Aimar Irigoien: «Batzuk ez dira konturatzen Aimar pertsona dela, eta egun txar bat eduki dezakeela»

Aimar Irigoien Alkizako gaueko Herri Kirol Jaialdian

Aimar Irigoien: «Batzuk ez dira konturatzen Aimar pertsona dela, eta egun txar bat eduki dezakeela»

Aimar Irigoien > Harri-jasotzailea

Amaia Núñez Yarza

Aurten hogeita hamar urte beteko dira harri-jasotzaile bezala ‘bataiatu’ zenetik. 1990ko irailaren 9an izan zen, Bedaion, aitonaren jaioterrian, eta ordutik harriari lotuta egon da Aimar Irigoien. Gaur egun harri handiekin zein txikiekin lehiatzen den harri-jasotzaile bakarra da.

-Erakustaldiekin hasi zinen txikitan.

-Lau urterekin hamabost kilo altxa nituen. Gero bost urterekin marka bat egin nahi nuen. Hogeita bost kilo jaso nahi nituen. Gurasoek jaialdi bat antolatu zuten, harri-jasotzaile pare batekin, baina medikuak kexatu eta ez ziguten utzi. Izetarekin, Hodeiekin, kointziditzeko zortea izan dut. Bi gaztetxo ginen eta sei-zazpi urte genituenetik leku askotatik deitzen ziguten. Udan erakustaldi pila bat egiten genituen.

-Lehenengo errekorra zenbat urterekin lortu zenuen?

-Lehenengo errekorra hamabi urterekin egin nuen. Ehun kilo jaso nituen. Hamahiru urterekin 150 kilora pasa nin-tzen. Hamalau urterekin 175 egiteko zortea izan nuen. Hamabostekin 200 kilo altxa nituen. Gero hamaseirekin 225 jaso nituen. Hori muga bat edo izan zen. Erabaki behar zen harri txikiekin lehia-tzen hasi, edo harri handiekin. Urtebete pixka bat ero-moduan egon ginen eta hemezortzi urterekin 218 kiloko errektangularra esku bakarrarekin jaso nuen. Uste dut 18 urterekin parte hartu nuela lehenengo harri handien txapelketan.

-Orain handietan zein txikietan ibiltzen zara.

-Lehengo urtean hamar txapelketetan parte hartu nuen. 175 kiloko Gorostidi Harriarekin hasi nintzen, Adunan. Gero harri txikietara jaitsi behar izan genuen, 100, 113 eta bi 125 kilokoak. Horrelako harriekin bi txapelketa izan ditut eta gero harri handienetara pasa gara, 125ekoa, 150ekoa, 175ekoa eta 200 kilokoa. Bi mailatan parte hartzen dudan harri-jasotzaile bakarra naiz. Inor ez da aritu. Joseba Ostolatza urte batzuetan ibili da eta ni orain arte nahiko ondo lehiatzeko zortea eduki dut eta ezustekoren bat ez badut jarraitzeko intentzioa dut, gozatu egiten dudalako.

-Harria erraz altxatzen duzu.

-Nire leherkortasuna da. Hala ere, asko jaisten ari dela nabaritzen hasi naiz, nahikoa ez entrena-tzean. Beti izan naiz oso bizia eta nire ezaugarrietako bat dudan leherkortasuna dela uste dut. Horrekin asko defenda-tzen naiz. Harri handien txapelketa batean 200 kiloko harriarekin ez dugu ezberdintasun handirik ateratzen. Baina 175eko zilindro batekin, hiru minutuko txanda batean minutu bat kentzen diot igual bigarrenari. Leherkortasun asko behar duzun harriarekin, lan asko egiten duzu.

-Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

-Txapelketan erabili behar dugun harriaren arabera, harri horrekin koordinatzen saiatzen gara. Tokatzen zaizkigun erakustaldien arabera, hauetan ere txapelketetako harriak sartzen saiatzen gara. Ez da kirol fisikoa, fisikoa da baina beste aldetik oso bortitza. Larunbatean ezin duzu entrenamendu handia egin igandean erakustaldia baduzu. Errekuperatzeko denbora behar da. Erakustaldiak txapelketekin koordinatzen saiatzen gara. Hortik aurrera duzun erraztasunaren arabera. Goi-denboraldian izan naizenean astean bi harri, bi gimnasio eta bi mendi egiten aritu naiz. Horrek hiruzpalau ordu eskatzen dizkizu egunero eta gaur egungo bizimoduarekin ez dugu denborarik. Orain erritmoa pixka bat jaitsi dut. Pixka bat lehiatzen ari gara, lehen baino gehiago disfrutatuz. Lehen dena irabazi-irabazi zen eta irabazten ez bagenuen mila buelta ematen genizkion, eta gehiago sufritzen genuen. Orain beste modu batera ikusten ditut gauzak. Kirola baina garrantzitsuagoak diren gauzak ditudala ikusten dut, ze kirol honetatik nahi edo ez, ezin duzu bizi. Tiroi bat ematen badizu edo baja har-tzen baduzu, eguneroko bizitzako martxan agian hilabete eta erdi egon behar duzu bajan. Orduan maila pixka bat jaitsi, hor dauzkagun lagunekin ondo pasa, erakustaldiak egin… Txapelketa garaia datorrenean zerbait gehiago prestatzen saiatzen gara, baina ez da erraza.

-Elikadura zaintzen duzu?

-Eraikuntzan lan egiten dut eta segun non tokatzen zaidan, menu bat jaten dugu, eta listo. Gauean pixka bat garbiago jaten saiatzen zara, arroz pixka bat, haragi garbia edo arraina. Harri-jasotzean ez dago beste kiroletan bezainbeste ikertua. Pertsona bati modu batera, beste bati beste batera doakion gauza da, eta azkenean ezberdina da.

-Anekdotarik izango duzu.

-Duela gutxi Amezketan gertatu zitzaidana. Hamabost-hamasei urterekin lau aldiz harria jaso eta aurten txapelaren bila joan ginen ziur, hamar edo hamaika jasoaldi, egindako entrenamenduen arabera. Joan eta ezin jaso ezta behin ere. Telleriak esaten zidan ‘Aimar eman jasoaldi bat, bakarra’. Ez dakit zer pasa zitzaidan, zurian geratu nintzen eta hurrengo egunean buelta nahikotxo eman behar izan nizkion.

-Ez zen eguna. Ikasteko balioko zizun.

-Jasoaldi bat ere ez emateko? Bat? Ez? Oso ziur joateagatik edo, ez dakit. Denetik ikasten da. Gutxi gora-behera ondorioa ateratzen duzu.

-Batzuetan ona da besteek ere irabaztea.

-Bai. Plazara joaten diren batzuk esaten dute ‘ba, Aimar badator…’. Bai, baina Aimar pertsona ere bada. Gero dena ondo ateratzen zaizunean hoberena zara eta pixka bat huts egiten duzunean, epelak eta bi esaten dituzte. Inork ez daki gau txar bat pasa duzun, baina sekulakoak esaten dituzte.

Déjanos tu opinión

Zurriola correduria de seguros
CDI Informatika
Tolosa motor
Dentieder hortz klinika
Gruas y Transportes Urbieta