Berastegitik barrena ibilbidea

Berastegiko San Lorenzo eliza

Berastegitik barrena ibilbidea

Berastegiko plazatik abiatuko dugu ibilaldia. Iturriaren ondoan hasten den kaletik barrena joango gara, errepidearekin topo egin arte. Eskuinerantz, beherantz jarraituko dugu bidea. Errepide nagusiari jarraituz egingo dugu aurrera, alboetan ateratzen diren kaleak alde batera utziz.

Bost minutu inguru ibili garenean, bidegurutze batera iritsiko gara antzina medikuaren etxea zenaren ondoan. Puntu honetan, ezkerretara jarraituko dugu, eliza aldera. Segituan iritsiko gara elizara, eta orduan, aurrera segi beharrean, ezkerretarantz jarraituko dugu, elizaren aurretik igaroz. Bertatik, ezkerretara, Izotzalde auzorantz doan bidea jarraituko dugu.

Berastegiko baserrietatik barrena abiatuko gara hemendik aurrera, beti ere bide nagusitik aurrera eginez. Hogei minutuko ibilaldia daramagunean, Arbide baserriaren aurretik igaroko gara, eta etxeari buelta emanez jarraituko dugu bidea.

Berehala, garbileku eta aska baten ondotik igaroko gara. Aurrera jarraituko dugu eta minutu batzuk ibilita lau baserriko bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerralderantz joango gara herri-guneranzko bidea hartuz. Segituan beste bidegurutze batera iritsiko gara, eta oraingoan, eskuinerantz joko dugu. Bide honetatik aurrera eginda bost minuturen bueltan hasieran jaitsi dugun kalera iritsiko gara. Eskuinerantz, kalean gora igoko gara, berriro ere plazara itzuli arte.

  • Iraupena: 45 min.
  • Zailtasuna: erraza
  • Desnibela: 17 m.
  • Distantzia: 2,8 km.
  • Irteera: Berastegi

 

Inguruan

Baztango harria

Harkaitzean pentsatuta normalean gris koloreko harriak datozkigu burura, baina Nafarroako iparraldean bada kolore gorri bereziko harria, Baztango harearria bezala ezagutzen dena. Burdin oxidoa kantitate altuagoetan du eta horrek ematen dio kolore bereizgarria. Berastegin hainbat baserritan ikus daiteke harri mota horren erabilera, eta bide ondoko mugak ere harlauza handiekin markatuta daude toki askotan oraindik ere.

Igaraldeko iturria

Ura etxe guztietara iristen ez zenean, garbilekuetara joaten ziren etxekoandreak arropak garbitzera. Gero eta herri handiagoa izan, postu gehiago izaten zituzten, aldi berean emakume gehiago aritu ahal izateko. Berastegin hainbat iturri daude, batzuk askak bere kanila eta iturriarekin, eta beste hamabi inguru estalpedunak. Arbide baserritik aurrera eginda dago Igaraldekoa, izen bereko baserriaren ondoan zegoena. Gaur egun baserria desagertua dago, baina metro batzuetara dago borda izandako eraikina.

San Lorenzo baseliza

Berastegik hiru baseliza ditu: San Lorenzo izen bereko mendiaren magalean dago, eta beste biak Leitzarako errepidearen ondoan daude; San Anton bide ondoan eta San Sebastian errepidearen beste aldean dagoen muinoan. San Lorenzo egunaren bueltan ospatzen dituzte herriko festa nagusiak, abuztuan. Ermitak eraikin soila du, erdi-puntuko arkuarekin eta erretaulan Santuaren irudia ageri da parrilla bat eskuan duela, jasandako martirioaren irudi.

 Baserri historikoak

Inguruko herri handiagoetatik aldenduta, herri txiki askotan bezala hainbat baserri historiko mantendu dira. Historiaurreko hainbat aztarna gordetzen dira bailaran, baina lehenengo baserrien aipamenak XVI. mendekoak dira, jada eraikita zeudenean. Mendeetan zehar asko desagertu badira ere, oraindik badaude beren jatorrizko egitura mantentzen dutenak. Garai batean 200 oinetxe inguru omen zeuden Berastegin, eta horren erakusle dira eraikin askok dituzten armarriak.

Déjanos tu opinión

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta