Asteasutik Zizurkilera ibilaldia

Asteasutik

Asteasutik Zizurkilera ibilaldia

Asteasuko Elizmendi auzoaren sarreran dagoen aparkalekutik abiatuko gara, errepidean gorantz joanez. Elizarako bidea hartuko dugu, zuzen jarraituz, hurrengo bidegurutzera iritsi arte. Elizaren azpiko bidera iristean, eskuinerantz joango gara, harrizko zubi baten azpitik pasatuz eta ondoren elizaren atzetik.

Eraikinari buelta eman eta zuzen jarraituko dugu etxeen artetik. Azken etxearen ondoren, eskuinera, beherantz, doan bidetik jaitsiko gara, eta segituan beste bidegurutze batekin topo egingo dugu, Upazan izendatzen duen bidetik jarraituko dugu.

Hasieran beherantz izango da bidea, baina segituan aldapan gora hasiko da, aldapa nahiko handiarekin. Ordu laurden inguruko bidea daramagunean, bidegurutze batera iritsiko gara, baina zuzen jarraituko dugu aurrerantz, bide nagusitik. Bidea laua aldapa pixka batekin izango dugu, baina minutu ba-tzuen ondoren aldapan gora hasiko da berriro.

Ordu erdi inguruko bidea daramagunean, baserri batera iritsiko gara. Bideari jarraituz, atzetik buelta emango diogu desnibel handiko aldapa igoz. Horren ondoren, minutu batzuetan bidea nahiko laua izango da, hurrengo baserriaren ondotik igarotzerakoan pixka bat jaitsi ondoren, gorantz egingo du bideak. Hemendik aurrera, baserrien artetik doa bidea, aldapa handirik gabe.

Ordu bete ibili garenean, aldapa behera baten ondoren, errepide batera iritsiko gara. Ezkerrerantz joango gara, eta ordu laurden inguruan Zizurkilgo plazara iritsiko gara.

  • Iraupena: 1 o. 15 min.
  • Zailtasuna: ertaina
  • Desnibela: 126 m.
  • Distantzia: 5,5 km.
  • Irteera:  Asteasu

 

Inguruan

Asteasuko San Pedro eliza

Elizmendi auzoan dago kokatuta eliza, muino batean. Gaur egungo eraikuntza XVI. mendekoa da, baina aurreko eraikin bateko aztarnak ageri dira bertan. Adierazgarriak dira erretaula nagusia eta bataiarria. Barroko estilokoa da erretaula nagusia eta erdian Juan de Anchietak egindako taila du. Hala ere, erretaulako gainerako zatiak XVIII. mendean galdu ziren. Bataiarria, berriz, harri oso batean dago egina, eta bertan ageri da Asteasuko armarria bi aingeruk eutsia.

San Millan oinetxea

San Millan leinua Zizurkilgo eta Aiztondoko bailarari lotua egon zen mendeetan. Zizurkilgo elizak izen bera hartzen du. Dorretxea elizaren ondoan dago eta San Millango markesak bere jaun nagusiak ziren. Azken hamarkadatan baserri bezala erabilia izan den arren, jauregiaren elementu nagusiak mantentzen ditu, hala nola, bi leiho biki bere mainelarekin, baita fatxada nagusian dobeladun bi ate beheko solairuan eta beste bi lehenengoan. Joan den mendean desagertu zen kanpoko eskailera batetik sartzen zen lehen solairura.

Zizurkilgo San Millan eliza

Gipuzkoan izen horrekin ageri diren lau parrokietako bat da Zizurkilgoa, Arlaban portuaren inguruan ez dagoen bakarra: Bergaran, Aretxabaletan eta Leintz-Gatzagan daude gainerakoak. Nabe bakarreko eliza da, gurutze-gangarekin, eta barroko estiloko atearekin. Deigarria da atariko egurrezko egitura. Erretaula nagusia Felipe de Azurmendik egina da. Elizako zaindariaren eguna azaroak 12an ospatzen da, baina herriko jai nagusiak Ama Birjinaren egunean dira, abuztuan.

Pedro Mari Otaño

Bertsolari sendi bateko kidea zen. Zizurkilgo Errekalde baserrian jaioa aita, aitona, amona, osaba eta arreba ere bertsolariak zituen. Amagandik, berriz, kultura maila altua jaso zuen. Bertsolaritza eta poesia jasoaren artean kokatu ziren bere lanak. Gazte zirela aitak Karidadeko Benta eraiki zuen Adunarako bidegurutzean, bertan entzun zituen garaiko bertsolari ospetsuenak. Hemezortzi urterekin Argentinara joan zen, Bigarren Karlistalditik ihesi, eta han sortu zituen lan gehienak. Argentinan hil zen 53 urterekin, 1910ean.

 



Déjanos tu opinión

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta