Eskuz egindako bitxiak

DSC 4696 Txantxangorri Aldizkaria

Eskuz egindako bitxiak

Eskulanetarako afiziotik abiatuta, bitxi propioak sortzen ditu Luixi Goikoetxeak

Agurtzane Núñez Yarza

Betidanik gustatu izan zaizkio eskulanak Luixi Goikoetxeari. Etxean amarengandik ikasi zuen gurutze-puntua egiten, baina ondoren, mota guztietako eskulanak ikasteari ekin zion. «Ezkondu nintzenean kultur etxean antolatzen ziren ikastaroetara joaten hasi nintzen, denetan parte hartzen nuen, zeramika, makramea, larrua», gogoratzen du.

Gaur egun, horiek guztiak bere zaletasun gogokoena bilakatu ditu pitxiak eta osagarriak eginez. «Egin nuen azken eskulan ikastaroa pitxiena zen, Zizurkilen. Beti gustatu izan zait lepoko asko edukitzea eta neuzkanak askatu eta berriak egiteko aprobetxatu nuen», dio Luixi Goikoetxeak.

Artisautza azokak

Baina handik gutxira, «irakasleak ikastaroko kideei herriko artisautza azokan erakusketa postua jartzea proposatu zigun, eta nahi zuenak saltzeko aukera zuen. Material gehiago erosi nuen eta erakusketan salgai jarri nituen, eta gustatu egin zitzaidan», oroitzen du.

«Saldutakoarekin material gehiago erosten nuen. Saltzen ez nuena hasieran gertukoen artean oparitzen nuen, baina gero azoka gehiagotara joatea pentsatu nuen. Aurten zortzi batetara joan nahiz, eta bestela ezagutuko ez nituen herri pila bat ezagutzeko aukera eman dit», dio, argi baitu «honetatik ezin daitekeela bizi, afizio bat da niretzat».

Azoketan Ixiar Iturzaeta alabak laguntzen dio bai materialarekin, baita bezeroekin ere. «Biren artean errazago jartzen eta kentzen da postua. Eta, egia esan, azoketan egotea gustuko dut», azaltzen du. «Jendetasuna dauka», onartzen du Luixik.

Bitxien diseinu propioa

Hasieran etxean egiten zituen arren, gaur egun espazio propioa sortu du bere eskulanak egiteko. «Azkenean material asko nuen, erremintak, eta garrantzitsua da dena ondo antolatuta edukitzea», dio.  «Papera, larrua, kableak, haria, telak, bakoitza bere lekuan. Mota guztietako erremintak dauzkat, taladroak, lijak, alikateak… gustatzen zaizkit eta saiatzen naiz bakoitzetik bi izaten, badaezpada, batek huts egiten badit. Astean behin bakarrik daukat astia eskulanak egiteko eta asko izorratuko zidan hurrengo astera arte ezer egin ahal ez izateak», aitortzen du.

Materialaren zati bat bertako eskulan dendatan erosten badu ere, beste bat interneten lortzen du «pitxiek dituzten osagaiak ziur jakiteko modu bakarra delako. Egun pertsona askok dute alergiaren bat eta, nahiz eta esaten diedan ez dutela urrerik ez zilarrik, zer osagai dituzten ziur jakitea gustatzen zait, jendeari ere esan ahal izateko», azaltzen du.

Bitxiak berak sortzen ditu, bere gustuen arabera baita ikusten dituen beste diseinu batzuetan oinarrituta. «Gustuko zerbait ikusten dudanean nik dauzkadan materialetara egokitzen saia-tzen naiz», dio. «Azokek ere asko erakusten dizute, jendeari zer gustatzen zaion, zer dagoen modan…», adierazten du Ixiarrek. «Batzuetan iruditzen bazait diseinuren bat saltzea kostako dela, gero hori izaten da saltzen azkarrena eta ahozabalik uzten nau», eransten du.

 



Déjanos tu opinión

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta