ehuneko bosta bakarrik ezagutzen dugu»

RS Puppis desde el telescopio espacial Hubble

Fernando Plazaola: «Unibertsoaren ehuneko bosta bakarrik ezagutzen dugu»

Fernando Plazaola > Fisika katedraduna

Agurtzane Núñez Yarza

Zientzia-fikziozko hainbeste filmekin, badirudi dena dakigula unibertsoari buruz. Baina pelikuletan ez bezala, errealitatean zientzialariak oraintsu hasi dira hainbat galderen erantzunak lortzen. «Unibertsoaren ehuneko bosta bakarrik ezagutzen dugu oraindik», azpimarratzen du Fernando Plazaola EHUko Fisika Aplikatuko katedradunak. Bere lana astronomian zentratzen ez bada ere, betidanik izan du gaia gogoko eta gertutik jarraitzen ditu gertatzen diren aurrerapenak.

Azken hamarkadatan teknologiak izan duen aurrerapenak unibertsoaren ezagutza areagotzea ekarri du. Izan ere, teleskopioekin zein bestelako makina indartsuagoekin, urrunago begiratu dezakete astronomoek. «Oso urrun begiratzen ari gara eta gauza asko daude ez dakizkigunak», adierazten du Plazaolak.

Fernando PlazaolaHorietako bat da zergatik ari den unibertsoa zabaltzen, «modu esponentzial batean gainera. Adibidez, harri bat gorantz botatzen duzunean momentu batean gelditu egiten da eta beherantz hasten da. Denek pentsatzen zuten momentu batean unibertsoaren zabalpen abiadura geldotzen hasiko zela, baina ikusi da abiadura handitu dela», dio. Zabalpena puntudun globo bat puztea bezala deskribatzen du: «ez da zabaltzen puntuak bata bestearengandik urruntzen direlako baizik eta globoa zabaltzen delako».

Baina hori, nola dakigu? Fisikarientzat erraza da jakitea kandelak deitzen direnak erabilita. «Kandelak dira argi-iturri bat dagoen leku bat, frogatuta dagoena leku konkretu batetik bidaltzen duela argia. Lehendabizikoak Cefeidak deritzanak ziren, baina supernoba berezi batzuk topatu dira duela hainbat milioi urte sortu zirenak eta Hubble espazio-ontziari esker ondo behatu daitezkeenak», dio azalduz «gaur egun uste da Big Bang-a, unibertsoaren sorrera ekarri zuen lehenengo leherketa, duela 13.800 milioi urte sortu zela. Lurrak 4.500 milioi urte ditu».

Unibertsotik gugana

Astronomia ia betidanik existitu izan da. «Antzinako grekoek eta txinatarrek jada begiratzen zuten zerurantz non gauden jakiteko. Gizakiok kuriositatea daukagu eta horri esker aurrera joan gara», azaltzen du Plazaolak. «Zientzia onena da kuriositatez egiten dena. Zergatik gauzak dira diren bezalakoak? Horretaz arduratzen gara fisikariok», zehazten du.

Hala ere, zientziak XX. mendean izan du batez ere garapena. Esaterako, «Einsteinek Erlatibitate Orokorraren Teoria argitaratu zuenean eta esaten zuenean denbora ez zela konstantea, eta abar, jendeak esan zuen, ‘zertarako balio du?’ baina orain GPSak, eskerrak horri, horrela funtzionatzen dute», gogorarazten du.

2015 urtean, berriz, «lehendabiziko uhin-grabitazionalak topatu ziren, Eisteinek duela ehun urte proposatu zituen, baina ez zuen pentsatzen inoiz gaitasunik egongo zenik hori detektatzeko, baina topatu dira eta horrekin beste ate oso garrantzitsu bat zabaltzen da orain, ze gaurdaino uhin-elektromagnetikoak ziren unibertsoa ezagutzeko geneukan  bide bakarra. Behaketa horiek egiteko teknologia ikaragarri aurreratzen da eta horren ostean guregana etortzen da, internet eta beste gauza asko bezala», dio.

Izarrak, hobeto begi-bistan

Unibertsoan milaka galaxia daude milioika izarrekin eta astronomoetan pentsatzerakoan ohikoena da teleskopioari begira diharduen norbaiten pentsatzea. Baina, «teleskopio handi horiekin ez da ezer ikusten, bereziki ikusten direnak arigiaren espektroak dira. Oso toki konkretu batera begiratzen dute eta argiaren espektroak bakarrik behatzen dira», azaltzen du, «onena astronomo afizionatuek dituzten teleskopioak dira».

Fernando Plazaolak argi dauka izarrak ikusteko onena begiekin begiratzea dela. «Katalejoak hartzen badituzu asko kentzen duzu, eta teleskopioarekin gehiago. Teleskopioaren potentzia handitzen baduzu, are gehiago. Ni gogoratzen naiz gaztea nintzenean teleskopio batetik begiratu eta pentsatzea ‘begiekin hobeto ikusten da-eta’. Beste gauza bat da begiekin ondo ikusiko ez duzun zerbait konkretua begiratzea, adibidez, planetaren bat edo kometaren bat».



Déjanos tu opinión

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta