Irauli, iraultza arrosaren taldea
Bi urtetan eskubaloiko Euskal Ligan jokatzea eta harrobia osatzea lortu du Donostiako Irauli taldeak
Jokalari, entrenatzaile, epaile, koordinatzaile… Neskek neskentzat egindako taldea sortu dute Irauli Eskubaloi taldeko jokalariek eta kirol talde bateko lan guztiak hartu dituzte bere gain. Senior mailako taldearekin bakarrik hasi baziren ere, duela bi urte, segituan nabarmendu ziren eta lehenengo urtean Euskal Ligara igotzea lortu zuten. «Lehenengo urtean igotzea oso baloratua izan zen eskubaloi munduan», argitzen du Ane Sarasola taldeko jokalariak.

Eskubaloi jokalari eta entrenatzaile
Senior taldeko jokalariak dira neska gazteen entrenatzaileak. «Lehenengo urtetik hasi ginen gure jokalariek entrenatzaile titulua ateratzen. Ez beharrezkoa delako, baizik maila hobea izango dutelako umeei erakusteko. Dagoeneko zazpi pertsona gaude tituluarekin eta horrek etorkizuna pixka bat bermatzen digu», dio.
Senior taldeko jokalari gehienak Bera Berako bigarren taldeko jokalari izandakoak dira. Duela bi urte Espainako Ligako bigarren mailara igotzea lortu ostean, ez zutela maila horretan jokatuko jakinarazi zien taldeak eta hura uztea erabaki zuten. «Batzuk Zarautzera joan ziren, beste batzuk Egiara, eta zortzi-hamar bat geratu ginen talderik gabe. Ez genuen eskubaloia utzi nahi eta talde bat sortzea erabaki genuen», dio Ane Sarasolak.

Astean hiru aldiz entrenatzen du taldeak. «Gero norberak gure kabuz gimnasioan lan egiten dugu», onartzen du Sarasolak. Gainera, aurten Iñaki izan dute prestatzaile fisiko. «Lesio asko genituela ikusi zuen eta laguna dugunez, prestaketa fisikoan laguntzea erabaki zuen. Asko hobetu dugu eta aurre-denboraldia lehenago hastea egin digu».
Reyes Karrere

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
|
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |










