Irauli, iraultza arrosaren taldea

Leire Oyarbide foto Pedro Colas Txantxangorri Aldizkaria

Irauli, iraultza arrosaren taldea

Bi urtetan eskubaloiko Euskal Ligan jokatzea eta harrobia osatzea lortu du Donostiako Irauli taldeak

Amaia Núñez Yarza

Jokalari, entrenatzaile, epaile, koordinatzaile… Neskek neskentzat egindako taldea sortu dute Irauli Eskubaloi taldeko jokalariek eta kirol talde bateko lan guztiak hartu dituzte bere gain. Senior mailako taldearekin bakarrik hasi baziren ere, duela bi urte, segituan nabarmendu ziren eta lehenengo urtean Euskal Ligara igotzea lortu zuten. «Lehenengo urtean igotzea oso baloratua izan zen eskubaloi munduan», argitzen du Ane Sarasola taldeko jokalariak.

Irauli TaldeaOrdutik, taldekide guztiek lan ugari egin behar izan dute. Izan ere, Euskal Ligan jokatu ahal izateko harrobia izatea beharrezkoa da, eta hau ere sortu behar izan dute. «Neskak bilatzen hasi behar izan ginen, eskoletara joanez, soinketa klaseak emanez, eta abar, inork ez zuelako gure taldea ezagutzen». Bi talde ateratzea lortu zuten, infantil eta alebin mailakoak. Hauek pixkanaka mailaz igotzen doazen bitartean, haur gehiago erakartzea espero dute, urtez urte harrobia osatzeko. «Urte batzuetan gurekin jokatzera iristea da helburua», azaltzen du. Oraingoz partiduetan harmailak arrosaz koloreztatzen dituzte bere taldea animatzeko, «oso polita da nola animatzen gaituzten».

Eskubaloi jokalari eta entrenatzaile

Senior taldeko jokalariak dira neska gazteen entrenatzaileak. «Lehenengo urtetik hasi ginen gure jokalariek entrenatzaile titulua ateratzen. Ez beharrezkoa delako, baizik maila hobea izango dutelako umeei erakusteko. Dagoeneko zazpi pertsona gaude tituluarekin eta horrek etorkizuna pixka bat bermatzen digu», dio.

Senior taldeko jokalari gehienak Bera Berako bigarren taldeko jokalari izandakoak dira. Duela bi urte Espainako Ligako bigarren mailara igotzea lortu ostean, ez zutela maila horretan jokatuko jakinarazi zien taldeak eta hura uztea erabaki zuten. «Batzuk Zarautzera joan ziren, beste batzuk Egiara, eta zortzi-hamar bat geratu ginen talderik gabe. Ez genuen eskubaloia utzi nahi eta talde bat sortzea erabaki genuen», dio Ane Sarasolak.

Irauli TaldeaIrauli Kirol Taldea jada martxan zegoen mutilen saskibaloi eta futbol taldeekin, Donostiako Amara auzoan. Egitura horretara eskuba-loi atala gehitu zuten. «Elkarteak zuzendaritza duen arren, askatasun osoa ematen digu guk nahi dugun bezala antola gaitezen, beraiek gauza orokorragoez arduratuz», dio. Horrela, beraiek arduratzen dira entrenamenduak eta partiduak koordinatzeaz, pistak bilatzeaz, patronatuarekin hitz-egiteaz, baita ekipamendua egin eta laguntzaileak bilatzeaz ere. «Denok ari gara lanean, baina aipatzekoa da Lidiak egiten duen lana», azpimarratzen du. Gaska kiroldegian jokatzen dituzte etxeko partiduak.

Astean hiru aldiz entrenatzen du taldeak. «Gero norberak gure kabuz gimnasioan lan egiten dugu», onartzen du Sarasolak. Gainera, aurten Iñaki izan dute prestatzaile fisiko. «Lesio asko genituela ikusi zuen eta laguna dugunez, prestaketa fisikoan laguntzea erabaki zuen. Asko hobetu dugu eta aurre-denboraldia lehenago hastea egin digu».

Reyes Karrere

Irauli TaldeaDatorren denboraldian, gainera, talde osoa neskena izatea lortu dute: Reyes Karrere izango dute entrenatzaile, urte askotan Bera Berako entrenatzaile izandakoa, gerora Sagunton ere aritu zena eta azken urteetan Federazioan zuzendari tekniko bezala aritu da. «Entrenatzailea ere emakumea izatea nahi genuen. Gure proiektua asko gustatu zaionez, entrenatzaile izatea erabaki du», aipatzen du Sarasolak, «Ilusio asko egiten digu eta energia asko eman digu».  Karrere, gainera, Sarasolaren lehen entrenatzailea izan zen, zortzi urterekin eskubaloi munduan hasi zenean. Denboraldiko lehenengo jardunaldia irailaren 29an jokatuko dute Gaska kiroldegian, Eraiken Eharialdea taldearen aurka.

Déjanos tu opinión

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta