Jose Luis Egaña: «Bitxia da belaunaldien artean familietan gordetzen den antza»

Jose Luis Egana Txantxangorri Aldizkaria

Jose Luis Egaña: «Bitxia da belaunaldien artean familietan gordetzen den antza»

Argazkilaritzatik garai bateko argazki zaharrak biltzera igaro da Jose Luis Egaña

Agurtzane Núñez Yarza

Historia eta argazkilaritza beti izan ditu gustuko Jose Luis Egañak. «Bizi naizen tokiaren historia ezagutzea gustatzen zait», laburbiltzen du berak. Duela hiru urte, afizio horri ikuspegi berri bat eman zion, Berastegiko argazki zaharrak bilduz, eta jada hiru erakusketa antolatu ditu.

«Behin, kafea hartzen nengoela bertako zerbitzariak bere argazki zaharren albuma erakutsi zidan. ‘Ze argazki politak’, pentsatu nuen, eta ea batzuk eskaneatzen utziko zizkidan eskatu nion», gogoratzen du Egañak. Horiek izan ziren herriko bere lehenengo argazki zaharrak, nahiz eta argazkilaritza betidanik gustatu izan zaion. «Ehiza argazkilaritza egiten nuen, hegaztien argazki asko ditut», dio.

Herritarrek kuriositatez ikusten dute Jose Luis Egañaren erakusketaBaina ordutik aurrera, herriko argazki zaharrak biltzeari ekin zion, «pentsatu nuen polita izango zela erakusketa bat osatzea. Bizilagunei galdetzen hasi nintzen eta askok utzi zizkidaten». Argazki bakoitza eskaneatu, «jabeari ahalik eta lasterren bueltatzea gustatzen zait, etxetik bueltaka ibili ez daitezen», eta originala ordenagailuz zuzentzen du, «tolestuta egotearen markak eta horrelakoak badituzte», azaltzen du Jose Luis Egañak.

Berastegi herri txikia da, mila biztanleren inguruan dago, baina lehenengo urtean jada bostehun irudi inguruko bilduma osatu zuen. «Erakusketarako berrehun bat aukeratu nituen, hoberen zeudenak». Garai guztietako argazkiak lortu ditu, batzuk ehun urtetik gorakoak. «Lehenengo erakusketa hartarako argazkilaritzaren hastapenetatik 1980 urtera arte jarri nuen muga», dio.

Argazki zaharrenak 1880 ingurukoak dira, «Policarpo Eloseguiren lauzpabost argazki dira. Gero, badago herriko plazan ateratako beste argazki bat, 1890 ingurukoa, baina ez dakit norena den ere. Jende asko agertzen da, eta lortu dut jakitea zergatik atera zuten: dirudienez gehienak herritarrak dira, baina lan egitera kanpora joandakoak, bai beste herrietara edo Ameriketara, eta udalak omenaldia egin zien jaien ondoren, abuztuaren 25a aldera».

Urtez urte hainbat argazki lortzen joan ondoren, hiru urtetan osatu du erakusketa, arrakasta nabarmena izan duena. «Herritarrek beren gurasoak, aiton-amonak, beste herritarrak, ikusten dituzte eta oroitzapenak elkarbanatzen dituzte», gogoratzen du. Hori bai, argazki guztiak txuri-beltzean jartzen ditu, baita koloretakoak ere, «antigoaleko puntu bat ematen dio».

Batez ere Berastegiko bertako argazkiak ditu, «Eldua auzoko gutxi lortu ditut, ez dudalako bertako ezagun asko», dio. Hori bai, datozen urteetarako tartea 2000 urtera zabaltzea pentsatzen ari da, zaila delako argazki zahar gehiago lortzea, baita egungo biztanleak beren burua ikus dezaten ere.

Eibartarra jaiotzez, deigarria iruditzen zaio herrian belaunaldiz belaunaldi senideek gordetzen duten antza. «Argazkiak ikusten nituenean, bertako pertsonak zeintzuk ziren jakin gabe pentsatzen nuen ‘halako etxekoen aurpegi bera dute’, eta asmatu egiten nuen. Nahiz eta argazkien artean berrogeita hamar urtetik gora pasa, familiakoek antza asko dute», dio.

Déjanos tu opinión

Zurriola correduria de seguros
CDI Informatika
Tolosa motor
Dentieder hortz klinika
Gruas y Transportes Urbieta