Sarah Ugarte (Mendi-lasterkaria): «Hasieran, lasterketetan helmugara iristea zen helburua»

Sarah Ugarte Mendi-lasterkaria

Sarah Ugarte (Mendi-lasterkaria): «Hasieran, lasterketetan helmugara iristea zen helburua»

Sarah Ugarte irabazle

Lasterketatan urte gutxi badaramatza ere, ibilbide oparoa osatu du Sarah Ugartek

Amaia Núñez Yarza

Bizitza osoa mendiaren eta futbolaren artean tartekatu ondoren, duela hiru urte areto futbolean zuen ibilbidea alde batera utzi eta mendiko lasterketetan zuzenean murgildu zen Sarah Ugarte. Txikitatik izan duen beste afizioan ibilbide oparoa egiten ari da. Aurten parte hartu dituen lasterketetako gehienak irabazi ditu. Mendi-lasterkeetan aritzen da gehienbat, baina Txakur-krosean ere hasi da braco de Weimar arrazako txakurrarekin.

Kirol ibilbide ia osoa futbolari lotuta egin duzu.

Orain dela hiru urtera arte, areto futbolean jokatzen egon naiz, hamabi urte nituenetik. Bizitza guztia. UPVn hasi nintzen, gero Altzakoak, txikia nintzenean. Segidan Tolosako Hegoalden, lehenengo mailan, altuenean. Helgoaldetik Orbinara joan nintzen, Iruñeakoa. Hiru urtez egon nintzen. Joan nintzenean bigarren mailan geunden eta nire lehen igoera fasea izan zen. Gero urtebete utzi egin nuen eta futbola utzi egingo nuela pentsatzen nuenean, berriro itzuli nintzen. Ordiziara joan nintzen, hiru urtez egon nintzen eta mailaz igo ginen ere. Nire bigarren igoera fasea.

Zergatik erabaki zenuen utzi eta mendian hastea?

Txikitatik ibiltzen nintzen mendian, baina hainbeste denbora eskaintzen nion futbolari, azkenean astelehen, astearte eta ostegunetan entrenamenduak eta asteburua partiduarentzat da. Igandetan beti joaten nintzen mendira, beti izan da nire afizio handiena, baina futbola ere hor zegoen. Futbola kirol oso polita da taldekakoa delako. Mendian lehian ari zarenean zu bakarrik zaude.

Orain mendi-lasterketetan bakarrik aritzen zara.

Areto futbolean iristen da momentu bat, bizitzako une bat, utzi egin nahi duzula saturatu egiten zarelako. Astean entrenamendu asko dira eta asteburu guztiak horretarako. 25 urterekin jendeak esaten zidan ‘utzi futbola eta hasi mendian’, ez nuen nahi. 30 urterekin da bizitzak ‘orain da momentua’ esango balizu bezala. Lehen helmugara iristea zen helburua. Gero pixkanaka korrika hasten zara, hobetzen eta ilusioak betetzen. Duela hiru urte utzi nuen eta askotan faltan botatzen dut.




Zein helburu zenituen mendian?

Inoiz ez ditut entrenamendu oso metodikoak izan. Azken urtean pixka bat gehiago. Nire helburua Zegaman korri egitea zen, adibidez. Orduan nik egin ezin nituen lasterketak egitea, maratoia edo maratoi erdia, adibidez. Lehenengo maratoi erdia Behobia izan zen, orain dela bi urte eta hamalaugarren geratu nintzen, ordu bete eta hogeita lau. Nire lehen maratoia T3T izan zen, Tolosan, duela bi urte. Uzturren erori eta klabikulan luxazioa egin nuen. Min handiarekin baina amaitzea lortu nuen, bukatzeko nuen ilusio eta motibazioarengatik. Duela bi aste berriro parte hartu nuen azkenean.

Futbolak baldintza fisikoetan lagunduko zizun

Bai, fisikoki areto futbola oso gogorra da. Denbora guztian gora eta behera zaude, erritmo maximoan, esprintean.

Sarah Ugarte txakurrarekinJanariak zaintzen dituzu?

Lehen ez nintzen zaintzen baina oso garrantzitsua da. Grasarik ez, lagundu beharrean kendu egiten duelako, motxila batekin korri egingo bazenu bezala. Aurreko astean karbono-hidratoak, ur asko, fruitu lehorrak, ahuakatea, arrautza egosia, atuna, izokina… pixka bat zaintzea. Nik ezin dut jateari utzi, gorputzak energia behar du.

Zein taktika erabiltzen dituzue hainbeste kilometro osatzeko?

Faktore asko daude. Zegaman kontuan izan behar genuen bero asko egin behar zuela. Ura eraman behar da, bestela kalanbreak datoz, muskulu-bikiak igotzen zaizkizu… Nik bost litro edan nituen. Jakin behar duzu zer doakizun hobeto, igotzea, jaistea edo zelaian ibiltzea. Profila ikasi behar duzu eta bidea ezagutzea oso garrantzitsua da. Denbora tarteak eta norantza joan behar duzun jakiteko. Jaisten gaizki bazoaz, agian igoeran irabazi behar duzu denbora, eta alderantziz.




Emaitza onak lortzen ari zara.

Aurten bost lasterketa egin ditut eta bostak irabazi ditut Mendi Erronka eta Zegamakoa ezik. Urretxuko UZTrail, Garin auzokoa, Berastegiko Negu Trail… Leitzan Euskal Herriko Mendi Erronka ultra trail bat da, 66 kilometrokoa. Aurten emakumeen parte hartzea bultzatzeko bikoteka egiteko aukera jarri zuten, bietako bat gutxienez neska izanda, bakoitzak ibilbide erdia eginez. Lagun batek, Ana Rodriguezek, eta biok parte hartu genuen. Nik lehenengo 33 kilometroak egin nituen. Lehen postuan geratu ginen, neskez osatutako bikote bakarra izan ginelako, gainontzekoak mistoak ziren.

Beste kirolik egiten duzu?

Aurten txakur-krosean ere parte hartu dut. Anoetako Collie Cross Team taldearekin, baina datorren urterako beste talde batek fitxatu nau. Espainiako Txapelketan parte hartu nahi dugu, baita Europakoan. Horretarako federatua egon behar zara klub bezala. Braco de weimar txakurra dut, korri egiteko arrazarik hoberena. Orain arte parte hartu dugun lasterketa guztietan irabazi dugu.

Hasiberriei zer esango zenieke?

Pixkanaka hasteko. Oso garrantzitsua da. Jendeak esaten du ’21 kilometroko lasterketa, egingo dut’, baina gero lesioak datoz. Lehenengo hilabetean ondo zaude, baina gero hasten dira. Modan dagoenez, modako zapatilak eta txalekoa erosi eta ematen du eginda dagoela.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta